Ordu laurdeneko Direct aurkezpenean 2D plataforma jokoaren ezaugarri nagusiak errepasatu dituzte. Urriaren 20an kaleratuko dute Switch-ean.

Agindu bezala, Nintendokoek Super Mario Bros. Wonder alaiari zuzendutako aurkezpen berezia egin dute. Bideoan hautatu ahalko ditugun pertsonaiak, bisitatutako ditugun munduak, gainditu beharko ditugun erronkak eta lagunekin jokatzeko bideak ezagutzera eman dituzte.

Baieztatuta zeuden Mario, Luigi, Peach, Toad, Daisy, Toad eta Yoshi heroiei Nabbit lapurra eta Toadette gaztea batuko zaizkie. Nahi duguna aukera dezakegu; batzuek, ordea, ahalmen bereziak edukiko dituzte.

Yoshi dinosauroak bere ohiko mugimenduak erabiliko ditu: flotatzeko ahalmenarekin batera, arerioak irentsiko ditu bere minarekin. Gainera, ez du bizitzarik galduko kolpe arruntekin: zuloetatik erori beharko da partida bukatzeko. Gauza bera gertatzen da Nabbitekin; hori bai, ezingo dira botere bereziez baliatu.

Lore erresuma ezezaguneko zazpi mundu zeharkatuko ditugu beraiekin. Bakoitzak bere girotzea aurkeztuko du, noski, baina mailen artean ere hondo eta gune desberdinak egongo direla ikusi dugu.

Etsai berri mordoa iragarri dituzte Directean: besteak beste, Hoppycats saltokariak, meloi piraña landareak edo dardoak diruditen Condarts-ak agertu dira.

 

Botere ezagunak zein eroak

Zuzenekoaren protagonista esanguratsuenak, baina, botere bereziak izan dira. Iragarpen trailerrean ikusitako elefante boterean sakondu dute: arerioak zein apur daitezkeen blokeak suntsituko ditugu elefantean bilakatuta. Gainera, tronpaz baliatuta objektuak jaurtitzeko zein ura gordetzeko aukera daukagu.

Burbuila boterea da Wonderreko berritasunetako bat. Izenak dioen bezala, burbuilak jaurtiko ditugu power-up honekin: arerioak harrapatu, eta txanpon bihurtuko dira. Zelan ez, burbuila gainean salto egin dezakegu; aproposa leku garaietara zein sekretuetara iristeko.

Zulagailua da Marioren eta lagunen beste ahalmen berria. Salto eginda sekulako triskantzak eragingo ditugu zulagailua buruan daramagula, baina salto birrintzailea ere erabil dezakegu. Ez hori bakarrik: lurrazpitik nahiz sabaitik bidaiatzea posible izango da tresna honekin.

Bukatzeko, suzko lorearen itzulera baieztatu dute japoniarrek. Objektu bat sakelan gorde dezakegu; horrela, aprobetxa dezakegunean erabiltzeko aukera edukiko dugu.

Boterea baino, eromena eragingo duen erreminta izango da mirari lorea (wonder lorea). Jokoko objektu garrantzitsuenetakoa da: berari esker mailak zeharo aldatuko ditugu, une zoroak sortuta. Esaterako, zeruan ager gaitezke, baita etsaien samalda eragin ere. Zalantzarik gabe, abenturako unerik gogoangarrienak eratzeko balioko du lore bereziak.

Medailak izan dira aurkezpeneko ezusteetako bat. Mugimendu bereziak ahalbidetuko dituzte; halere, bakar bat eraman dezakegu mailako. Jokatzeko modua erabat aldatzeko balioko dutela diote Nintendokoek: horma saltoa aktibatu, txapela jausgailutzat erabili, gantxo modua eskuratu... dozenaka ahalmen eskainiko dizkigute.

Hauek erronka bereziak gaindituta zein dendetan lore txanponak xahututa desblokeatuko ditugu.

 

Kooperatiboa mundu osoan

Multijokalariari dagokionez, tokikoa zein online izango da. Lau pertsona aritu daitezke elkarrekin tokiko kooperatiboan. Ohi bezala, elkarri laguntzeko aukera egongo da: jokalari batek bizia galtzerakoan mamuan bilakatuko da. Segundo batzuez lagunek ukituta berpiztu daiteke, azkar ibiltzea komeni beraz!

Hori bai, jokalarien arteko talkak desagertu egin direla dirudi. Agian elefanteen tamainari lotutako aldaketa da, edo aukeretan aktiba daitekeen zerbait, baina itxuraz kooperatiboko partidak ez dira aurreko jokoetan bezain kaotikoak izango.

Online multijokalariak hainbat berezitasun edukiko ditu. Partida arrunta jokatzeaz gain, gure partidetan munduko beste etxeetako jokalarien itzalak ikus ditzakegu.

Hauekin elkarreragiteko aukera edukiko dugu, gainera: botereak pasatzen edo mamuak berpizten ariko gara. Horrekin laguntzeko pertsonaien panelak desblokeatuko ditugu: hauek mailetan jarrita gainerako jokalariei lagun diezaiekegu jokatzen egon gabe.

Lagunduz gero, bihotz puntuak eskuratuko ditugu. Ez dute zehaztu hauek zertarako balio duten, gogobetetasun pertsonala kenduta.

Onlinean ekimen bereziak antolatzen ere ibiliko gara. Adibidez, lasterketak prestatzea posible izango da, gainerako itzalekin ziztu bizian lehiatzeko.

Super Mario Bros. Wonder urriaren 20an estreinatuko da Nintendo Switchean. Kontsola modelo bereziarekin helduko da, gainera: Marioren gorria daraman gailua urriaren 6an merkaturatuko dute.