Krafton argitaletxeak urazpiko biziraupen abenturaren jarraipena aurten estreinatuko dela dio, baina hori ukatu dute egileek.

Subnautica 2 ofizialki aurkeztu dute Unknown Worlds estudioak eta Krafton argitaletxeak. Iragarpena, baina, gaizki ulertuek gidatu dute: Kraftonen finantza txostenean titulua multijokalaria ardatz duen zerbitzu jokoa izango dela zabaldu ostean, garatzaileak esandakoak ezeztatzera agertu dira. “Ez da multijokalarira zuzendutako” zerbitzu jokoa izango, diote egileek.

“Zuotako batzuk gure argitaletxe Kraftonek partekatutako informazioa irakurriko zenuten”, esanez hasi dute prentsa oharra UWkoek. “Albiste zirraragarriak badira ere, hainbat datu argitu nahiko genituzke”.

Izan ere, Subnautica 2 aurten kaleratuko dutela adierazi dute Kraftongokoek. Ez da egia, UWren arabera behintzat: “Sarbide goiztiarra ez dago 2024rako aurreikusita, baina informazio gehiago partekatuko dugu aurten!”.

Nahiz eta zerbitzu jokoa prestatzen dabiltzala aipatu den, hori ukatzeari ekin diote estudiokoek. “Jokoa argitaratu ostean hainbat urtez eguneratzen jarraitzeko asmoa daukagu, aurreko bi Subnautica jokoekin egin bezala. Ez da battle pass-ik egongo, ezta harpidetzarik ere”.

Bukatzeko, multijokalariaren harira kooperatiboa nabarmendu dute egileek. “Kooperatiboa guztiz hautazkoa izango da, joko osoa bakarka gozatzeko aukerarekin”.

Nahasmendua eraginda, argitaletxekoek finantza txostena ezabatu egin dute webgunetik.

Subnauticaren zaleek itxaron egin beharko dute, beraz, bigarren atal ofiziala zer nolakoa izango den ikusteko.