Nintendok lau joko argitaratu zituen Super Mario Advance seriearen baitan. Game Boyaren oinordekoak jasotako lan berriak izan beharrean, iturginak bizitako abenturen bertsio berriak prestatu zituzten GBArako.

Bideojokoen munduko pertsonaiarik ezagunenak 35 urte bete ditu aurten. Mario genero guztietako lanetan ikusi dugu urte luze hauetan, baina biziberritu eta eraldatu zuen generoak jarraitzen du bere abenturen ardatza izaten gaur egun: plataforma jokoek. Iturgina saltoka aritzeko jaio zen; hiru hamarkada eta erdi igarota, horretan jarraitzen du N handiaren maskotak bere jokorik arrakastatsuenekin.

Ibilbide luzeegia izan ez bazuen ere, Game Boy Advanceak mota guztietako bideojokoez osatutako bizitza oparoa eduki zuen. 2001. urtean kaleratu zuen Nintendok Game Boy arrakastatsuaren jarraipena izango zena; bere ondorengoa den Nintendo DSa lau urte beranduago estreinatu zen arren, edukitako salmenta onek eta bideojoko berriek beste hainbat urtez bizitzera eraman zuten 32-biteko kontsola.

Kontsola eramangarrian lan egin zuten garatzaileek saga berriak sortu zein lepoan hainbat urte zituztenak bultzatzeko ahalegindu ziren. Aipatu bezala, GBAren bideojokoen liburutegia benetan zabala zein liluragarria izan zen: hiru Fire Emblem, Metroid Fusion, Pokemonen joko berriak edota remakeak, Golden Sun, Wario Ware eta Wario Land 4, The Legend of Zelda Minish Cap, Advance Wars 1 eta 2, hainbat Castlevania…

Altxor guzti horien artean Nintendoren maskotak ere bere lekua eduki zuen. Nola ez, Mario genero sorta zabala hartu zuten mota guztietako obra berrien protagonista izan zen Advancean. Mario Kart Super Circuit, Mario Tennis Power Tour edo Mario Golf Advance Tour bezalako kirol jokoetatik hasita, Mario & Luigi: Superstar Saga JRPGa, Mario vs. Donkey Kong puzzle jokoa edo Super Mario Ball pinball jokoa bezalako lanak jaso zituen GBAk.

Kontsolaren estreinaldirako erabaki bitxiak

Iturginaren berezko generora begiratuta, baina, Nintendok erabaki bitxia hartu zuen Game Boy Advancearekin. Kontsolaren estreinaldia Marioren joko propioarekin egitea nahi zuten, ohi bezala. Joko berria izan beharrean dagoeneko (birritan) argitaratutako lana birmasterizatzea erabaki zuten: Super Mario Bros. 2. Yume Kōjō: Doki Doki Panic japoniarra oinarritzat hartuta, NESean eta SNESean kaleratutako jokoa Super Mario klasikoen ardi beltz bezala ezagutzen da, baina Kiotokoek hirugarren aukera eman zioten, Super Mario Advance izenarekin.

GBAko bertsioa SNESan argitaratutako Super Mario All-Stars joko bildumako remakearen birmasterizazioa da. Grafikoki, aldaketa nabarmenenak kolore paletatik igarri daitezke: kontsolaren lehen bertsioak argirik gabeko pantaila izanik kolore argiagoak erabili zituzten birmasterizazioan, pertsonaiak eta kokalekuetako elementuak ikusterrazagoak egiteko.

32-biten indarra erakusteko bide bezala pertsonaia batzuen spriteak modu dinamikoan luzatu egiten zituzten, eta pantailan agertu zitezkeen areioren kopurua areagotu egin zuten: NES eta SNES kontsolentzako gehiegizkoak ziren gauza sinple haiek. Etsai erraldoiak, protagonista zein arerioentzako ahotsak edota sprite berriak prestatu zituzten GBAko bertsiorako. Etsai nagusi berria ere gaineratu zuten: Robirdo. Ace txanponak aurkitu daitezke maila guztietan, eta jokoa bukatuta, Yoshi’s Challengean parte har daiteke, dinosaurioaren arrautzen bila aritzeko. Ez hori bakarrik, uneoro jokatu nahi den maila aukeratu daiteke bertsio honetan.

Bideojokoari buruz, Super Mario Bros. 2 iturginaren jokoen formulatik aldendu egiten da. Lehen aipatu bezala izatez ez zen Marioren abenturetako bat eta hori asko nabaritzen da hasiera batetik, oinarrizko mekaniketako bat guztiz desagertzen baita: etsaiak ez ditugu horien gainera salto eginda akatuko. Guzti horiek benetako SMB2rekin jarraitu zuten, gure artean The Lost Levels azpitituluarekin ezagutzen dena: SMB originalaren jarraipen zuzena zen, baina AEBetako Nintendoko kideentzat joko zailegia zen, eta beraz guztiz aldatzea erabaki zuten Japonian soilik estreinatutako Doki Doki Panic hori eskeleto bezala erabilita.

Joko klasikoetarako eduki berriak gehitzeaz gain kontrol eskemetan hobekuntzak, spritetan egindako lanak eta hobekuntza orokorrak gaineratu zituzten birmasterizazioek.

Mekanika ezagun horren ordez etsaien gainean jarri eta altxatu egin beharko ditugu eskuetan hartuta, beste arerioei jaurtitzeko; lurperatuta dauden barazkiak ere hartu ahal dira gauza bera egiteko. Mekanika nagusi horrekin plataforma abentura klasikoa eratu zuten Nintendokoek, beste Marioen azpitik egon arren benetan gozatzekoa dena. Hemen agertutako etsai mordoa iturginaren jokoetako aurpegi ezagunetan bihurtu dira, eta protagonisten ezaugarri desberdinak etorkizuneko lanetan mantendu dituzte. Mario, Luigi, Peach eta Toaden artean aukeratu ahal da jokoan: bakoitzak abiadura, salto eta indar maila propioak dauzka. Ardi beltza izan arren, arrazoiz, Marioren edozein zalek jokatu beharreko lanean bihurtu da urteak pasa ahala.

Lehen Super Mario Advance honek arrakasta esanguratsua lortu zuen. Aukeraketa arraroa izan arren, GBA argitaratu zeneko lehen bideojokoen artea egonda erosle askok hautatutako jokoa izan zen kontsola estreinatzeko. Hori ikusita Marioren birmasterizazio gehiago prestatzeko lanean hasi zen Nintendo.

NESetik SNESera mundu berri batekin

Bigarren SMA ziur asko Marioren abentura bidimentsionaletatik maitatuena da jokalarien artean: Super Mario World iturginaren joko klasikoen tontorra da askorentzat. Aurreko Marioetan plataforma sagaren oinarriak soilik prestatu zituzten Shigeru Miyamoto eta bere taldeak: 1990an kaleratutako Worldekin guzti horiek beste maila batera eramatea lortu zuten. Betiko oinarrizko mekanikak zituen, baina SMWekin biribildu egin zituzten, eta jokalari trebeenentzako tresnak gehitu ziren.

Aniztasun handia eskaintzen zuten mundu eta maila erraldoiak ikusi genituen SNESeko abenturan; baita power-up mordoa, Yoshiren gainean ibiltzeko aukera eta beste hainbat ezaugarri. Mekanika berri horiekin eta mailen diseinu apartarekin Marioren bi dimentsioetako behin-betiko abentura eratu zuten garatzaileek.

Advancerako bertsioa SNESeko jatorrizko jokotik aldaketa gutxi eginda estreinatu zen. Aldaketa aipagarriena bi jokalarirentzako joko motaren ezabaketa da; hala ere, Luigirekin jokatzea posible da, hau aukeratzeko R botoia sakatuta. Azken urteetan iturgin beldurtia ezaugarri propioak izaten hasi da, eta horiek ezarri zizkioten bertsio honetan: jauzi handiagoa dauka eta lasterka egiterakoan irrist egiten du. Luigik sprite sorta “berria” jaso zuen gainera: lehen SMAtik hartutakoak ziren, bertsio originalean zein Super Mario All-Stars + Super Mario World bilduman agertutakoak ordezkatuta.

Horrez gain era guztietako aldaketa txikiak egin zituzten jokoa Game Boy Advancera egokitzeko. Power-up edo transformazio onenak edukitzerakoan eta kolpe bat jasotzerakoan, forma txikira bueltatu beharrean super forman gelditzen dira Mario eta Luigi. Jatorrizko jokoan maila batzuetan agertzen ez ziren dragoi txanponak gehitu zituzten kokaleku guztietan, eta tutorial bezala funtzionatzen zuten mezuen bloke gehiago gaineratu zituzten jokora, beste hainbat aldaketen artean.

Hirugarrena, Yoshirekin

Super Mario Advancen artean hurrena bigarrenaren jarraipen naturala da. Super Mario Worlden ostean Super Mario World 2: Yoshi’s Island eraman zuten GBAra SMA3 azpitituluarekin. Yoshi’s Islandek Marioren jokoen barnean azpisaga bat hasi zuen; plataforma jokoa izaten jarraitzen du, baina mekanika desberdinak dira nagusi.

Jokoaren atalik azpimarragarriena grafikoena da. Yoshi’s Island Super Nintendoaren ezaugarri guztietaz baliatu zen joko koloretsu eta bizia eratzeko. Eskuz marraztutako mundu batean murgilduko gara: garatzaileek pertsonaiak eskuz marraztu, eskaneatu eta “pixeletik pixelera” sortzen zituzten marrazkien gainetik.

Koloretako Yoshi desberdinen kontrola hartuko dugu hemen. Beraien helburua haurtxoa den Mario Luigi anaiarekin batzea izango da. Horretarako SMBren joko nagusiek daukaten erritmo geldoagoko abenturan biziko dugu. Iturginak egin bezala Yoshik etsaiak zapaldu ahalko ditu, baina horrez gain horiek irentsi eta arrautzetan bihurtzeko ahalmena dauka. Arrautza horiek jaurti egin ahalko ditu, askotariko erabilerak edukita; ohikoa izango da puzzle txikiekin topo egitea abenturan zehar.

Bizitza mekanika propioa dauka lan honek: Yoshik kolpe bat jasotzen duen bakoitzean Mario burbuila batean hegan hasiko da, negarrez. Segundo batzuk edukiko ditugu burbuila hori apurtu eta haurtxoa salbatzeko Kamek aztiaren jarraitzaileek eraman aurretik. Segundo preziatu horiek kokalekuetatik sakabanatutako izarrak hartuta luzatuko ditugu, Game Over pantaila ekidin ahal izateko.

Gaur egun ere bideojokoen zaleek gozatu beharreko birmasterizazioak izaten jarraitzen dute.

Alde teknikoa gutxi gorabehera mantenduta, GBAko bertsioaren berritasunik nabarmenena gehitutako sei maila berriak dira. Maila sekretu hauek joko originalekoak baino handiagoak dira, eta bakoitzak mekanika nagusi desberdinak ditu. Menuetan, jostagarritasunean eta jatorrizko kokalekuen diseinuan aldaketa txikiak eginda hau da agian aldaketa tekniko gutxien jaso dituen jokoa lau Advance bertsioen artean.

Marioren oinarrien perfekzioa

SNESeko Marioak bukatuta, Super Mario Advance sagako laugarren jokorako denboran atzeran jo behar izan zuten Nintendokoek: beste batez jatorrizko Nintendoaren garaira, hain zuzen ere. Marioren abenturak birdefinitu zituen abentura aukeratu zuten azken SMArako: Super Mario Bros. 3. Aurreko obrak iturginaren hastapenak izan ziren, baina hirugarren jokoak Mario nola mugitu eta sentitu behar zen zehaztu zuen. Super Mario Worldekin batera Nintendoren maskotaren joko bikainenetakoen artean aurkitzen da.

Lehen SMArekin gertatu bezala, Super Mario Advance 4 jatorrizko Super Mario Bros. 3ren bertsioa izan beharrean SNESerako Super Mario All-Stars remakean oinarrituta dago: atal grafikoa zein soinua mantentzen dira GBAko jokorako, aurrekoetan bezala kontsola eramangarrirako moldaketa bereziekin.

Yoshi’s Islandekin egin modura maila berriak aurkituko ditugu SMB3ren bertsio honetan. Hala ere, europarrok horietara jokatzeko aukera eskasak eduki genituen jokoa argitaratzerakoan, bide legalak erabilita behintzat. Nintendo e-Reader deitutako periferikoa erabilita, karta berezi batzuk irakurri behar ziren: Game Boy Advance batekin jokoa hasita, bigarren kontsola bat beharrezkoa zen e-Readerra erabili ahal izateko. Eta guzti hori eskura izatea ez zen zailena. Europara karta horietako gutxi batzuk baino ez ziren iritsi, berritasun berezien zati handi bat jokaezina izanik.

Kartekin E-Mundua izeneko mundu berezia desblokeatzen zen. Bertan erronka berezi mordoa aurkituko dituzte jokalariek, abentura originalean ikusitako mekaniketatik urrunduta. Ez zituzten mailak bakarrik gehitu, gainera: Super Mario Worldeko kapa hegalaria, beste jokoetan aurkitutako bloke bereziak, SMB2ko barazkiak hartu eta botatzeko ahalmena… iturginaren zaleentzako ikaragarriak ziren denetariko edukiak gehitzen zituzten karta hauek. Super Mario Bros. originaleko lehen mailaren remakera jokatzeko aukera eta guzti eman zieten horiek eskuratzeko zortea eduki zutenei.

E-Munduan jokatzeko aukera izan ez zutenek urte batzuk beranduago egin ahalko zuten Wii Uko kontsola birtualerako argitaratutako bertsioan. Bertan maila berezi guztiak aukeratzeke zeuden, Japonian soilik argitaratutako kartekin eskuratu zitezkeenak barne.

Jatorrizko maila batzuek aldaketa txikiak jasan zituzten. GBAko pantaila txikiagoan modu aproposagoan jokatzeko egindako aldaketak ziren: gela motzagoak edota sabai baxuagoak ezarri zituzten garatzaileek.

Aurrekariak eta oinordekoak

Lau Super Mario Advance jokoak ikusita, are ezaugarri gehiago jaso zituztela gogoratu beharra dago. Kartutxo guztiek bigarren joko bat zuten barruan: Mario Bros. arkade klasikoaren remakea. Plataforma jokoa izan beharrean, jokalarien helburua maila bakoitzeko etsai guztiak akatzea izango da. Horretarako ezingo dugu karramarroen, spinien eta koopa troopen gainera salto egin: lehenik azpiko plataformako sabaia jota etsaiei buelta eman eta ondoren jo egin beharko ditugu.

Advanceko remakeak atal grafikotik harago doazen aldaketak gehitu zituen: airean mugitzeko aukera, POW bloke berria eta garrantzitsuena, lau jokalarirentzako joko mota ahalbidetu zituen; lau lagunek elkarren aurka egin behar zuten bertan. Bi jokalarirentzako Classic Mode deitutakoa mantentzen zen, eta guzti horietara kartutxo bakar batekin jokatu zitekeen. Lau Game Boy Advance eta Link kablea edukitzea derrigorrezkoa zen, noski.

Horrez gain lehen Super Mario Advancek jasotako aldaketa berberak ikusi genituen ondorengoetan. Kolore argiakoak pantaila ilunaren ondorioz, pertsonaia nagusientzako ahotsak, audio txiparentzako beharrezkoa zen konprimatutako soinu banda eta gehiago derrigorrak izan ziren 32-biteko birmasterizazioetan.

Aurrekariak eta oinordekoak aipatzea ere ezinbestekoa da. SMA sagarekin hasi aurretik Nintendok antzeko formatuan argitaratu zuen Super Mario Bros. originala. Super Mario Bros. Deluxe izenpean, Game Boy Colorrean eskuratu zitekeen bakarrik, askok ezagutzen ez duten zergatia. Hemen ere denetariko aldaketa txikiak ikusi genituen, baina baita joko mota berriak ere.

Aipagarriena bi jokalarirentzako jokoa da: maila bakoitzaren helmugara iristen lehenak irabazten du, eta bata besteari oztopoak jartzeko aukera dago. Urteak igarota arrakasta nahikoa eduki duen ezaugarria da, eta gaur egun ere hainbat ekimenetan ikusi daiteke. You vs Boo izeneko joko mota oso antzekoa da, baina jokalari bakar batentzat. Azkenik, Challenge Mode deitutakoan txanpon gorriak eta Yoshiren arrautzak aurkitu behar dira, ahalik eta puntu gehien lortzen ditugun bitartean. Desblokatzeko ezaugarrien artean bigarren jokoa dago: Super Mario Bros. The Lost Levels osora jokatu daiteke Deluxe bertsioan.

Nintendo DSa, Game Boy Advancearen oinordekoa argitaratzean, Nintendok antzeko ibilbidea jarraitu zuen bi dimentsioak atzera utzita. Super Mario 64ren remake batekin estreinatu zen bi pantailadun kontsola, era guztietako berritasun eta hobekuntzekin. Mariorekin jokatzeaz gain Luigi, Wario eta Yoshi kontrolatu ahal ziren, bakoitza bere ezaugarri eta ahalmen bereziekin.

Bildu beharreko izarrak gehitu zituzten, 120tik 150era igota: maila bakoitzak zortzi izar zituen zazpi izan beharrean, baina gainera maila berriak aurkitu ahal ziren Peachen gazteluan. Atal grafikoa guztiz eraberritu zuten modelo, testura, argiztapen eta efektu berriekin. Remake bikaina izan arren DSaren kontrol eskema ez zen aproposena hiru dimentsiotako abentura batentzat: Nintendo 64aren aginteak zuen stickak mundu berri bateko ateak ireki zituen, eta Super Mario 64k ondo aprobetxatzen jakin zuen. DSak pad arrunt bat izanik Mario eta lagunak kontrolatzea ez zen gauza bera, ukimen bidezko kontrolak gehitu zituzten arren.

Super Mario Advance sagara itzulita, birmasterizazioek eskertzeko aldaketak ekarri zituztela aitortu beharra dago. Joko klasikoetarako eduki berriak gehitzeaz gain kontrol eskemetan hobekuntzak, spritetan egindako lanak eta hobekuntza orokorrak ikusi genituen. Hala ere, GBArako egokitzerakoan irudiaren eta soinuaren kalitatea murriztu egin behar izanagatik zale amorratuenentzako onartezinak dira behin-betiko bertsioak zeintzuk diren aipatzerakoan.

Game Boy Advanceak Marioren plataforma joko propiorik izan ez bazuen ere, SMA jokoekin klasikoak publiko berri batengana helarazteko lan bikaina egin zuten Nintendokoek. Kontsola eramangarri batean horren urte gutxi zituzten joko bikainetara jokatzea izugarria zen edonorentzat, eta gaur egun ere bideojokoen zaleek gozatu beharreko birmasterizazioak izaten jarraitzen dute.