Oraingoz, PCrako egokitzapena izango da, adimen artifizialik gabe erabilitako birkonpilazioa prestatuta. “Laster” iritsiko omen da.

Zale taldeek osatutako port eta birkonpilazio proiektuen mundua erritmo izugarrian hedatzen doa. Edozein bideojokoren egokitzapenak ospatzekoak dira, baina, zaleek gehien desiratzen dituztenak titulu klasiko handienak dira. Horixe da Luma’s Workshop taldeak iragarritako moldaketaren kasua: AstroCore proiektua Super Mario Galaxy originalaren birkonpilazioa da.

Dekonpilazio lana oraintsu bukatu badute ere, lehen bideoan erakutsitako portaren egoera nahiko harrigarria da: SMG originala PCko berezko bertsioan ageri da mugitzen. Oraingoz, ez dirudi inolako hobekuntzarik edo aldaketa handirik inplementatu dutenik, baina lehen pausoak ematea lortu dute jadanik.

Zer nolako berrikuntza grafikoak, mod-ak edo kontrol aldaketak datozen ezagutaraztea geratzen da orain: adibidez, Wiimote agintearen berezitasunez baliatzen ziren mekanikak nola moldatuko dituzten. Ordenagailuetarako bertsioa da garatzen ari direna, oraingoz, behintzat: hori bideratuta, ziurrenik beste gailu eta plataforma desberdinentzako portak ere ikusiko ditugu.

Egileek aldarrikatu dutenagatik, adimen artifizialik gabeko birkonpilazioa da prestatzen dabiltzana; hau da, kodea gizakiek eratutakoa da. Egun ikusten gabiltzan AA bidezko proiektuengandik (vibe coding) aldendu direla adierazi dute, modu horretara, zaleak lasaiarazita.

Dekonpilazioa amaituta, horren arduradunek beste joko batera jo dutela diote: Super Mario Galaxy 2ren kodearen moldaketara, hain zuzen, lehenengoarekin oraintxe egiten dabiltzana bideratu ahal izateko. Iturginaren ospea ezagututa, ez da harritzekoa bere jokoak birkonpilazio proiektuetarako aukeratutakoak izatea: aldez aurretik, Super Mario 64 bezalako tituluen moldaketak eta portak ikusi ditugu.

AstroCore “laster” argitaratuko omen da; esan bezala, PCan estreinatuko da lehenik Super Mario Galaxyren egokitzapena.