Illumination estudioarekin dabiltza elkarlanean hiru dimentsioko animazio film luzea sortzeko.

Nintendoren iturginik ezagunenak pantaila handitik zein txikitik igarotzeko aukera izan du. Bob Hoskins eta John Leguizamo aktoreen zoritxarreko Super Mario Bros filme hartatik hasita, telesail amerikarretako zein animazio film japoniarretako protagonistak izan dira Mario eta Luigi anaiak. Orain, baina, Nintendok indar betean murgildu nahi du zinemaren munduan: The Super Mario Bros. Movie filma prestatzen ari dira, eta lehen trailerra etzi egingo duten Nintendo Direct aurkezpenean ikusiko dugu.

Hortaz, urriaren 6an 22:00etatik aurrera abiatuko dute filmeari lotutako ekimen berezia.

Iragarpenarekin batera, filmearen lehen irudia ikusteko aukera eduki dugu. Bertan, Mario lepoz ikusten da Txanpiñoi Erresumaren sarreran; zehazki, urrutian dagoen Peach-en gaztelura begira azaltzen da. Bere inguruan, ordea, Toad-ez betetako herrixkatxo koloretsu eta alaia dago. Xehetasunez betetako kokalekua ageri da, filmaren kalitate gorenaren erakusgarri.

Ez da gutxiagorako: Illumination argitaletxearekin eta estudioarekin elkartu dira Kiotokoak filmea sortzeko. Despicable Me edo Sing bezalako filmeen arduradunak dira enpresa estatubatuarrekoak.

Bikoizketaz arduratuko diren aktore estatubatuarren zerrenda aspaldi ezagutu genuen Shigeru Miyamoto sortzailearen eskutik. Chris Pratt ezagunak hartuko du Marioren rola; Charlie Day Luigi izango da; Anya Taylor-Joy, Peach; Jack Black-ek Bowser-en rola beteko du; Toad-en bilakatuko da Keegan-Michael Key; bukatzeko, Seth Rogen Donkey Kong izango da filmean. Charles Martinet, Marioren betiko ahotsa, filmean entzungo dugula ere baieztatu zuen Miyamotok.

Aspaldi aurreikusitako argitaratze datarekin jarraitzen dugu momentuz: 2023ko apirilaren 7an iritsiko da The Super Mario Bros. Movie zinemetara. Data hori mantenduko duten ala ez, etzi jakingo dugu.