Zer esan joko honi buruz? Nork ez du jokatu inoiz Street Fighter II-ra? Ni bezala paga osoa Street Fighter II arcade makina batean botatzen zuen jende andana dago. Bere momentuan iraultza izan zen joko hau, 1vs1 jokoetan estandarra finkatu zuena, freskotasuna zekarren eta denok txundituta utzi gintuen.

 

 

Street Fighter II seguruenik 1vs1 borroka joko famatuena izango da. Capcom-ek argitaratu zuen 1991. urtean. Baina joko honen historia lehenago hasi zen. 1987. urtean Street Fighter, lehen zatia, atera zuten. Joko guztiz txarra ez izan arren, ez zuen arrakasta gehiegi izan. Ryu zen protagonista (Ken aukeratu zitekeen ere) eta hainbat etsaien aurka borrokatu eta gero Sagat zen azken etsai nagusia. Jokoak kontrola nahiko kaskarra zuen eta zailtasun handikoa zen. Esan bezala, jokoak ez eduki arren ezer berezirik, itxuraz nahikoa izan zen Capcom-ek bigarren zati bat ateratzeko.

 


                                   Street Fighter lehen zatia.


 

Hau horrela, 1989. urtean Capcom-ek jada bazuen joko bat labetik ateratzeko prest. “Bat auzoaren aurka” motako beat'em up bat zen, eta Street Fighter 89' izena jartzekotan zeuden, lehen zatiaren jarraipen bezala. Hala ere, joku berri honek ez zuen aurrekoarekiko berdintasunik, ez joko motan ezta istorioan ere, beraz izena gordetzea pentsatu zuten eta Final Fight izenarekin bataiatu zuten. Hau beste oinarrizko klasikoa bihurtu zen, arrakasta izugarria izan zuen baina Capcom-ek Street Fighter-en bigarren zatia izango zena merezi zuen bezala egitea pentsatu zuen.

 

 

Bi urte pasa behar izan ziren Final Fight atera zutenetik Street Fighter II amaitutzat eman eta argitaratu zuten arte. 1991. urtean Street Fighter II argiratatu zuten, hau bai, aurrekoaren istorioa jarraiki eta 1vs1 motakoa. Lehen aldiz 8 pertsonaia ezberdin aukeratu genitzazkeen, gainera bakoitzak bere mugimenduak zituen, bere gauza on eta txarrekin. Mugimendu normalez gain pertsonaia bakoitzak mugimendu bereziak zituen, hauek palanka eta botoi konbinazio ezberdinak eginaz egiten zirelarik. Horrela, Ryu-k adibidez “Hadouken” edo “Shoryuken”-ak egin zitzakeen.



 

 

Aukeratzeko zortzi pertsonaiez gain 4 etsai nagusi zeuden, hauek amaieran garaitu behar genituen:

 

          
Balrog: Amerikar boxeatzailea eta Shadowlaw gaizkile taldeko kidea. Erraza da menperatzeko baina bere ukabilek harrapatzen bazaituzte, kontuz, bizitza asko kentzen baitute.



        
Vega: espainiar toreatzaile metrosexuala. Bere aurpegia tapatzen du, agian politegia delakoan? XD. Goitik erasotzen du askotan, eta bera goitik erasotzea oso zaila da.



        
Sagat: Lehen Street Fighter-en etsai nagusia eta Shadowlaw-ko kide garrantzitsua. Kontuz bere "Tiger Uppercut"-arekin, harrapatuz gero bizitza asko kentzen du.



   
M.Bison: Shadowlaw erakundeko buruzagi eta etsai nagusia. Egon prest defendatzen egoteko, argi ez bazabiltza segituan menperatuko zaitu.

 

Azken buruzagien izenekin arazoak izan zituzten. Izatez hauek ez baitira benetako izenak. Japonian izenak hurrengoak ziren:

 

 

Baina Myke Tyson boxeatzailearen izenaren antza zuenez, eta legalki arazorik ez izateko, izenak aldatu zituzten, guk ezagutu genituen bezala utziz.

 

Arcade makinaz aparte kontsoletan ere atera zuten jokoa. Nabarmentzekoa Super Nintendo-ko bertsioa, kalitate oso altukoa eta kontsola ondo saltzen lagundu zuena. Hortaz aparte, MegaDrive, TurboGrafx, PSX, PC etab.-etan atera zuten.

 

Bertsioei dagokionez ere, jokoa infiniturarte esplotatu zuten, saltzen zen seinale noski. Horrela atera ziren Street Fighter II: The World Warrior, Street Fighter II: Hyper Fighting/Championship Edition, Street Fighter II Turbo, Street Fighter Alpha/Zero, Super Street Fighter II Turbo...

 




Championship Edition-a beste iraultza bat izan zen, lehen aldiz, etsai nagusiak aukeratu zitezkeen jokatzeko eta jokoaren abiadura handitu zuten. Eta Super Street Fighter II-an beste 4 pertsonaia berri sartu zituzten: Camy, T.Hawk, Feilong eta Dee Jay.

 

Orain arte esandako denak bertsio ofizialak dira, baina bootleg pirata asko atera ziren. Hauetariko asko guregana heldu ziren eta ezagunak egingo zaizkigu, adibidez Ryu-k Shoryuken batez pantaila osoa Hadouken-ez beteta uzten zuenean. Bootleg gehienak Txina edo Taiwan-en egindakoak ziren, eta partida pare bat jokatzeko balio bazuten ere, ez zuten zerikusirik orijinalaren kalitatearekin. Hala ere probatzeko gogoa baduzue MAME emulatzailearen bidez probatu ditzakezue.

 

 

Ezin dut artikulua amaitu jokoaren soinu banda gogoratu gabe. Hau, Yoko Shinomura konpositoreak egin zuen, eta jokoaren beste puntu garrantzitsu bat da. Doinu freskoak eta ezin hobeto eginak pertsonaia bakoitzarentzat, oraindik buruan bueltaka jarraitzen duten horietakoak, taaaaa-ta-ta-ta-ta-taaaaa......

 

 


Street Fighter II bertsio denak oso onak izan arren, eta inork ez badu ere horrela pentsatzen, niretzat onena dudarik gabe joko originala da: Street Fighter II: The World Warrior. Zein da zurea? Eta pertsonaia gustokoena? Nahi duzuenean botako dugu partidatxo bat!!