Super Mario iturginari denetarik eskatzen diogu bideojokolariok. Jauzika aritzeaz gain gidatzen, tenisean, borrokan zein mahai jokoetan ikustera ohituta gaude, zer egingo diogu ba! Askotariko lanetan ibili bada ere, azkenean benetako garrantzia esparru batera mugatzen da Nintendo-ren maskotarekin: bere jokoak dibertigarriak izan behar dira.
Super Mario Bros. Wonder aurkeztu zutenean argi geratu zen bide horretatik jarraitu nahi zutela. Iragarpen bideoan dozenaka egoera zoro eta dinamiko ageri ziren, mariozaleak berotuz eta ilusioa piztuz.
Ez da harritzekoa: jokalariok ganorazko Mario klasikoaren zain geunden. Nintendo DS, Wii, 3DS eta Wii U/Switch kontsoletan argitaratutako New Super Mario Bros. frankiziak hasiera batean atzera begira jarri bagintuen ere, lau jokoren ostean nekagarriak izatera iritsi ziren, bigarren mailako jokoetan bihurtuz. Atal estetiko berberarekin, eta, are okerrago, ideia zein mekanika asko errepikatuta, iturginaren kalitate estandarretara justuan iristen ziren bideojokoen aurrean bukatu genuen: pentsaezina Mariorekin.
Liluratzeko garaia
Liluragarria da, zalantzarik gabe, txanpinoi erresumako lagunen azken abentura deskribatzeko hitzik aproposena. Super Mario Bros. Wonderrek aurrekoetan ikusitako gelditasun hura saihestu, eta zaleengandik Super Mario Maker jokoetan jaiotako ideiak bereganatzera animatu da plataforma joko freskoa, berritzailea, eta, garrantzitsuena, dibertigarria eratzeko.
Premisari buruz azaltzeko gutxi dago. 2.5D plataforma abentura klasikoaren aurrean gaude. Pertsonaiak eta zenbait elementu hiru dimentsiotan eginda daude, baina jokagarritasuna plano bidimentsionalean sortutakoa da; hau da, Mario joko klasikoen jarraipena dela esan daiteke.
Lore Erresuma (Flower Kingdom) bisitatuko dugu oraingo honetan. Jazoko direnak soberan ezagutzen dituzue: Bowser zitalak botere arriskutsua lapurtzen du: lore miragarria. Lore gazteluarekin fusionatu, eta erresuma arriskuan jartzen du Koopa guztien erregeak. Mariok eta lagunek —gonbidatuen zerrenda luzea dakarte oraingoan— aurre egin beharko diote, mundu edo gune desberdinetako mailak esploratuz hazi miragarriak biltzeko eta Bowserrengana iristeko.
Oinarriak mantentzen dira: aurrera, eskuinera, egin beharko dugu gehienetan, beti bezala, helmugara iristeko. Ez dago misteriorik alde horretatik. Erronka mota, mekanika eta ideia kopuru ederrarekin topo egingo dugu, hori bai: Marioren azken jokoetan egin modura, maila bakoitzak oinarrizko desafioa proposatuko digu, eta hori eboluzionatzen zein zailtzen joango da bukaerako banderara heldu ahala.
Erroetara itzuliz ideia nagusiei buelta bat emateko
Pertsonaien mugimendu eta abilezia sortan desberdintasun ugari aurkituko ditugu. Kontrolatzeko protagonistek ez daukate desberdintasun nabarmenik elkarren artean, kasu pare bat alboratuta. Ahaztu Luigiren jauzi luzeaz, Peach printzesaren flotatzeko ahalmenaz eta Toad lasterraz: Mario, Luigi, Peach, Toad eta Daisy zein Toadette hasiberriek ezaugarri berberak partekatzen dituzte. Yoshi eta Nabbit lapurra bereziagoak dira, jokalari hasiberriei zuzendutakoak; izan ere, ez dute minik jasoko etsaien aldetik, baina, aldi berean, ezingo dituzte botere bereziak eta transformazioak erabili.
Kontrolak, espero bezala, zehatzak eta bizkorrak dira. Plataforma jokoetara ohituta daudenek gozatu baino ez dute egingo saltoka dabiltzala.
Transformazioen harira, botere edo power-up sorta eraberritua ikusiko dugu Wonderren. Suzko lorea itzultzen da, baina gainerako objektuak ezezagunak dira Mariorentzat. Lehenik eta behin, elefante fruitua daukagu: izenak dioen bezala, elefantean bilakatzeko balioko digu —ez da jantzia edo mozorroa izango, formaz aldatuko dira zuzenean!—. Modu horretara, tronparekin jotzeko ahalmena dugu, baita bertan ura gordetzekoa ere: loreak urezta ditzakegu sekretuak aurkitzeko.
Bigarren power-up ahalmena burbuila lorea da. Honi esker burbuilak jaurtiko ditugu: etsaiak akatzeko baliogarriak dira, baina plataformatzat erabil ditzakegu, gainera. Benetan erabilgarriak gune zailak gainditzeko, baita sekretuen bila ibiltzeko ere.
Bukatzeko, azken botere berezia zulagailu txanpinoia da. Lurrazpitik zein sabaitik ibiltzea ahalbidetzen digu, horrela bide alternatiboak irekiz; horrez gain, burua babesten digu etsai batzuen erasoengandik.
Botere kopuru xumea da, bai: beste joko batzuetan hainbat abilezia eta ahalmen gehiago ikusten genituen. Atzera begira, 1988ko Super Mario Bros. 3 mitikoan dagoeneko suzko lorea, tanuki hostoa, igel jantzia edo mailu anai mozorroa genituen. Hala ere, Wonderrek hobeto jokatzen du bakoitzarekin, erronken zein baliabideen eskaintza zabalagoa aurkeztuz; ez hori bakarrik, geroxeago aipatuko ditugun bestelako berritasunak ere ikusiko ditugu Wonderren.
Mugimendu sorta orokorrari dagokionez, murriztuta ikusiko dugu. Jauzi hirukoitza bezalako abileziak desagertu egin dira, itxura batean behintzat. Horiek intsigniengatik trukatu dituzte oraingoan: erronka desberdinak gaindituz eskuratuko ditugun tresnak izango dira. Bakarra aktiba dezakegu aldi berean, askotariko abileziak eskainiz. Salto hirukoitza, adibidez, baita txapelarekin planeatzea edo Yoshi bezala airean segundo batez flotatzea.
Beste intsignia batzuk zailtasuna mugatzera bideratuta daude: txanpon gehiago bil ditzakegu, edo amildegietatik erortzen garenean jauzi batez salba gaitezke. Azken medaila berezi batzuek jokagarritasuna erabat aldatuko dute: ikusezin egingo gaituzte, edo une oro saltoka ibiltzera derrigortu.
Ideia batzuk ondo badaude ere, proposamen orokorra desegokia iruditu zait. Eskainitako mugimenduak errepertorio arruntean edo power-upei lotuta egotea nahiko nuke, intsigniekin erabili beharrean. Azkenean, gogoko dituzun pare bat nagusituko zaizkizu, eta besteak erabili gabe geratu; hala ere, hauei lotutako gune bereziak apartak dira, jokagarritasuna mugatuz, baina eraldatuz.
Dinamikotasuna eta txunditzeko ahalmena
Jokoaren benetako izarrak ez dira botereak eta intsigniak izango, zorionez. Guneetako mekanikak eta ideiak dira erabateko ardatza: hipopotamoen gainean errebotatzen, lurrazal automatikoetatik ziztu bizian edo arrabolen gainean oreka mantentzen ibiliko gara. Erronka anitzak dira, eta ez dakigu zer ikusiko dugun hurrengo mailan, jokatzen jarraitzeko gogoak areagotuz.
Erabateko izarrak aipatu gabe utzi ditugu, baina: maila nagusi guztietan aurkituko ditugun lore miragarriek emango diote gatza eta piperra bideojokoari. Hauek agerian edo ezkutuan egon daitezke: ukitzerakoan efektu miragarriak abian jarriko dira, maila zein jokoa zeharo eraldatuta. Adibidez, lehenengo mailan aspaldiko trailerrean ikusitakoa jazoko da: hodiak mugitzen hasiko dira, tamaina aldatuz, edo zizareak izango balira modura biziberrituz.
Liluragarria da, zalantzarik gabe, txanpinoi erresumako lagunen azken abentura deskribatzeko hitzik aproposena.
Lore miragarrien boterearen adibiderik xumeena da, zorionez, mailak itxuraldatzerakoan denetarik ikusiko baitugu Wonderren. Ikuspegia alda daiteke, Goomba edo bestelako arerioetan bihur gaitezke jokagarritasuna eraldatuz, Bulrush dinosauroz bete daiteke pantaila, edo etsai erraldoiak agertzen has daitezke.
Egia esan, hauek ere nahiko adibide arruntak dira, baina ez dizuet ezustekorik izorratu nahi, maila bakoitzean gertatzen dena guztiz desberdina izango baita. Wonderrek harritu eta liluratu baino ez gaitu egingo: beti egongo gara hurrengo mailan gerta daitekeena ikusteko desiratzen. Pizgarri galanta jokatzen jarraitzeko, dibertsioa ez baita inoiz bukatzen.
Arestian Super Mario Maker aipatu dut, eta lore miragarriak hartzerakoan ikusiko ditugu Nintendoren ideia berrien erroak gehienbat. Erronka bitxietan zaleek eraikitze bideojokoan sortzen zituzten mailen zertzeladak nabariko ditugu: etengailuz jositako mailak, erritmo jokoak eta gehiago gainditu beharko dituzte Mariok eta lagunek.
Onena? Lore miragarriak ez ditugula zertan hartu behar. Gehienetan mailak bere horretan jarrai dezake, Nintendok egindako lan bikaina agerian jarrita: Wonderrek ez ditu botere liluragarriok behar maila erakargarriak edukitzeko, baina hauei esker jokoak zerbait berezia eta miragarria irabazten du. Ideia bikainez eta harrigarriz beteta dagoenez, 40 urte dituen frankiziaren oinarriak dibertigarriak izatea lortu dute japoniarrek.
Edonork gozatzeko modukoa
Aurrekoan sare sozialetan bideojokoaren zailtasun mailari buruz hitz egiten ibili ginen euskal bideojokozaleen komunitateko batzuk. Orokorrean ez dugu aparteko erronkarik aurkituko Marioren azken abenturan; alegia, erraz batean gainditzeko oztopoak izango dira nagusi.
Ez dut uste arazoa denik: iturginaren abenturak adin guztietako publiko zabalari zuzendutakoak direnez, ulertzekoa da adituentzat errazegiak egitea. Jokoaren xarma eta magia ez da hor aurkitzen, mailen diseinu zoragarrian eta liluratzeko ahalmenean baizik.
Adituei zuzendutako maila bereziak egon badaude, noski! Jokoko sekretuetako handienak izango dira, eta gainditzeko gorriak ikusi ditut kasu batzuetan: musikarekin batera agertzen eta desagertzen doazen plataformen erronka ikaragarria nahiz gorrotagarria iruditu zait —eta sareko iruzkinak irakurrita, ez naiz bakarra—.
Mundu edo gune nagusi bakoitzean azaldutako mailen kopuruak harritu nauela aitortu behar dut. Lehenengo munduan, esaterako, 20 bat maila daude, nagusiak zein bigarren mailakoak kontatzen baditugu.
Askotan, gainera, mapan ezkutatuta egongo dira. Batzuk esploratuz aurkituko ditugu, baina beste batzuetara iristeko maila barruan dauden irteera berezietara jo beharko dugu. Noizean behin zur eta lur geratu naiz: adibidez, behin jokoa igarota lehen munduan espero baino maila gehiago utzi nituela ohartu nintzen.
Egia da maila asko motzak suerta daitezkeela; jokoaren azken erronkak luzetxoagoak dira, baina lehen munduetan ziztu bizian hel gaitezke helmugako banderara. Tamalgarria da, askotan itzel pasatzen gabiltzala bukatzen baitira desafioak.
Laburrak izatea arraroa da, gainera, mailak gainditzeko daukagun epemuga ezabatzea erabaki dutenean. Mario 2D batek hau egiten duen lehen aldia da: ez dugu betiko “time” klasikoa ikusiko, ezta denboraz estu eta larri gabiltzanean aurrera egitera eramaten gaituen doinutxoa ere. Gune bakoitza esploratzeko nahi beste denbora edukita, ulergaitza da batzuk horren azkar amaitzea.
Denboraren larritasuna kendu badute ere, bizitzek hor jarraitzen dute. Super Mario Odyssey bikainean dagoeneko alboratu zutela ikusita, ez dut ulertzen Wonderrekin hauekin jarraitzeko erabakia: ez dute ekarpenik egiten, beste aro bateko hondakinak dira. Bizitzak ere ezabatu, eta game over bakoitzarekin txanponak kentzea erabaki aproposagoa izango litzateke.
Gune arruntez gain bestelako maila motz bereziak daude. Tankera eta helburu desberdinak har ditzakete: intsigniak lortzera bideratutako erronkak daude, hauen funtzionamenduan sakondutako plataformak eta oztopoak proposatuz. Wriggler ehunzangoaren aurkako lasterketa zirraragarrietan parte hartuko dugu, botereak erabiltzea eskatuko diguten puzzle desberdinak gaindituko ditugu eta arerio sorta jakin bat ahalik eta azkarren akatzen saiatu beharko gara, besteak beste.
Wonderrek ez ditu botere liluragarriak behar maila erakargarriak edukitzeko, baina hauei esker jokoak zerbait berezia eta miragarria irabazten du.
Berezienak, ziurrenik, maila musikalak dira: jokoko unerik gogoangarrienak biziko ditugu horietan, zoragarriak dira. Doinuok guztiz berriak izan daitezke, baina Marioren aspaldiko klasikoak ere berreskuratu dituzte nostalgia sentipen hori pizteko.
Bukatzeko, etsai nagusiak aipatu behar ditut. Maila gehienen bukaeran euren aurka egin beharko dugu, zelan ez. Hauek gainditzea ez da erraza izango, eta ideia nahiz mekanikak sinpleak zein berritzaileak proposatzen dituzte. Tamalez, errepikakorregiak egin daitezke aurkezpen aldetik. Marioren jokoetan askotan gertatzen den zerbait da, eta Wonderrek ildo berbera jarraitzen du.
Ez da berbera gertatzen arerio arruntekin. Ohiko etsaiak ikusiko ditugu. Lore erresuman Goombak, Koopa Troopak eta Cheep-Cheep arrainak daude; zorionez, aurkari berriak ere ageri dira lurraldeotan. Ideia nahiz diseinu apartak eratu dituzte Nintendokoek oraingoan, eta maila bakoitzean ezustekoak hartuko ditugula esan daiteke.
Sekretuak eta biltzeko elementuak barra-barra egongo dira gune guztietan. Hazi miragarriak dira garrantzitsuenak: maila bakoitza bukatzerakoan bat eskuratuko dugu, baina hauetan beste bat egongo da, gutxienez, ezkutatuta. Askotan lore miragarriak ukitu osteko erronka gainditzerakoan lortuko ditugu, baina bestelakoak ere badaude.
Hazioi esker egingo dugu aurrera: maila batzuk itxita egongo dira, eta hauek irekitzeko hazi kopuru zehatza beharko dugu: Super Mario 3D World-en izar berdeen ideia berreskuratu dute.
Lore erresumako saltokietan erosketak egiteko erabiltzen diren lore txanponak ere ditugu. Txanpon arruntekin batera egon daitezke, baina maila bakoitzean hiru lore txanpon erraldoi daude. Dendetan intsigniak, txanpinoi berdeak zein gure pertsonaien euskarriak eros ditzakegu: hauek multijokalarirako balio dute.
Zaindutako kooperatiboa
Desafio ederrak proposatzen dizkigu jokoak, baina onena lagunekin edo familiako kideekin bizitzea da beti. Ohi bezala, lau jokalarirentzako tokiko multijokalaria ikusiko dugu Wonder honetan, baita sare bidezkoa ere.
Elkarrekin batera zeharka ditzakegu mundu guztiak, jokoa erraztuz: jokalari guztiek aldi berean bizia galtzea beharrezkoa izango da jokoa bukatu eta erronka berriz hasteko. Bestela, mamu itxura hartuko dute zendutako jokalariek: bizirik dagoenengana jo beharko da berpizteko, edo lehen aipatutako euskarriak erabili.
Lore erresuman Goombak, Koopa Troopak eta Cheep-Cheep arrainak daude; zorionez, aurkari berriak ere ageri dira lurraldeotan
Aldaketa handia etorri da kooperatiboan. Talkak, kolpeak eta liskarrak guztiz alboratzea erabaki dute Nintendokoek: jokalariek ezin dute elkar ukitu. Alde batetik, ulertzeko erabakia da: jokalari hasiberriei zein adituei zuzendutako abentura izanik, talkek jokagarritasun kaotikoegia eragin dezakete.
Beste aldetik, pena bat da, eta mekanika honen hutsunea igarriko dugu: barre algarak eta gogoratzeko uneak sortzen ziren aurreko Marioetan kaos horrengatik. Aproposena talkak desaktibatzeko aukera egotea litzatekeela uste dut, baina oraingo honetan agur esan beharko diogu Mario kooperatiboen ezaugarri maitatu zein gorrotatu honi.
Bi dimentsioetara itzuli bai, baina edertzeko
Jokagarritasun arloan maisulana da Mario Wonder, bai. Gauza bera gertatzen da, zorionez, aurkezpenarekin: atal grafikoa zein soinua bikainak dira. New Super Mario Brosetako estetika gogaikarria alboratu, eta xarmaz betetako grafiko ederrak sortu dituzte oraingoan. Mundu koloretsuak ikusiko ditugu, baina benetako protagonistak gure heroiak zein arerioak izango dira: animazio liluragarriekin eta dinamikoekin, beti fresko eta eder mantenduko den jokoa eratu dute.
Guneak aipatuta, ohiko girotzeak ikusiko dituzte Mariok eta lagunek, baina berezitasun txikiekin. Basamortuak ezin zuen hutsik egin, baina oraingoan tarta itxura hartuko du, aldi berean arabiar estiloko eraikuntzak hartuta; izotz munduak, bestalde, mendi forma dauka oraingoan, eta gora igo ahala aldatzen joango da. Garrantzitsuena munduotan mailek duten aniztasuna da, ordea: batetik bestera girotzez zeharo aldatuko dugu, denetarik ikusita.
Mario hodi batean sartzerakoan eroritako txapela hartu beharko du, edo, elefante forman tronpa urez beteta badaramagu, maila amaieran ostadarra egingo dugu; jokoa halako keinu txikiz beteta dago, edonor maitemintzeko beste.
Lore hiztunak ere aipatu beharko ditut, ba. Hasiera batean gogaitu egingo nindutela uste nuen, baina, egia esan, jokoa alaitzeko osagai aproposa dira: aholkutxoak emango dizkiguten arren, orokorrean abentura umorez betetzeko eta jokatzera animatzeko adierazpenak egingo dituzte loretxo hauek. Noizean behin irribarretxoren bat edo beste eragin didate, eta bukaerarako esateko dutena entzuteko irrikan ibiltzen izan naiz.
Musika aldetik iturginarengandik espero dezakegun guztia jasoko dugu: doinu ederrak, alaiak eta gogoangarriak. Jokatzen ibili naizen egunetan abestiren bat edo beste buruan sartuta eraman izan dut, eta analisia idazterako unean ere kantu nagusia entzuten nabil. Ez da Marioren soinu bandarik bereziena izango, baina lan bikaina egin dute Nintendoko musikagileek, beti bezala.
Hamar bat ordutan gainditzeko bezalako abentura da Mariorena: sekretuen bila joan gabe pixkat gutxiago beharko duzu, eta guztia bilduta ordu pare batean luzatuko zaizu esperientzia. Motza, baina gogoratzeko modukoa; bideojokoaren amaierara heltzerakoan asebeteta geratu nintzen, baina saminduta. Halako bideojoko alai eta bereziak bukatzeak pena ematen du.
Super Mario Bros. Wonder ez da iturginaren jokorik borobilena izango, baina gaur egun bizi duen aroan merezi duen abentura da, zalantzarik gabe. Dibertigarria eta miragarria, plataforma zaleek gozatu baino ez dute egingo bere erronka zoragarriekin. Ideia mordoa proposatuko dizkigu: aspertzea ezinezkoa da Wonderrekin. Hori da Nintendok bere jokoekin bilatzen duena, eta zalantzarik gabe lortu dutela esan dezakegu. Indie plataforma jokoak nagusitu diren garaian, Mariok erregea dela aldarrikatu du berriro.
Iruzkinak