Frankizia honek ez du inongo aurkezpenik behar. Bideojokozale guztiek badute honen berri, baita kaleko jendeak ere. Kultura herrikoiaren parte bat da, eta Nintendoren urrezko kabia.

Eta hain zuzen aurten da 30. urteurrena. Baina nolakoa izan da IP honen bizitza hiru hamarkada hauetan zehar? Jarraian bildu ditugu momentu horiek.

Hasierako urteak

Izatez, Mario pertsonaia 1981an agertu zen lehenengo aldiz, Donkey Kong (arcade, NES) joko mitikoan, arotz bezala. Bertan, gorila horren eskuetatik neska bat askatzea zen helburua. Bi urte geroago, joko honen spin-off bat iritsi zen, Mario Bros (arcade, NES), non Mario eta bere anaia Luigi ziren protagonistak. Joko honetan, biak iturginak ziren, eta estolderia bat garbitu behar dute.

Eta duela 30 urte zehazki iritsi zen azken joko honen ondorengoa: Super Mario Bros (NES). Jokoaren kontzeptua oso sinplea zen: bi anaiek printzesa bat askatu behar zuten dortoka erraldoi baten eskuetatik. Jokatzeko eran berriz, garai horietarako sekulako berrikuntzak ekarri zituen joko honek: sidescrolling mekanikaren hobekuntza handia, lasterbideak, hainbat sekretu topatzeko, ikasketa-kurba oso ona, luzea, eta beste hainbat. Aditu eta kritiko guztien arabera, historiako joko onenetariko bat da hau.

Arrakastaren ondoren, plataformen errege

Esan ohi da bigarren zatiak ez direla inoiz onak, eta Marioren kasuan ez da salbuespen bat, bigarren zatiak (Super Mario Bros 2, 1987/1988, NES) buruhauste galantak ekarri zituelako. Buruhauste horren emaitza bi joko desberdin izan ziren: bata Japoniarako, bestea munduko beste lekuetarako.

Japoniako bertsioa lehenengoaren jarraipena da, baina zein arazo du joko honek? Oso zaila da: perretxiko pozoitsuak, hodiek atzera eramaten zaituzte lasterbide-lanak egin ordez, eta zailtasun maila handiegia da. 

Japonian kritika latzak jaso zituela eta, herrialde honetatik kanpo zeharo desberdina zen bertsio bat jarri zen salgai. Oraingoan Mariok objektuak eta etsaiak jasoz egiten du aurrera, aurreko jokoak hainbeste zabaldu zuen saltoaren mekanika alde batera utzita. Bertsio hau Japonian bakarrik salgai jarri zen beste joko baten moldaketa bat da, spriteak aldatuz eta Marioren pertsonaiak bertan jarriz.

Edonork pentsatuko luke, buruhauste hauen ondoren, frankiziak ezingo zuela aurrera jarraitu, baina oraindik iturgin-anaiek ez zuten beren azken hitza esan. 1991an iritsi zen bi anaien ondorengo kalitate handiko jokoa, Super Mario Bros 3 (NES). Joko hau are luzeagoa zen, grafikoak hobetuta, hainbat fase genituen munduko mapetan zehar banatuta, eta aurreko mekanikak hobetzeaz gain, beste hainbat berrikuntza ekarri zituen.

Trilogia bat ez da nahikoa sagarentzat, eta sagako laugarren jokoa iritsi zen 1992an: Super Mario World (SNES). Joko hau hasiera batean NESerako zegoen pentsatuta, baina Nintendoren 16 biteko kontsolara iritsi zen azkenean. Joko hau beste maisulan bat da, munduko mapa erraldoi batean gertatzen da, fase gehienek irteera sekretuak dituzte, mekanika berriak ditugu tartean, hala nola Yoshi dinosauroaren lehen agerpena, eta botere berriak. Hala ere, nahiz eta mekanika asko 8 biteko kontsolan aurrera ateratzea posible ez izan, port baten aurrean gaude, eta grafikoki aput bat pobrea da 16 biteko kontsola batekoa izateko.

Super Mario frankizia ez zen bakarrik mahai-kontsoletara mugatu, Game Boy eramangarriak ere jaso zituen Marioren bi joko. Lehena Super Mario Land (1990) izan zen. Grafikoki oso sinplea zen eta bertako mekanika gehienak NESeko jokoetan zeuden; hala ere, jokoa oso entretenigarria zen, eta saldutako 18 milioi kopiak zeharo mereziak zituen.

Bigarren jokoa Super Mario Land 2: Six Golden Coins izan zen (1993). Joko honetan mapa handi bat dago eta nahi dugun tokira joateko askatasun guztia dugu, beste hainbat mekanika berri gehiagorekin batera. Grafikoki ikusgarria da, garai hartan inork ez zuen espero zuri-beltzeko eramangarri horrek hainbesteko gaitasuna zuenik.

3D plataformetara saltoa

32 eta 64 biteko kontsolen etorrerak trantsizio-puntu bat suposatu zuen jolasteko eran, 2Dtik 3Dra. Trantsizioa ez zen batere erraza izan, arazoak nonnahi, hala nola kamerarekin, baina batez ere jokagarritasunetik. Mariok berriz ere aurrerapauso galantak ekarri zizkion industriari Super Mario 64 (N64, 1997) jokoarekin. Joko honen mekanikak ondoren agertu ziren 3D jokoetan erabili dira, oso nabarmena da adibidez hirugarren pertsonako kamera independentea, orain hain sinplea iruditzen zaigun mekanika. Gaur egun, kritiko eta adituek historiako joko onenetarikotzat dute.

Mario 64k eskuratu zuen maila altuegia zen, eta horrek buruhauste galantak ekarri zizkien garatzaileei pertsonaiaren hurrengo 3D jokoa garatzeko orduan. Ondorengo hori Super Mario Sunshine da (Gamecube, 2002), joko honetan ura jaurtitzen duen motxila bat erabiltzen dugu, zikinkeria garbitzeko. Grafikoki ikusgarria izan zen garai horietan, baina kritikak ez ziren batere onak izan, jokoaren jokagarritasun txarra zela eta: Zailtasun kurba irregularra, jokoa gaizki diseinatua, motxilaren erabilera konplexua, eta beste hainbat. Joko honek ez zuen lortu Mario bati eskatzen zitzaion maila.

Mariok tronua berriz ere eskuratu zuen 2007an Super Mario Galaxy (Wii) jokoarekin. Joko honetan grabitatearekin egiten dugu jolas, planeta eta galaxietan zehar bidaiatuz, oso mekanika bereziak eta intuitiboak erabiliz. Nahiz eta Mario 64ren mailara ez iritsi, historioriako onenetarikoen artean dago joko hau ere. Arrakastak motibatuta, 2010ean bigarren zatia iritsi zen, Super Mario Galaxy 2 (Wii), aurreko formula errepikatuz eta aldi berean hau hobetuz.

Hainbat spin-off

Plataforma-jokoetaz gain, Super Mario frankizia ahaltsua da. Kirol-joko askotan ikus ditzakegu Mario eta beste hainbat pertsonai, hala nola golfean jolasten (Mario Golf), tenisean (Mario Tennis), futbolean (Mario Strikers),... Mahai-jokoen estiloa imitatzen ere topatu ditzakegu, Mario Partyrekin. RPG generoan ere badugu aukera Mariorekin jokatzeko, Super Mario RPG, Paper Mario eta Mario & Luigik eskaintzen dizkiguten abentura dibertigarriekin. Yoshi kontrolatu dezakegu plataformazko Yoshi's Island jokoetan. Hainbat eta hainbat spin-off topa ditzakegu, baina spin-off guztietan esanguratsuena eta ezagunena, inongo zalantzarik gabe, Mario Kart da, kart txapelketetan irabazteko helburuz jokalariek elkarri azpijokoak eginez.

2D plataformetara itzulera

2006an Marioren jokoak beren sustraietara itzultzearekin egin zen apustu, New Super Mario Bros (DS) jokoarekin. Joko honek bi dimentsioen jokagarritasuna berreskuratzen du, garai horietako grafiko eta kontrolen aurrerakuntzak aprobetxatuz, eta 8 eta 16 bitetako kontsoletako jokoen elementu bereizgarrienak hartuz. Joko honek ez dakar berrikuntza nabarmenik, baina nostalgiarekin ederki egiten du jolas. 30 milioi ale saldu zituen, nostalgiak dirua ematen duenaren seinale.

Formula honen arrakasta ikusita, Wii kontsolak ere jaso zuen bere 2Dko Mario jokoa: New Super Mario Bros Wii (2009). Joko honek aurrekoaren formula berdina aplikatzen du, baina oraingoan zerbait berria dakar: 4 pertsonak aldi berean jolas egin dezakete oraingoan. Zalantzarik gabe 8 biten garaian faltan botatzen zen zerbait errealitate bihurtu zen. Honek ere beste 30 milioi saldu zituen.

Gaur egun

Oraingo generazioan arreta jarriz gero, Marioren joko askorekin gozatzeko aukera dugu, bi edo hiru dimentsiotan, nahi dugun bezala. Hasteko New Super Mario Bros 2 dugu (3DS, 2012), non “New” estiloa mantentzen den, aurreko jokoekiko inongo berritasunik ekarri gabe. 10 milioi besterik ez ziren saldu, gutxi aurreko biekin konparatuta, eta kritikak ez ziren oso onak izan, errepikakorregia izateagatik.

Bada “New” estiloaren joko bat definizio altuan: New Super Mario Bros U (Wii U, 2012). Hau ere oso errepikakorra da, eta hobekuntza nabariena grafikoak baino ez dira, baina jokagarritasunaren aldetik ez dauka ezer esanguratsurik. 5 milioi kopia salduta, nostalgiaz beti ezin dela bizi argi gelditzen da.

2D jokoetaz gain 3Dkoak ere baditug. Super Mario 3D Land (3DS, 2011) jokoak 2D eta 3D formatuak batzen ditu, bien arteko hibrido bat sortuz. 3D munduetan 2D jokoetako jokagarritasuna erabiltzen da. Nahiz eta kontserbadore xamarra izan, "New" estiloarekin antzekotasun handia edukiz, eduki aldetik oso aberatsa da. Beste behin, Marioren joko batek egundoko kritikak jaso zituen.

Honen jarraipena Super Mario 3D World (Wii U, 2013) da, Marioren lehen jokoa 3Dn eta HDn. Erabiltzen den formula berdina da, baina oraingoan 4 pertsonek aldi berean jolastu dezakete. Joko hau bere aurrekoa bezain ona da.

Eta urteurrena ospatzeko aurten jaso dugun jokoa Super Mario Maker (Wii U) da. Joko hau maila-editore bat da, Marioren 2D joko mitikoen estetika jarraitzen duten mailak sortu ditzakegu, eta ondoren interneten elkarbanatu. Pertsona batzuek aurretik sortu dituzten mailak aztertzen baditugu, ikusten da jokoak potentzial handia duela, baina ez da orokorrean inork espero zuen era urteurren bat ospatzeko, komunitateak Super Mario Galaxy 3 edo Mario 64ren estiloko beste joko bat espero zituen eta.

Ondorioak

Zalantzarik gabe, aurten asko dugu ospatzeko. Marioren jokoak oso ondo zaharkitu dira, orokorrean edonork jolastu ditzake eta ondo pasatu, denak dira gomendagarriak pertsona ororentzat. Agian Nintendok aukeratu duen modua ospakizunerako ez da egokiena, ezta gustukoena komunitatearentzat, baina dagoena da. Hala ere, zer modu hoberik ospatzeko bere jokoak beste behin edo lehenengo aldiz jolastuz?

Zorionak Mario!!