Rocksteady-koek Batman Arkham sagarekin hasitakoa jarraituko dute bilauen abenturarekin. 2022an estreinatuko da PC-an eta PS5 zein Xbox Series kontsoletan.

DC komikien argitaletxeak FanDome izeneko ekimen handia burutu zuen asteburuan. Ohi bezala, bertan komikiak, filmeak eta nola ez, bideo-jokoak bildu zituzten, eta horien artean egon zen Warner Bros. Games eta Rocksteady estudioa prestatzen dabiltzan Suicide Squad: Kill the Justice League interesgarria.

Jostagarritasunik erakutsi gabe, baina trailer luze eta ikusgarriarekin itzuli zen akzioa, abentura eta tiroak batuko dituen abentura. Sekulako atal grafikoa aurkeztuko du bideo-jokoak. Argi dago PCrako eta belaunaldi berriko kontsoletarako esklusiboa izango dela, aurrerapauso bikaina suposatuta.

Komikietan oinarritutako jokoen aldetik guzti hori heroien ikuspuntutik bizi ohi da, baina oraingoan bilau taldea izango da protagonista. Suicide Squadeko lau kide, zehazki: Harley Quinn, Deadshot, King Shark eta Captain Boomerang. Hauen helburua oso zaila izango da, ezinezkoa. Justice Leagueko superheroiak akatzea. Superman, Wonder Woman, Flash eta gehiago hil beharko dituzte eskuadroikoek, hauek burua galdu ondoren.

Estetika eta girotzea ezaguna egingo zaie Batman Arkham saga jokatu dutenei. Izan ere, Rocksteady izan zen sagako hiru joko nagusien arduraduna. Suicide Squad: Kill the Justice League unibertso horretan oinarrituko da, trailerrean ikus daitekeen bezala: Arkham zoroetxearen diseinua eta logoak, Penguin maltzurra eta gehiago itzuliko dira berriz.

Trailer berriak jokoaren itxura erakusteko baino ez du balio izan halere: informazio gutxi gehiago zabaldu dute arduradunek, eta oraindik ez dute argitaratze datarik zehaztu. Garapen prozesua ondo badoa, 2022rako prest edukitzea aurreikusten dute, hori bai; PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da Suicide Squad: Kill the Justice League.