“Metal Gear” sagaren hirugarren atalaren (hots, “Metal Gear Solid” famatuaren) itzala oso luzea da. Gaurdaino ailegatzen da; alderdi guztietan, gainera: istorioan, pertsonaietan, jokatzeko mekaniketan, editore eta diseinugilearen arteko tirabiretan… baita, noski, Hideo Kojimaren joko honen soinu bandan ere.
Bai, 1998. urtean “Solid”en Tappi Iwase konpositoreak egindako musikak hunkitu gintuen. Konami-ren logoan entzuten zen “Policenauts”en soinutik amaierako kredituetako “The Best is Yet to Come” gaelikoz kantatutako abestira; jokoaren burutik burura. Horien artean, konposizio nagusia, “Metal Gear Solid Main Theme”. Atal honetan lehenengo aldiz aurkitua, “Metal Gear Solid 2 – Sons of Liberty”ren sarreran bere punturik gorena ezagutu genuen, eta horitik aurrera abestia sagaren sinonimo bihurtu zen. Alabaina, “Metal Gear Solid 3 – Snake Eater”rren ez genuen apenas entzuteko aukera izan, nota batzuk besterik ez; eta are arraroagoa, Kojimak errepikatu zuen jokaldia “The Twin Snakes”en, lehenengo “Solid”en berregitean. Ondorengo atal eta agerraldi guztietan (laugarren eta bosgarrenean, “Super Smash Bros. Brawl”, eta abarretan) sagaren ereserkia pista zerrendetatik erabat desagertu zen. Zer gertatu ote zen?
Korapiloaren arrazoia bideo honetan dago:
2008. urtean, elkarrizketa grabatu batean, Ingromania errusiar aldizkariak Kojimari Georgy Sviridov konpositorearen abesti bat erakutsi zion, “The Winter Road”, 1974an sortua. Konposizio hau eta “Main Theme” oso antzekoak dira; alegia, antzekoegiak kointzidentzia hutsa izateko. Japoniarraren erreakzioak argi utzi zuen berak honi buruz ez zekiela ezer; are gehiago, hasieran broma bat zela uste zuen. Halere, ez zegoen inolako zalantzarik: Tappiren lana Sviridovenean gehiegi inspiratuta dago. Batzuek “plagio” hitza ere erabiliko lukete.
Hortik aurrera, eta inork salaketa formala jarri ez zuen arren, Konamik “Main Theme” ez erabiltzea erabaki zuen. Abestiak “Guns of the Patriots”, “Peace Walker” eta “The Phantom Pain” jokoen soinu bandetan ordezko itzelak izan ditu. Alabaina, “Metal Gear” sagaren zaleek lanak izango dituzte nota hauek burutik kentzeko.
Batez ere, ileak laztatzeko moduko “Sons of Liberty”ren sarrera paregabearekin oroitzen bagara.
Iruzkinak