PC eta Xbox Series gailuetan probatu ahalko da early access bertsioa. Unknown Worlds estudioak arazo larriak eduki ditu Krafton argitaletxearekin.
Unknown Worlds Entertainment garatzaileak Subnautica 2 maiatzaren 14an aurretiazko sarbidean estreinatuko dela jakinarazi du.
1.0 bertsiorako bidea luzea izango omen da: egileek azaldu duenez, early access fasearen epea zehaztea ez da erraza, baina bi edo hiru urte irautea aurreikusten dute. Oraingoz, PCan eta Xbox Seriesetan jokatu ahalko da sarbide goiztiarrean.
Maiatzean helduko den bertsioak “hainbat bioma, narratiba eta askotariko izakiak zein sortzeko objektuak” bilduko ditu, baita multijokalari modalitatea ere: lau lagun elkarrekin ibili ahalko dira itsas hondoa esploratzen, baseak eraikitzen eta baliabideak eskuratzen.
Eguneraketa bakoitzarekin are ezaugarri, izaki edo bioma gehiago gaineratzea da asmoa, behin betiko bertsiora begira, “sarbide goiztiarra baino bertsio txukunagoa eta ezaugarri aldetik aberatsagoa” sortzea da asmoa.
Oztopoz betetako garapen prozesua bizi du Subnautica 2k. Aurretiazko sarbidea iaz estreinatzeko asmoa zeukan Krafton argitaletxeak, baina ez zen horrela izan: horren ordez, Ted Gill, Charlie Cleveland eta Max McGuire garatzaile originalak kaleratzen saiatu zen, jokoa prest edukitzeko aurreikusitakoa baino denbora gehiago behar izateagatik.
Zorionez, AEBetako epaile batek kaleratzea desegokia zela erabaki zuen martxoan, eta Gillek, Clevelandek zein McGuirek estudioaren kontrola berreskuratu zuten.
Subnautica 2ren egungo egoera zer nolakoa den maiatzaren 14tik aurrera ikusi ahalko dute zaleek.
Lander Unzueta
Iruzkinak