Ordu laurdenean iturginaren bi dimentsioko abentura berriaren xehetasunak eskainiko dituzte. Urriaren 20an kaleratuko da Switch-erako.

Nintendo Direct berria egingo dute bihar Kiotoko enpresaren arduradunek. Etorkizuneko Switcheko bideojokoak aurkeztu beharrean, oraingoan titulu bakarrean ardaztuko dira: Super Mario Bros. Wonder desiratuan, hain zuzen ere.

“Etorri gurekin Marioren bi dimentsioko albo korritze berriari gainbegiratu sakona emateko”, adierazi dute N handikoek. Joko bakarrari lotutako zuzenekoa denez, ohi baino motzagoa izango da: hamabost minutu ingurukoa, nabarmendu dutenez.

Emanaldia 16:00etan hasiko dute; Nintendokoen YouTube kate desberdinetatik jarrai dezakegu, beti bezala.

Iragarpen bideoan dozenaka mekaniken erauntsia ikusi genuen. Marioren erroetara itzuliko dira, baina hainbat eta hainbat berritasun gehituta. Nabarmenena lore bitxi batek eskainitako botera da: kokalekuak eraldatuko ditu gune berrietarako sarbidea eskainita, eta, aldi berean, jokagarritasunari gatza eta piperra emanda.

Transformazio berriak ere ikusiko ditugu: elefantearena da harrigarriena, baina oraindik ez dakigu zer nolako ahalmenak emango dizkigun. Horrez gain, txapela erabilita planeatzen ariko gara, eta lore erraldoi batekin hegaka.

Multijokalaria Wonderren izarrean bilakatuko dela ikus daiteke irudiotan. Lau lagun elkarrekin ibili ahalko dira joko osoa gainditzen. Oraindik zehaztu gabe dagoen arren, dirudienez oraingoan ez dugu zertan gainerako adiskideekin topo egin behar; hau da, ez da kolisiorik egongo.

Mariorekin batera Luigi, Peach, Daisy, Toad eta Yoshi kuadrilla egongo da: hauetako edozeinekin joka dezakegu.

Aipatutakoak eta are gehiago azaltzea aurreikusten da biharko Super Mario Bros. Wonder Directean. Esan bezala, 16:00etan hasiko dute YouTuben.

Urriaren 20an merkaturatuko dute Marioren 2D abentura berria Nintendo Switch kontsolan esklusiboki.

 

Agur, Charles

Wonderrekin ikusiko dugun berritasun esanguratsuenetakoa ahotsen aldetik etorriko da; izan ere, Charles Martinet Mario, Luigi, Wario eta Waluigi pertsonaien bikoizlariak erretiroa hartuko duela ezagutarazi du.

Mezua Nintendok zabaldu zuen bere kate ofizialetatik. Martineti agurra emateko ekintza berezia egingo zutela adierazi zuten, gainera: Shigeru Miyamoto Marioren sortzailearekin batuko da bikoizlaria horretarako. Baieztatu gabe dagoen arren, suposatzekoa da biharko Directean ikustea.

SMB Wonderren bikoizlari berria entzungo dugu. Nintendok ez du ahots berrien atzean dagoen edo dauden pertsonak aditzera eman; halere, bideoan egiten duten lan bikaina entzun daiteke jadanik.