Datorren urterako prest egotea agindu du Capcom-ek: PC-an zein kontsoletan argitaratuko dute. Jokalari hasiberrientzako irisgarritasun aukerak zehaztu dira.

Capcomek orain aste gutxi batzuk aurkeztu zuen bere borroka jokorik ezagunenaren seigarren atala: Street Fighter 6n lanean dabiltza dagoeneko, eta azken State of Play aurkezpena jokoa sakontasunean erakusteko aprobetxatu dute. Hori horrela, bertan ikusiko ditugun borrokalariak, mugimenduak nahiz joko mota benetan interesgarriak jakitera eman dituzte japoniarrek.

Pertsonaien aldetik, dagoeneko baieztatuta zeuden Ryu eta Luke borrokalariei Chun Li beteranoa zein Jamie berria gehituko zaizkie. Diseinu berriak eratu dituzte pertsonaia bakoitzarentzat, zaleek horrenbeste eskatzen zuten jarraipena lortuta. Hala eta guztiz ere, filtrazioen bidez gainerako borrokalarien zerrenda osoa ezagutu ahal izan dugu. Adi, ezustekorik hartu nahi ez baduzu datorren ez da zuretzako-eta: Ken, Zangief, Dhalsim, Blanka, Cammy, Yuri, Dhalsim, Dee Jay, Honda, Ed, Guile, Rashid eta Akuma ezagunekin batera AKI, JP, Kimberly, Marisa, Mimi eta Lili hasiberriak egongo dira. Zerrenda luzea, baina ikusteko dago ea denak hasiera batetik egongo diren edo eduki gehigarriak izango diren.

Trailerrean borrokak ikusteko aukera ere eduki dugu. Atal estetikoa da esanguratsuena: hasiera batean itzalitako kolore grisak nagusi direla badirudi ere, borrokalarien eraso bereziekin pantaila kolorez beteko da; era batean, SF4-ko tinta japoniarraren erasoen antzeko kutsua dauka. Grafiko ikusgarriekin, borroka ikaragarriak bizitzeko aukera edukiko dugu.

Drive mekanikek emango diote gatza eta piperra dueluei. Erasotzeko zein defendatzeko aukera desberdinak eskainiko dituen barra berezia izango da. Generoaren hasiberrientzat laguntzak eskainiko dituztela ere adierazi dute arduradunek. “Aginte modernoak” deitutako aukera aktibatuta, eraso bereziak botoi bakarrarekin egin ahalko dituzte jokalariek. R2 sakatuta mantenduta, konboak egiteko aukera ere edukiko dute. Horrela irakurrita, Tekken 7-ren laguntzen antzekoa izango dela esan daiteke.

Hiru joko mota nagusi aipatu ditu Capcomek. Lehenik eta behin, Fighting Ground daukagu: honek ohiko borrokak bilduko ditu. Arkade partidak, tokiko borrokak zein sareko partidak ikusiko ditugu hemen. Bigarrenik, World Tour berezia dago: jokalari bakarrarentzako kanpaina izango da hau. Esploratzeko mundu irekia izango dugu bertan, eta pertsonaiekin hitz egiten, objektuak batzen nahiz borroketan parte hartzen ibiliko gara. Azkenik, Battle Hub dugu: jokalariei komunikatzeko balioko die, antza.

Argitaratze datarik gabe, Street Fighter 6 datorren urterako prest edukitzea aurreikusten dute japoniarrek. Plataformak bai ezagutzen ditugu, ordea: PC, PlayStation 5, PlayStation 4 eta Xbox Series kontsoletara helduko da —bai, Xbox One kanpoan utzi dute oraingoan—.