Summer Game Fest eta Ubisoft Forward dira ekainerako baieztatutako lehen aurkezpenak

Lander Unzueta | 2024/04/09 10:00 Berriak



Ekainaren 7an hasiko da udako bideojokoen festa. Zurrumurruek bestelako ekimenak aipatzen dituzte.

Apirilaren erdialdera iristen hasita, bideojokoen industriako enpresa eta talde handiak udarako motorrak berotzen hasiak dira. Aurkezpenak dira nagusi ekainean, eta dagoeneko bi baieztatu dituzte: Summer Game Fest eta Ubisoft Forward ekitaldiak beste behin itzuliko dira aurten.

Ekainaren 7an Geoff Keighley kazetariak antolatutako SGFren zuzeneko ekimena ikusi ahal izango dugu. 23:00etan hasiko dute emanaldia, eta bi ordu iraungo ditu.

Azken urteotan indarra hartzen joan den ekimena da SGF, geroz eta iragarpen zein esklusiba handiagoak bilduta; hortaz, bai ala bai jarraitu beharreko aurkezpenean bilakatu da.

Festaren barnean egon ohi da, gainera, Double Fine eta iam8bit taldeek antolatutako Day of the Devs: indiei zuzendutako aurkezpena, alegia. Aurten errepikatuko dutela jakitera eman dute, oraindik data zehaztu gabe; dena den, SGFa bukatu bezain laster egin ohi dute.

Ubisoftek, bestalde, ekainaren 10erako baieztatu du bere Forwarda. Ohi bezala, enpresaren “eguneraketak eta hurrengo estreinaldiak” ezagutzeko balioko digu.

Iazko izar nagusietako bat Star Wars Outlaws izan zen, Ubiren Massive Entertainment estudioa garatzen dabilen mundu irekiko abentura. Horri lotuta, gaur bertan jasoko ditugu berritasunak: istorio trailerra agindu digute 18:00etan.

 

Eta gainerako handiek, zer?

Noski, jokalarien begiradak PlayStation, Nintendo eta Xbox gainean jarrita daude. Oraindik ez dituzte udako aurkezpenen datak zehaztu —ezta egingo dituzten esan ere—, baina zurrumurruen bidez gertatuko dena suposa dezakegu.

PlayStationekoek iaz egindakoa errepikatuko lukete, hainbat iturriren arabera. Ekainera arte itxaron beharrean, aurkezpena maiatzean egingo dutela diote askok. PlayStation Showcase formatua berreskuratuko lukete, gainera; hau da, State of Play txikia egin beharrean, urteko emanaldi handiena izango litzateke.

Nintendo, berriz, egoera bitxian aurkitzen da. Filtrazio guztiek baiezkotzat ematen dute 2025eko martxo aldera kontsola berria kaleratuko dutela. Beraz, datozen hilabeteak lehorrak izatea aurreikusten da Switch-arentzat: ez dakigu aurten Nintendo Direct-ik egongo ote den.

Bukatzeko, iturriek ekainaren 9an Xbox Games Showcase aurkezpena ikusiko dugula diote. Bideojokoak aurreratu dituzte, gainera: Gears of War 6, State of Decay 3 eta Call of Duty berria aipatzen dira.

Ezin gara ahaztu, baina, bihar jarraitzeko aukera edukiko dugun aurkezpenaz: The Triple-i Initiative ekimenak 30 bat indie bilduko ditu.

Game Erauntsiatik udako ekimenen jarraipena egingo dugu; hori horrela, adi gure blogera.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

230
Kide

0
Jolasten

11
Online

Azken erantzunak

Beñat 2024ko mar. 26a, 20:15

Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egi…
Journey: bizitza, bidai [Analisia]

Ibai Aizpurua 2024ko mar. 14a, 11:18

Analisi ederra! Ea noiz hartzen dudan denbora joko honetan jolasteko. Oso Amanita zalea naiz!
Creaks

lowena 2024ko urt. 13a, 01:02

Eastward originala bikaina izango luke euskaraz, nere ustez :3
Persiako printzea, Hawaiiko yakuza-k eta Tekken t…

muturbeltz 2023ko aza. 28a, 15:30

Lehenago switchean pasa det baina berriz pasatzeko gogoa ematen didate zure itzulpenek. Eskerrik asko lanagatik.
Mendi Zerutiarra: Celeste-ren igoeraz euskaraz go…