Dotemu, Lizardcube eta Guard Crush Games garatzaileek Segaren lekukoa hartu dute 16-biten aroko kontsoletako beat ‘em up famatuena berpizteko. Streets of Rage 4k Mega Driveko ukabilkadak eta ostikoak belaunaldi berri bati ekartzeko gogoz dator.
80ko eta 90eko hamarkadetan jaiotako bideojokozaleek nostalgia handiz gogoratuko dituzte arkade jokoen areto ilunetan nagusi izaten ziren beat ‘em upak. Cadillacs and Dinosaurs, Ninja Dortokak, Final Fight eta beste hainbatek dozenaka arerioren aurka kolpeka aritzera eramaten ziguten.
Beat ‘em up generoak kontsoletan ere hainbat eredu izan zituen. 8-biteko kontsoletan Kunio-Kunen bideojokoak (mendebaldean Renegade deitua) arrakasta handia lortu zuten. Hurrengo belaunaldian Segaren eskutik Golden Axe bezalako altxorrak ikusi genituen. Fantasiazko beat ‘em upa ez zen izan, baina, Segak genero horrekin egindako saiakera bakarra: 1990. urtean argitaratutako Streets of Ragek generoaren ordezkari bilakatzea lortu zuen etxeetako egongeletan.
Hiru hamarkada igarota generoa guztiz berriztatu da: gaur egun hack and slashek beraien lekua hartu dutela esan daiteke Devil May Cry, Bayonetta eta The Wonderful 101 bezalako jokoekin. Halere, han-hemenka beat ‘em up klasikoen jostagarritasuna hartu duten lanak ikusi ahal izan dira: Castle Crashers adibidez.
Atzean utzitako aro xarmagarri hori gogora ekarri nahian, Segak lan hori betetzeko gai direla erakutsi duten adituen proposamena jaso zuen. DotEmu banatzaileak eta Lizardcube garatzaileak 2017an argitaratutako Wonder Boy: The Dragon’s Trapen arrakasta ikusita, Segaren beste klasiko batekin lan egiteko gogoa zuten. Streets of Ragen jarraipena egiteko baimena eskatu zieten japoniarrei; Guard Crush Games garatzailearekin batu ondoren, une horretan jaio zen beat ‘em up klasikoaren laugarren atala.
Haserrearen kaleak
Lehen jokotik 30 urte pasa diren arren, SoR 4k orduan ezarritako oinarriak adi jarraitzen ditu. Berritasun gutxi dituen jokoa da, batez ere pertsonaia klasikoekin jokatzen badugu. Axel Stone eta Blaze Fielding bueltan dira Mega Driveko trilogian ikusitako mugimendu sortarekin. Geldoak baina indartsuak, bi borrokalariek etengabeko arerioei aurre egin beharko diete hiritik aurrera egin eta zakarrontzietako sagarrak edo oilaskoak jaten dituzten bitartean.
Ez dago kontraerasoak edo saihesteak egiteko mugimendurik; etsaien erasotzeko era ikusita kolpeak patxadaz saihestu beharko ditugu, aldenduta edo salto eginda. Ezinbestekoa izango da, erasoen aurrean zuhurtasunez jokatzen ez badugu bizi barra hustea erraza baita bizitza berreskuratzeko objektuak barra-barra aurkitu arren.
Etsaiak akatzeko kolpe normalez gain askotariko eraso bereziak erabiltzeko aukera dugu: gure pertsonaiaren bizitza agortzen duten defentsarako eraso bezeria, eta etsaiak akatzeko bi eraso ditu borrokalari bakoitzak. Bizitza kentzen dute, baina erabili eta segidan etsaiei kolpe normalekin erasota bizi barra berriz betetzea lortuko dugu. Berritasun modura, kokalekuetan ezkutatuta dauden izarrak batuta hainbat etsai batera akatzeko kolpe suntsigarriak erabili ahalko ditugu.
Oinarrizko jostagarritasunaren aldaketarik nabarmenena etsaiak airean jotzeko ahalmena da. Arerioek jokalaria dagoen guneko “hormetan” errebotatu egingo dute kolpe indartsuekin, eta horiek hegan eginez bueltan datozela jotzen jarraitu ahalko dugu, konbo luzeagoak lortuta kontagailuan.
Berritasun adierazgarrienak pertsonaia berrien aldetik datoz. Cherry Hunter gazteak korrika egin dezake, etsaien erasoengandik ihes egiteko erraztasunak edukita. Bere erasoak ahulak baina azkarrak dira, konbo luzeak egiteko aproposak. Floyd Iraia guztiz kontrakoa da: erraldoia eta astuna, bere kolpe indartsuek pantailaren zati handi bat hartuko dute. Bere ahalmen nabarmenena bi etsai batera eustearena da, kalte izugarriak eraginda.
Azkenik, jatorrizko SoR-en agertutako protagonistetako bat dugu, Adam Hunter. Bigarren eta hirugarren ataletan ahaztuta geratutako borrokalaria goitik behera aldatzeko aprobetxatu dute garatzaileek. Adamek dash bat erabili ahal du: azkar mugitzeko baliabidea soilik izan gabe, arerioen atzean jartzeko balio du.
Klasikoen alde onak zein txarrak bereganatuz
Borrokalarien arteko desberdintasunak urriak, baina bakoitza nabarmentzeko aproposak dira. Halere, esan bezala 90eko hamarkadako beat ‘em up horiengatik asko aldendu gabe sortutako jokoa da SoR 4. Bere indargunea eta aldi berean ahulgunea da hori: orain 30 urteko estandarren arabera joko bikaina da Segarena. Bilatzen duzuna joko nostalgiko baina berria bada, laugarren Streets of Rage aparta da. Baina generoaren oinarrietatik asko urrundu gabe bere atal makalak ere bereganatzen ditu. Oso bideojoko errepikakorra da, egiteko askorik ez daukana.
Ildo berean, iraupenak bere alde jokatzen du, baina prezioa ikusita batek baino gehiago zalantzak izango ditu jokoa erosterako orduan. Hamabi kokalekurekin, ordu gutxi batzutan bukatzekoa da SoR 4. Berriz jokatzera animatzeko askotariko joko motak ditu, baina azken finean abentura nagusian egindakoa errepikatzen egongo zara horietan. Askotariko sekretuak desblokeatu ahal dira, iraupena pixkat luzatuz; gauza aipagarririk egon gabe, jokalari nagusienei irribarre bat edo beste eragiteko balioko dute.
Atalik onena bere multiplayerra da. Sarean beste jokalari batekin jokatzeko aukera ematen du, baina tokiko jokoak lau pertsonentzako partidak jokatzea ahalbidetzen du.
Grand Upper!
Bukatzeko, Lizardcubek eta Guard Crush Gamesek lortutako ikus-entzunezko lan bikaina aipatu beharra dago. Eskuz marraztutako sprite eta kokalekuak zoragarriak dira; kolorez betetako erasoek eta efektu bereziek bideojoko liluragarria eratzeko balio dute. Bisitatuko ditugun kokalekuak ohikoak zein gogoangarriak dira, bata bestearengandik guztiz desberdinak: hiriko kalezuloak, trena, estoldak…
Musikaren arduradun nagusia Olivier Deriviere izan da, lan xume eta egokia eginik. Halere, Streets of Ragen zaleek benetan eskertuko dute Yuzo Koshiroren eskua: jatorrizko jokoen musikagileak nostalgiaz betetako lau abesti konposatu ditu jokorako. Soinu banda retroa ere aktibatu dezakegu jokatzen dugun bitartean Koshiroren abesti ezagunak entzuteko.
Streets of Rage 4k beste garai bateko jokoen magia berpiztea lortu du, onerako eta txarrerako. Beat ‘em up dibertigarri batera jokatzeko gogoa baduzu Segaren lanak ez dizu hutsik egingo. Baina generoaren klasikoen modura, joko laburra eta errepikakorra da. Dena dela, japoniarrek halako jokoa berpizteko aukera ematea txalotzekoa da: Lizardcubek eta Guard Crush Gamesek lan aparta egin eta SoR-en jarraipen duina garatu dute.
Iruzkinak