Super Bomberman R Onlinek 64 jokalari batuko ditu plataforma arteko jokoa ahalbidetuta urte honetan.

Konamik joan den urteko irailean Super Bomberman R Online kaleratu zuen Googlen Stadia zerbitzu digitalean. Orain, PC eta kontsoletan ere estreinatuko dutela iragarri dute japoniarrek.

Konamiren pertsonaia klasikoaren mekanikak eraberritzen dituen battle royale erako jokoa da Bomberman hau: Battle 64 joko motan 64 pertsonaia ariko dira elkarri bonbak jartzen jokalari bakarra geratu arte.

Halere, ez da joko mota bakarra izango. Grand Prix izenekoan, esaterako, jokalari bakarrez, bikote batez edo hiru jokalariz osatutako bi taldek elkarren aurka egin beharko dute puntuak lortzeko. Ohiko joko mota klasikoak ere biltzen ditu Super Bomberman R Onlinek.

Hamasei kokaleku eta hamalau pertsonaiaren artean aukeratuko dute jokalariek. Hautzeko heroien artean Konamiren bideo-joko ezagunetako protagonistak daude: Metal Gear Solid 3ko Naked Snake, Castlevania Symphony of the Nighteko Alucard, Silent Hilleko Piramid Head eta nola ez, Bomberman bera ikus daitezke bideo-jokoan.

Argitaratze datarik zehaztu gabe, 2021ean PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switcherako kaleratuko dutela agindu dute Konamikoek.