1.1 eguneratzeak itxura aldaketak, maila bildumak eta mekanika eraberrituak gehitu dizkio plataforma joko klasikoaren birmasterizazioari.
Zaleek bideratutako Super Mario Bros. Remastered proiektuak hazten jarraitzen du. Azken eguneraketarekin denetariko edukiak zein berritasunak ikusi ditu Windows eta GNU/Linux bertsioetan.
1.1 adabakiarekin mailen editore tresnarentzako hobekuntza ugari, askotariko objektuak nahiz etsaiak, gai edo itxura aldaketak —bideojoko desberdinen grafikoak gaineratzea ahalbidetuta—, mailak zein mapak konplexuagotzeko etengailuak (gizmo), bildumak, eta, bukatzeko, erabiltzaileen artean horrenbesteko arrakasta lortu duten pertsonaia pertsonalizatuentzako zuzenketak iragarri ditu JoeMama garatzaileak.
Azken horri begira jarrita, Super Mario Maker-en ikusi genituen —lehenago, zaleen Super Mario Bros. Crossover-en baita— pertsonaia desberdinen aukerak areagotzen dihardute: esaterako, Mega Man, Sonic edo Samus kontrola ditzakegu Marioren mailetan zehar. Orain arte, iturginaren mugimendu sorta berbera partekatzen zuten, baina mod sortzaileak pertsonaiontzako berezitasunak eta botereak gehitzen hasiak dira dagoeneko.
1985. urteko Super Mario jokoaren birmasterizazioaren aurrean gaude: joko originala bere horretan mantendu dute, edo, bestela, txukundutako grafikoekin eta gordetze aukerekin gaindi dezakegu. Aldi berean, plataforma abentura zeharo eraldatu dezakeen proiektua da SMB Remastered, askotariko edukiak edo ideiak bateratuta, Super Mario Makerrekin gertatu modura.
Super Mario Bros. Remastered iaz argitaratutako proiektua da. Hobekuntza grafikoak zein pertsonaia eta maila berriak, SMB Deluxe-ko eduki esklusiboak nahiz itxura aldatzeko mod euskarria elkartzen dituen port natiboa da: ez gaude birkonpilazio baten aurrean, Godot garapen motorearekin sortutako bertsioa baita.
Windows eta GNU/Linux sistema eragileetarako bertsioak prestatu dituzte arduradunek. 1.1 bertsioa aspalditik ibili dira prestatzen: bertsio batzuk betan kaleratu zituzten arren, behin betiko adabakia orain argitaratu da. Aldaketen zerrenda osoa hemen irakur dezakegu.
Orain, 1.2 gaurkotzean lanean hasiak dira zale komunitatekoak. Diotenez, VS modalitate lehiakorrak inplementatzea da asmo nagusia, baina hori baino gehiago gaineratuko dutela dirudi: bideoan Super Mario Bros. 2 jokoko Phanto arerioa ageri da. 1.2 adabakiaren kaleratze data berandutzea erabaki dute azkenik: 2027ko lehen hiruhilekoan estreinatzen saiatuko dira.
Proiektuaren Github orrialdetik jaitsi daiteke SMB Remastered: joko originala beharko dugu birmasterizazioa funtzionarazteko.
Lander Unzueta
Iruzkinak