“Ahalik eta bideojokorik onena” prestatzeko hartu dute erabakia Rocksteady Games-eko arduradunek.

Aurten estreinatzea aurreikusita zegoen Suicide Squad: Kill The Justice League interesgarria ez dugu datorren urtera arte ikusiko. Sare sozialen bitartez iragarri dutenez, 2023ko udaberrira atzeratu dute DC-ko komikien antiheroien bideojokoa.

Sefton Hill Rocksteady Games estudioko sormen zuzendariak zabaldu du berria bere Twitter-etik. “Geroratzea frustragarria” dela nabarmentzen du bertan, baina “ahalik eta bideojokorik onena” sortu ahal izateko beharrezko erabakia izan dela azpimarratzen du.

Batman Arkham frankiziako unibertsoan girotutako tituluan Harley Quinn, Deadshot, King Shark eta Captain Boomerang bilauen kontrola hartuko dugu. Akzioz betetako abenturak biziko ditugu; ez da gutxiagorako, helburu nagusia Justice Leagueko superheroiak akatzea izango baita: Superman, Flash eta Wonder Woman bezalako arerioen aurka egin beharko dute protagonistek.

Atal grafiko ikusgarria aurkezten du bideojokoak; izan ere, belaunaldi berriko kontsoletarako eta ordenagailuetarako esklusiboki garatutako obra izango da Rocksteadyna. Aurretik aipatutako Batman Arkham bideojokoen arduradunak direla gogoratu beharra dago.

PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan kaleratuko da Suicide Squad: Kill The Justice League 2023ko udaberrian.