The Legend of Zelda klasikoen mekanikak hartuko ditu Firechick indie estudioaren lanak. Sarbide goiztiarrean estreinatuko da bihar Steam bidez.

Garatzaile independenteek enpresa handiek prestatu nahi ez dituzten lanak beregain hartzen jarraitzen dute. Horren adibidea da Super Dungeon Maker interesgarria: ziegak sortzea proposatuko die jokalariei, ondoren hauek partekatzeko aukerarekin.

The Legend of Zelda frankiziako joko zaharretan oinarritutako ziegak eraikitzeari ekingo zaio beraz. Gela bakoitza diseinatu, tranpak eta etsaiak ezarri nahiz bestelako erronkak eta helburuak txertatu ahalko dira bakoitzean. Guzti hori modu errazean eta sinplean egin ahalko dela agintzen dute Firechick estudioko arduradunek.

Behin ziega osoa eratuta, hau komunitatearen artean elkarbanatzeko aukera eskainiko du Super Dungeon Makerrek. Modu horretara, Super Mario Maker bezalako sormen jokoetan ikusitako pausoak jarraituko dituzte, oraingoan abentura eta esplorazioa ardatz izanik.

Nola ez, partekatzea horietara jokatzea posible izango dela esan nahi du; sortu ez ezik, ziegak gainditzea izango da jokoaren beste atala. Puzzleak gainditzea eta arerioak akatzea izango da abenturazaleen helburu nagusia: ziega barrenean etsai nagusiarekin topo egingo dute, baina.

Bihar bertan sarbide goiztiarrean argitaratuko da Super Dungeon Maker PC-an: zehazki, Steam plataformaren bidez kaleratuko dute arduradunek. Hiru girotze agindu dituzte hasiera batean, baina etorkizunean are gehiago gaineratzen joango dira.

Aipatutako guztia pixel art estetika ederrarekin eta koloretsuarekin aurkeztuko dute. Animazio bikainak eta sprite handiak ikus daitezke trailerrean.

Oraindik lan asko dute aurretik; hala ere, jokoa prest dagoenean PCko bertsioaz gain Nintendo Switch kontsolarako port-a agindu dute Firechickekoek.