Biziraupen abentura estreinatu bezain laster eman du datua Unknown Worlds taldeak. PC eta Xbox Series plataformetan argitaratu du.

Subnautica 2k indar betean abiatu du aurretiazko sarbidea. Unknown Worlds Entertainment garatzaileak aditzera eman duenez, milioi salmentak gainditzea lortu du dagoeneko.

Albiste harrigarria, early access jokoa kaleratu eta jarraian eman duten berria dela kontuan hartuta. Subnautica 2 Steam plataformako jokorik desiratuena izan denez, askok espero zuten emaitza da, baina aurreikuspenak gainditzen dabiltzala dirudi. Lehen orduetan aldibereko 467.582 jokalari bildu ditu biziraupen abenturak Valve-n zerbitzuan. Steamen bakarrik ez, Epic Games Store saltokian zein Xbox Series kontsoletan estreinatu dela ikusita, aldiberekoen zifra are handiagoa izango da.

Lehen iritziak baikorrak dira, gainera: 20 bat orduko esperientzia eskaintzen du aurretiazko sarbidearen lehen bertsioak. Planeta berri bateko itsasoak esploratzera eramango gaitu, bakarka, zein, berritasun modura, lagunekin elkarlanean baliabideak bilduz, baseak eraikiz eta are ur sakonagoetan barneratuz. Itsas hondoko arrisku beldurgarriei aurre egiteko aproposa, bakarka igerian ibili beharrean.

Sarbide goiztiarrak luzerako joko du, hori bai: 1.0 bertsiorako bidaiak bi edo hiru urte irautea aurreikusten dute garatzaileek, baina ez litzateke harritzekoa izango are gehiago luzatzea.