Bideojoko bat amaitzen dudan bakoitzean, nire hurrengo esperientzia birtuala aurrekoaren ezberdina izatea gogoko dut. Oraingoan, joko erronkari baten aurrean jartzeko irrika etorri zait eta gainditzeke dauzkadan bideojokoen zerrenda pertsonalak Super Ghouls 'n Ghosts-en munduan murgiltzera bultzatu nau. Beti irakurri izan dut Super Nintendo kontsolako joko zailenetarikoa dela, zailena ez bada. Gehiegi pentsatu gabe hatzak karraskatu, agintea hartu eta joko retroek eskaintzen dakiten erronkaren bila abiatu naiz, adoretsu.

1991n, Capcom garatzaileak Ghost'n Goblins saileko hirugarren jokoa ganoraz sortzen jakin zuen. Esku artean daukagun titulua Super Nintendo kontsolarako garatua izan zen zuzenean, ez da arkadeetan argitaratutako Ghouls's and Ghost jokoaren bertsio bat. Super jokoa da, azken finean.

 

Betiko formula

Geldiarazi nazala ondorengoa inoiz edo behin entzun duenak: Fantasiazko erdi aroko zalduna dugu pertsonaia nagusia. Deabru batek erresumako printzesa bahitu eta bere dorrean giltzaperatu du. Zaldun honi deabruaren dorrera joatea dagokio, printzesa, txerrenaren atzaparretatik askatzera. Egia esan, ez dut gehiago behar joko batekin gozatzeko, istorioaren berritasun ezarekiko arrangura erdirik ez beraz.

Gure heroiak Arthur izena du, armadura eta jaurtigai amaigabeak daramatza deabruaren armadari aurre egiteko. Bere azken abenturaren ondotik goruntz eta beheruntz jaurtitzeko ahalmena galdu du, baina trukean, airean dagoelarik bigarren jauzi bat egiteko boterea gehitu du armategira. Armadurak etsaien kolpe bakarra jasan dezake mila zatitan suntsitu aurretik, gure protagonista arerioen menpe galtzontzilotan utzita. Erasotze aldera, lantzak, labanak, aizkorak, geziak eta segak erabili ditzazke, aurrez ezkutuan dauden altxor kutxetan aurkintzen baditu. Altxor kutxa hauetan brontzezko eta urrezko armadurak ere aurki daitezke, jaurtigaien eraginkortasuna hobetzen dutelarik.

Batzuetan jokoak daukan guztia jaurtitzen du Arthur akabatzeko eta irudi tasaren sufrimendurako

Atal grafikoa ongi burutua dago. Super Nintendo famatu bihurtu duen efekturik ez du erabiltzen baina ez ditu behar gune koloretsu anitzak erakusteko. Ikarazko gaietan aurkitzen diren elementuak ugariak badira ere, karikaturak bailiran agertarazten dira munstro zein toki ezberdinak. Honela, zonbiz beteriko hilerritik, deabruek defendatutako gotorlekura abiatuko gara, mamuz jositako itsasontzi abandonatu batetik, edota elurtutako mendi tontorretik igarota, besteak beste. Sail bereko aurreko jokoek baino gustu hobez diseinatutako eremuak ditu nire iritziz.

Musikaren arloan ere salto handia eman du bere aintzindariengandik. Ez dago niretzat aipagarria den abestirik, baina melodiek jokoari laguntzen diote eta behintzat ez dauka aurreko jokoen zarata karrankaririk.

 

Salto, jauzi eta ezin bizi

Arthurrek bizkor erantzuten die agintearen aginduei, beraz hil naizen bakoitzean nire erruz izan denaren irudipena eduki dut orokorrean. Heroiak egin dezakeena nahiko mugatuta dago, dena den. Bizpahiru jaurtigaik batera parteka dezakete pantaila une oro, beraz, bat desagertu arte itxoin behar da berri bat jaurti ahal izateko. Era berean, Arthurren jauziak ezin dira airean birbideratu. Lehenengo jauziaren ondoren, bigarrengo bat egin daiteke airean, norantza aldatuz. Honen ostean osorik lurrartzeko errezatu besterik ez da geratzen.

Eremu ezberdinak etsai eta oztopoz josita daude, bakoitza bere eraso eta propietate ezberdinekin, erronka ezberdinak sortuz. Plataforma guneekin eduki ditut arazo gehien. Munstro ezberdinak nahiko errezak dira, deabru gorri madarikatu batzuk salbu. Kostata ikasi dut hauek nola gailendu. Hemen dago gakoa izan ere, jokoarekiko ezjakintasunean datza honen zailtasuna eta. 

Nire amesgaiztoetako plataforma gunea

 

Zailtasuna ala jokagarritasuna

Bederatzi ordu behar izan ditut jokoaren azken nagusiaren gotorlekura iritsi eta hau akabatzeko. Ghost'n Goblins saileko jokoetan tradizio den bezala ordea, jokoa bigarren aldiz gailendu behar da benetako amaiera ikusteko, zailtasun areagotuarekin gainera. Esan eta egin, ordu t'erdian oraingoan.

Zailtasuna ez diot jokoari ukatuko, baina froga eta hutsegite joko baten aurrean nagoela ere esan beharra daukat. Oztopo jakin bat gailentzeko formula ikasteak zailtasunaren janzkia kentzen dio jokoari. Dibertimenduak ez du galerarik niretzat arrazoi honengatik, ezta jolasgarritasunak kalterik jasan ere. Baina Super Nintendo kontsolako joko zailenetarikoaren titulua, zalantzan jartzen dut.

Deabru hauek heroiaren eraso saiakera penagarriez barre egiten dute

Ala eta guztiz ere, esan beharra daukat, jokoaren bigarren bueltaren ondoren jokoak berriro ere atzera itzultzera behartu nauela, besoko magiko baten bila. Oraingoan behintzat hasierara ez bidaltzeko detailea edukiz, azken mailaren hasierara baizik. Arrakastarik gabe kreditu guztiak xahutu eta behin betiko Game Over hitzak oparitu dizkit jokoak, dena hasieratik errepikatu beharraren atariko. Une honetan eskertu dut 1991. urtean ez bizitzea, eta nire Super Nintendo Classic-aren partidak gordetzeko ahalmena. Besoko magikoa aurkitu osteko partida berriz kargatu, eta, oraingoan bai, benetako nagusiaren aurkako norgehiagoka hontan garaile irten ondoren, jokoari amaiera eman diot.

Oro har, Super Ghouls'n Ghosts joko gomendagarria da arkade zaletuentzat. Oztopo ezberdinak proposatzen ditu eta ordu entretenigarri batzuk bertan isurtzera bideratzeko gaitasuna dauka. Pazientzia apur batek urrutira eraman dezake jokalari prestu edonor, hura gehiegi gogaitu gabe. Joko erronkaria jokatzearen azkura ez dit nahikoa harramazkatu ordea, Arthurren abenturak. Ehizaki berrien bila darrait beraz, Super Nintendoko zerrendaren ehiza barrutian.