Playdigious arduratuko da Dotemu-ren beat ‘em up bikainaren port-az: maiatzaren 24an estreinatuko da.

Nostalgiaz betetako ukabilkadak ekarri zituen Streets of Rage frankizia mitikoaren laugarren atalak orain ia bi urte. Laster are plataforma gehiagotan gozatzeko aukera egongo dela iragarri du Dotemu estudioak; izan ere, Android nahiz iOS gailu mugikorretan kaleratuko dute beat ‘em up abentura.

Nola ez, bertsio berri horiek ekarriko duten aldaketarik nabarmenena ukipen pantailentzako interfaze eraberritua izango da. Modu horretara mugikorretan arazorik gabe jokatzea ahalbidetuko dute; dena den, aginte arruntentzako euskarria ere izango du SoR4-k.

Hodei bidez gordetako partidak, lorpenak eta gehiago agindu dituzte baita. Aipatutako guztia jatorrizko jokoaren eduki guztiekin etorriko da; multijokalarirako, ordea, pixkat gehiago itxaron beharko da: doako eguneraketa batekin kaleratuko dute jokoa mugikorretara iritsi ondoren.

Dotemu, Lizardcube eta Guard Crush Games garatzaileen titulua mugikorretara eramateko lana Playdigious estudioak hartuko du. Dead Cells eta Northgard bezalako jokoen mugikorretarako portez arduratu izan da, emaitza onak lortuta.

Argitaratze data zehaztu dute gainera: maiatzaren 24an helduko da jokoa Androidera eta iOSera.

Game Erauntsian izugarri gustatu zitzaigun beat ‘em up saga klasikoaren berpizkundea. Hauxe genioen 2020an berari buruz:

Streets of Rage 4k beste garai bateko jokoen magia berpiztea lortu du, onerako eta txarrerako. Beat ‘em up dibertigarri batera jokatzeko gogoa baduzu Segaren lanak ez dizu hutsik egingo. Baina generoaren klasikoen modura, joko laburra eta errepikakorra da. Dena dela, japoniarrek halako jokoa berpizteko aukera ematea txalotzekoa da: Lizardcubek eta Guard Crush Gamesek lan aparta egin eta SoR-en jarraipen duina garatu dute.

Gure webgunean aurki dezakezue analisi osoa.