Super Mario 3D World aldaketa txiki zein berritasun erraldoiekin iritsi da Nintendo Switchera. Jatorrizko abenturan ikusitakoari Bowser’s Fury espantsioa gehitu diote Nintendokoek: joko originala goitik behera aldatzen duen gehigarria da, ezagunak diren mekanikekin 3D World eta Super Mario Odysseyren artean geratzen den obra berria.

Azken urteetan Mariok izandako plataforma abenturen artean, 3D World izango da ziurrenik ezezagunenetakoa. Wii Uan 2013. urtean argitaratua, kontsolaren salmenta eskasek merezi zuen arrakasta galarazi zioten iturginaren joko klasikoen mekanikak eraberritzen zituen obra honi.

Izan ere, Super Mario 3D Worldek Nintendoren maskotaren bi dimentsioetako lehen jokoak hartu eta horien mekanika nagusiak hiru dimentsioetara eramaten ditu. Abentura honetan ez ditugu betetzeko hainbat helburu dituzten mundu zabalak aurkituko: maila bakoitzaren helmuga irudikatzen duen banderatxora iristea izango da gure egiteko nagusia, bidean zehar batzeko zenbait elementu edukiko ditugun arren.

Sinpletasun horrekin duen jokatzeko era da bideo-jokoaren ezaugarririk esanguratsuena. Lehen maila, adibidez, gure protagonistek dituzten mugimenduak frogatu eta horiekin praktikatzeko eremu aproposa da, jokoak horretarako tutorial edo antzekoez uko egiten badu ere. Arrisku handirik gabeko gune bat eskainita 3D Worlden oinarrizko mekanikekin topo egiten dute jokalariek: kontrolak, lehen etsai motak, transformazioak eta hodi garden berriak aztertu eta norbere erritmora horiei aurre egin edo erabiltzen ikasiko dute hasiberriek.

Bestalde, iturginarekin edo bideo-jokoekin orokorrean adituak direnek ez dute gogaitzeko uneri edukiko lehen maila hontan: ziztu bizian aritzea eskaintzen du jokoak, baina arrisku gehiago biltzen dituen bide ezkutuak ere erraz batean ikusiko dituzte dagoeneko aginteekin ikasiak direnek. Izan ere, katu-jantzi berria izango da beteranoen arreta erakarriko duena, eta horrek ahalbidetuko ditu aipatutako bide horiek. Esan bezala, jokalari bakoitzari bere erritmora jokatzen uzten dio 3D Worldek, inor ahaztu edo alboratu gabe.

Berritasunak ingurune ezagun batean

Nintendo 3DSan estreinatutako Super Mario 3D Landen eskeletoa hartuta, Super Mario Bros. 2 eta Super Mario Bros. 3ren mekaniketako asko hartzen ditu 3D Worldek, tartean Super Mario 64 eta Sunshine moduko jokoetatik mugitzeko oinarriak erabilita.

Hasteko eta behin, aukeratzeko izango ditugun lau pertsonaia desberdinekin topo egingo dugu: Mario, Luigi, Peach eta Toad bueltan izango dira, SMB2ko zerrenda bera osatuta (ezusteko sekreturen baten bat ere ikusiko dugun arren). NESeko jokoan gertatu modura ezaugarri propioak ditu bakoitzak: beti bezala, Mario izango da orekatuena orokorrean; Luigik jauzi handigoak ematen ditu, baina lurretik irristatu egingo da lasterka egiterakoan; Peachek segundu batez hegan egiteko ahalmena dauka; Toadek, azkenik, ziztu bizian lasterka egin dezake, baina jauzi txikiak ematen ditu.

Mugitzeko mekaniken kasuan, azken urteetan Marioren abenturetan ikusitako mugimendu berezi gehienak bildu dituzte 3D World honetan. Itzulipurdiak, bonba-jauzia eta osteko saltoa, jauzi luzea, txilinbuelta edota hormaren aurka egindako jauziak egin daitezke, besteak beste.

Switcheko bertsio honetan berritasunak ikusiko ditugu: alde batetik, pertsonaiak azkarrago mugitzen dira. Aldaketa txikia dirudien arren, Wii Uko jokora ohituta daudenek jokatzen hasterakoan nabarituko duten berrikuntza da, eta hasieran kosta egingo da ohitzea: askotan gertatu zait mailatik behera erortzea, jatorrizko bertsioan erregulartasunez gertatzen ez zitzaidan zerbait. Airean itzulipurdika egiteko mugimendua ere gehitu dute: Super Mario Odysseyn ikusitako ahalmen honek are urrunago heltzeko balio du, modu aproposean erabiltzeko aldez aurretik praktikatzea ezinbestekoa izanik. Une batzuetan mailen diseinua apurtzeko erabili daiteke; ezkutuko lekuren batera iristeko ez daukagun power-up zehatz bat behar denean, adibidez, jauziak ondo kalkulatuta gune horretara heltzea posible da mugimendu hau erabilita. Hori horrela, adituei zuzendutako berritasuna dugu.

Power-upak eta jantziak bueltan dira abentura honetan, ahalmen ezagunekin zein nobedadeekin. Super perretxikoa, suzko lorea, tanooki jantzia, super izarra edota bumeran lorea ikusiko ditugu, baina katu-jantzia da berritasun esanguratsuenetako bat. Katu ahalmenek hormetatik zehar igotzea eta airean ziztu bizian erasotzea ahalbidetzen dute, mailetako sekretu guztiak aurkitzeko laguntza adierazgarria zalantzarik gabe. Gerezi bikoitzak, bestalde, gure pertsonaia bikoiztuko du; guztira lau aldiz erabili ahalko da, pertsonaia boskoiztuta. Klon guztiak aldi berean kontrolatuko ditugu, plataformen gainetik aritzerako unean zailtasuna areagotuta, baina gure erasoak ere batuta. Suzko bolak jaurtitzerakoan, esaterako, sekulako kaosa sortu dezakegu.

Jokalari bakoitzari bere erritmora jokatzen uzten dio 3D Worldek, inor ahaztu edo alboratu gabe.

Ahalmen hauek maila batetik bestera igarotzen dira, galtzen ez baditugu behintzat. Gainera, Super Mario World eta beste hainbatetan ikusi bezala power-up bat gordeta eramateko aukera dugu oraingoan: D-Padean gorantza sakatuta aterako dugu edozein unetan. Halere, maila askok modu organiko batean bere erronkei aurre egiteko aproposa izango den objektua eskaintzen digute; horiek erraztasunak emango dituzte, baina gure esku dago power-up hori hautatzea eta ondoren ez galtzea. Kaxa bereziekin ere topo egingo dugu: kanoiak, linternak, hegan egiteko kaxak eta gehiago ikusiko ditugu abenturan zehar, zenbait ezustekorekin.

Aipatutako mugimendu sorta eta abileziak maisutasunez erabiltzea jokalari bakoitzaren esku egongo da. 3D World adin eta trebezia maila guztiei zuzendutako lana izanik, abentura salto arruntekin gainditzea posible da. Beraz, aginteen eta ahalmen berezien garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa bada ere, jokoaren benetako izarrak gainditu beharreko mailak eta hauen diseinu bikaina dira.

Mailak girotze propioa duten hainbat mundutan zehar sakabanatuta daude, iturginaren abentura klasikoetan ohikoa den modura. Ez dugu ustekabeko handirik aurkituko ikusiko ditugun munduetan: desertuak, izotzezko lurraldeak, zeruko mundua eta suzkoa daude, besteak beste, Marioren jokoetako girotzeak ezagutzen dituztenentzat berritasun gutxi eskainita. Horietan dauden mailek girotze hori jarraituko dute batzuetan, baina noiz edo noiz gune benetan bereziak aurkituko ditugu: zirkuak, gaztelu japoniarrak, trenak eta gehiago zeharkatuko ditugu gure heroiekin.

Oinarrizko diseinuaren garrantzia gailenduz

Benetan nabarmentzekoa dena mailen diseinua eta aniztasuna da. Leku bakoitzak erronka desberdin bat mahaigaineratuko digu: hasiera batean gainditzea sinplea izan daitekeen arren, mailak ideia berberarekin jokatzen jarraituko du bukatu arte, proposatutako desafioa gero eta zailagoa eginez eta elementu berriak gaineratuz.

Nintendokoek maisulan hutsa eratu dute zentzu horretan, jokalariei erritmo natural batean erronka ezagutu eta ulertzeko aukera emanez, ondoren hori beste maila batera eramateko dagoeneko aurrekoa menperatuta daukagunean. Askotan tutorial txiki batekin aurkituko garela esan daiteke, baina hori mailan ezin hobeto integratuta dago eta ez dugu mekanika berri baterako prestatzen ari garela sentituko. Game Maker’s Toolkit kanaleko Mark Brownek Youtuben honi buruzko azalpen bikaina eman zuen orain bost urte:

Desafioen garapen natural eta bikainari horien aniztasuna gehitu behar zaio: maila bakoitza guztiz desberdina da, eta jokoa behin eta berriz mekanika berriak aurkezten doa atsedenik hartu gabe. Esate baterako, salto egiten dugun bakoitzean plataformak mugitzen diren maila dago; beste batean egurrezko txalupan igonda egin beharko dugu aurrera; segundo gutxi batzuk igarota desagertzen diren plataformetatik jauzika aritu beharko gara maila batean, erritmoa kalkulatzea nahitaezkoa izanik; Boo etxeak ere daude hemen, puzzle txikiekin edo tranpaz betetako guneekin.

Zailtasuna ere azpimarratzekoa da. Trebezia maila guztiei zuzendutako lana dela aipatu dut, baina azken munduetara heltzean benetan iaioak direnentzako desafioak ikusiko ditugu abentura honetan. Nabarmentzekoak dira mundu sekretuetako mailak, batez ere txapeldunentzako soilik den azken munduko maila bakarti hori. Marioren jokoetako erronkarik latzenetakoa, ziur asko.

Hori horrela 3D Worldek une oro fresko mantentzea lortzen du. Ez du gogaitzen, eta hau benetan ospatzekoa da, ez baita abentura laburra: jokoa osorik gainditzea bilatzen badugu 20 ordu inguruko iraupena daukan obraren aurrean gaude.

Mundu bakoitzak derrigorrez igaro beharreko mailak ditu, baina batzuetan jarraitzeko daukagun bidea banatu egingo da, hautazko kokalekuak agertuta. Horietako batzuk itxita egongo dira hasiera batean, eta desblokeatzeko izar berdeen kopuru jakin bat eduki beharko dugu: izar horiek maila guztietan ezkutatuta egongo dira; arruntena hiru egotea da, baina maila berezietan bakar bat edota hamar izar eskuratu ahalko ditugu. Izar berdeekin batera zigiluak ere sakabanatu dituzte garatzaileek: hauek batzea ez da derrigorrezkoa, baina abentura bukaeran sekretuak desblokeatzeko balioko dute. Azkenean norbere esku egongo da izarrak eta zigiluak biltzea.

Lehen esan bezala lau protagonista ditu 3D Worldek, eta hori aprobetxatu nahian lau jokalarirentzako multijokalaria eratu dute Nintendokoek. Switcheko bertsio honetan tokiko zein sare bidezko multijokalaria izan daiteke: nola ez, adiskideekin jokatzeak jokoari are bizi gehiago emango dio. Pertsonaiek elkarri sakatu, gainean salto egin edota sorbalden gainean eramateko aukera daukate, elkarlana zein kaosa sustatuz partidetan.

Lagun talde bakoitzaren eskuetan dago aurrera egiteko elkarri laguntzea edota ondokoari izorratzen ibiltzea. Egia da lau jokalari batzen direnean eroso ibiltzea zaila izaten dela; gune asko estuak dira, eta lau pertsonaia ziztu bizian saltoka aritzea zoramen hutsa suerta daiteke. Halere, eromen hau jokoarentzat kaltegarria izan beharrean positiboa izaten da askotan, momenturik gogoangarrienak eratzeko ezinbestekoa da-eta. Kamera finkoek kaosa eramangarriagoa egiten dute; 3D Worlden ezingo dugu kamera nahierara mugitu, angelu finko batzuen artean aldatu daiteke soilik eta une batzuetan hori ere mugatzen dute. Dena dela jokoarekin jokalari bakartiek zein familiek gozatuko dutela aldarrikatu beharra dago, benetan joko dibertigarria dela behin eta berriz aldarrikatzekoa izanik.

Atal grafikoa ere aipatzekoa da noski. Argi dago modeloak eta testurak ez daudela Odyssey moduko lan berriagoen mailara, baina 3D Worldek mundu koloretsu eta bizia dauka bere baitan. Pertsonaia guztiek, bai heroi zein etsaiek, maila handiko animazio mordoa dauzkate. Kamera angeluekin diorama erraldoi eta bizi batzuk ikusten ari garela dirudi, eta gune askok estetika propioa dutenez egindako lan apartari aniztasuna gehitu behar zaio. Jazz erako soinu banda izugarria da: Nintendok Marioren azken jokoetarako sekulako abestiak prestatu izan ditu, eta 3D Worldenak benetan bikainak dira.

Captain Toaden benetako hastapenak

Toad kapitaina lehen aldiz Super Mario Galaxyetan ikusi genuen pertsonaia bezala; urteak igaro ahala gero eta famatuagoa egiten joan da, Captain Toad: Treasure Tracker bideo-jokoko protagonista izan arte. Halere, bera kontrolatzeko lehen aukera Super Mario 3D Worldekin eduki genuen. Hainbat maila berezitan kapitaina edota bere laguntzaileen kontrola hartuta izar berdeak eskuratzen ariko gara.

3D Worldek uneoro fresko mantentzea lortzen du. Ez du gogaitzen eta hau benetan ospatzekoa da, ez baita abentura laburra.

Puzzle txikiez osatutako mailak izango dira Toad kapitainaren ardatza. Hauetan ezingo dugu jauzirik egin, eta ohikoena arerioengandik ihes egitea izango da. Gehigarri maitagarria eratu zuten joko mota honekin, eta Treasure Trackerrera jokatu dutenentzat maila hauek sinpletxoak egin daitezkeen arren, eskertzekoa da 3D Worlden aniztasuna mantentzeko ahalegin guztien ondoren guztiz desberdina den joko mota ederrera jokatzeko aukera edukitzea.

Bowserren sumina

3D World, baina, ez da Switcherako prestatu duten abentura bakarra. Wii Uko jokoari Bowser’s Fury deitutako espantsio guztiz berria gehitu diote Nintendokoek. Espantsioa esan arren, bereizitako bigarren joko bat dela esatea zuzenagoa litzateke. Jatorrizko jokoaren atal grafiko eta oinarrizko mekanikak kutsu oso desberdina daukan abentura eratzeko erabiltzen ditu Bowser’s Furyk.

Askok adierazi dutenez Wii Uko obra Switcheko Super Mario Odysseyrekin batzen duen galdutako lotura da espantsio hau; galdutakoa esatea gehiegi da agian, baina iturginaren azken abenturaren mundu irekien kontzeptua jarraitzen du Bowser’s Furyk. Izan ere, joko guztia mundu bakar batean igaroko dugu oraingoan.

Kamera finkoa alde batera utzi dute, eta libreki mugi dezakegu. Marioren hiru dimentsiotako lanetan ikusitako izar, eguzki eta ilargiak gogorarazten dituzten Cat Shine deitutako objektuak batzea izango da helburu nagusia. Horiek mapa zabalean sakabanatutako irletan aurkituko ditugu. Irla bakoitzak maila bezala funtzionatzen du: bertara sartzerakoan musika aldatu eta une horretan gainditu beharreko xedea azalduko zaigu: hori lortuta Cat Shine bat eskuratuko dugu. Hauek lortutakoan segundorik galdu gabe jarrai dezakegu; hori bai, maila berberan beste Shine bat eskuratu ahal izateko askotan irlatik urrundu egin beharko gara, aldaketaren bat edo beste gertatzea ezinbestekoa izaten baita, mailaren diseinua pixkat aldatuta.

Hemen ere txalogarria da kokaleku bakoitzaren diseinua. Berriz ere jokalari hasiberri zein adituentzako aukerak eskaintzen dituzte; gero eta Shine gehiago lortuta zailtasuna areagotzen joango da, baina baita maila zeharkatzeko moduak ere. Irla batetik bestera bidaiatzeko 3D Worlden ezagututako Plessie dinosaurioaren gainera igoko gara: hau kontrolatuta itsasoa zeharkatuko dugu ziztu bizian, hainbat erronka gainditzeko aprobetxatzen dugun bitartean.

Berritasunik nabarmenena espantsioari izena ematen diona da: Bowser erraldoi bat egongo da maparen erdigunean petrolio moduko sustantzia batean murgilduta. Denbora igarotzen doala bertatik irtetzen joango da koopa guztien erregea; une horretan gaua egin eta egundoko arerio baten erasoak saihesteko momentua iritsiko da. Tarte horietan Shine ikurrak berreskuratzeko helburua mantendu egingo da, baina zailtasunak gora egingo du, Fury Bowserrek zerutik laba isuri, laserrak jaurti eta gehiago egingo baitu gure protagonistari gauzak benetan okertu nahian. Plataforma berriak ere azalduko dira Bowserrekin batera, hautazko bideak osatuta.

Izugarria da maila batetik lasai-lasai ibili eta ohartu gabe Bowser izartzea. Momentu horietan gure trebetasuna agerian jarri beharko dugu apokalipsi hutsa gertatzen ari dela rock musikak jotzen duen bitartean, 3D Worlden zein espantsio honetan ikasitako guztia erabilita. Bere aurka bizitako borrokak ikusgarriak dira, Godzilla eta gainerako kaiju munstroak gogora ekartzen dituzten lehiak izanik.

Nintendok 3D Worlden egindakoarekin jarraitu zezakeen eduki gehigarriak sortzerako orduan. Halere, laudagarria da zerbait guztiz berria eratzeko ahalegina egitea. Bowser’s Fury joko laburra da, sei ordutan gainditzekoa, baina dibertigarria eta gozatzekoa.

Askok bere garaian jokatu gabe utzi behar izan zuten Super Mario 3D World; orain kaleratutako Bowser’s Furyrekin batera maisulan hutsak dira biak. Nintendok ondo ezagutzen ditu jokoak erakargarriak eta entretenigarriak izateko beharrezkoak diren elementuak. Horiek modu aproposean laburbiltzea izaten da askotan arazoa, eta alderdi horretatik ere bikaintasunez konpontzen dakite japoniarrek. Mariorekin, plataforma jokoekin zein bideo-jokoekin gozatzen duen orok frogatu beharreko lana da Super Mario 3D World + Bowser’s Fury, zaletasun hau zergatik segitzen duten azaltzeko elementu guztiak modu ezin hobean biltzen dituen obra baita. Dibertsioa, letra larrietan.