Mario iturginaren hiru dimentsioetako abenturak kaleratzen dituen bakoitzean, bideo-jokoen munduan eztanda eragitea lortzen dute Nintendo-ko japoniarrek. Azkena, Super Mario Odyssey, jokoen historiari keinu egiten dion abentura erraldoia da: oinarrizko jostagarritasunik sinpleena zaindu eta maitatuta, era guztietako berritasunak eta mekanikak aurkezten ditu bibotedun iturginaren odiseak.

Hiru dimentsioetara Mariorekin jauzi egin genuen askok 90eko hamarkadan. Super Mario 64-k mundu berria aurkeztu zigun bideo-jokozaleoi, bai atal teknikoaren aldetik, bai mekaniken esparrutik. Bi dimentsioetako planoan mugitzea bukatu zen; jostagarritasun askoz konplexuagoa inplementetatzen hasi ziren bideo-jokoetan. Dagoeneko ez zen nahikoa aurrean genuenari adi egotea; horrez gain, mugitzeko bideak eta aukerak biderkatu egin ziren: Mariok salto arrunta erabiltzearekin batera beste dozenaka mugimendu irabazi zituen. Guzti horiek ezagutzera emateko jokoak modu natural batean eskainitako tutorialak ez ziren nahikoa, eta testu bidez azaltzeari ekin behar izan zioten Nintendo-koek, jokalari beteranoek zein hasiberriek egin zezaketen guztia ikasteko eta barneratzeko.

Ordu hartan hasi ginenok horixe bera egin dugu bai SM64 zein ondorengo 3D Marioekin. Iturginaren joko berriren bat hartzerakoan ez dugu tutorialen edo giden beharrik izaten: soberan dakigu itzulipurdiak nola egiten diren, hormetatik saltoka ibiltzen edota jauzi hirukoitza erabiltzen. Oinarri guzti horiek hartzen ditu jatorriz 2017an kaleratutako Super Mario Odyssey-k. Aurreko jokoetan ikusitako guztia naturaltasunez berrerabiltzen du, Nintendoren ohiko mekanika klasiko horiei txoko bat eskainita; aldi berean, abentura goitik behera aldatzea lortzen duten berritasunak gaineratzen dizkio hiru dimentsiotako Marioren formula ezagun horri.

Narratibak ohiko egitura jarraitzen du. Bowser bilauak Peach printzesa bahitu du, eta bera salbatzea izango da abenturak aurkeztatutako erronka handia, lehenengoa behintzat. Joko hasieran gertatzen den borroka baten ondoren, Mario zerutik eroriko da, Bowserrek bere kapela ezaguna zanpatzen duen bitartean. Zorionez, Cap Kingdom erreinuan bukatuko du, Cappy izeneko kapela bizidun magikoa ezagutuko duen tokia. Cappy Bowserren atzetik dabil baita ere, Tiara ahizta bahitu baitu Koopa guztien erregeak. Marioren kapelaren itxura hartuta, Cappy eta iturginak hainbat erreinu bisitatuko dituzte Odyssey ontzi hegalariari esker; hori egiteko munduetatik sakabanatutako ilargiak batu beharko dituzte, SM64-ko izarrak edota Sunshine-ko eguzkiak ordezkatuko dituen elementua.

 

Handitasuna, txikitasunean konprimatuta

Antzekotasunekin jarraituta, erreinu edo mundu bakoitzak aurreko jokoetako izaera berbera hartzen dute. Gune irekiak izango dira, eta horiek zeharkatzeko askatasun osoa edukiko dugun arren, hasiera batean mugatuta egongo dira. Aurrera egiteko adierazitako helburuak bete beharko ditugu: leku batera iristea edota etsai nagusiren bat garaitzea izaten ohi dira, ondoren ilargia eskuratzeko. Hori egiterakoan munduaren gune berriak zabaldu edota oztoporen bat desagertuko da, esplorazioa erraztuta edo areagotuta. Beraz, mundu irekiei buruz hitz egiten ari garen arren mailaka irekitzen doazen eremuak direla esan daiteke, Nintendo 64-ko abenturan gertatu modura; sandbox kutsua daukate, baina mundu ireki erraldoiak izan gabe. Hori bai, oraingoan ez dugu erdiko mundu edo HUB bat ikusiko, eta leku batetik bestera bidaiatzeko Odysseyra igotzea baino ez dugu izango.

Azken jokoetan Marioren girotzeak aniztasun handia lortzen joan direla ikusi izan dugu, eta Odysseyrekin ere berbera gertatzen da. Ahaztu zelaiak, sumendiak eta elurrezko munduak: Tim Burton-en lanak gogora ekartzen dituen zuri beltzezko Cap Kingdom, bizitzaz betetako New Donk City hiri erraldoia eta janaria ardatza den Luncheon Kingdom koloretsua bisitatuko ditu iturginak oraingoan, besteak beste. Bakoitzak bere ezaugarri eta izaki propioak ditu, baita estra interesgarriak erosteko balioko duten moneta desberdinak ere: jantzi eta txapela ugari daude, Marioren ibilbide luzeari zein Nintendonari erreferentzia egiten dieten hainbat elementurekin. Horiez gain, Odyssey ontzia apaintzeko eranskailuak, figurak eta beste hainbat bitxikeria ere bilduko ditugu. Jokoan aurrera egin ahala gero eta gauza gehiago eros daitezke saltoki desberdinetan, eta horretarako ezinbestekoa da txanpon arruntak zein mundu desberdinetako moneta mugatuak biltzen joatea.

Erreinu bakoitzeko helburuak betetzen joan ahala hauek itxuraldatzeko aukera ere egongo da: gauetik egunera igaro, ekaitz bat argitu eta bestelako kasuak eman daitezke, mundu biziak direnaren sentipena lortuta. Une oro bete beharreko helburu nagusia agertuko zaigun arren, erreinuetatik mugitu ahala askotariko erronkak, probak eta bigarren mailako helburuak aurkituko ditugu; gure esku egongo da hauek gainditzea, eta misio nagusian aurrera egitea.

 

Txapelak guztientzat

Kokaleku desberdinak Super Mario Odysseyren bihotza dira, baina bere arima goian aipatutako mugimendu sorta eraberrituan dago. Esan bezala ohiko mekanikak batzen ditu bideo-jokoak, baina aldi berean mugitzeko, erasotzeko eta azken finean, jokatzeko orduan abentura guztiz aldatuko duen berritasuna dakar. Hori Cappyren ahalmenen eskutik dator: kapela jaurtitzeko abilezia izango du Mariok oraingoan, eta etsai batzuk akatzeko ahalmenaz gain bere gainean errebote egin eta jauziak luzatzeko aukera emango digu. Kokalekuetatik mugitzeko askatasuna beste maila batera eramaten dute: erabiltzeko dibertigarriak diren abileziak izateaz gain, era aproposean baliatuz gero ia edonora irits gaitezke. Hala ere, mugimendu horiek adiskide berri honek eskainiko duen oinarrizko laguntza baino ez dira izango.

Joko hasieran Mario jauzilari trebeak gainditu ezingo duen salto batekin topo egingo dugu. Ondoan igel batzuk ikusiko ditugu, lasai batean, eta Cappyk horietako batera jaurtitzeko eskatuko digu. Sekuentzia beldurgarri nahiz bitxi baten ondoren, Mariok igelaren gorputzaren kontrola hartuko du, bibotea eta kapela mantenduta, nola ez. Horri esker, jauzi handiagoak egiteko ahalmena eskuratuko du, nahi duenean kontrolatutako izakiaren gorputzetik irtetzeko aukerarekin.

Argi dagoen bezala, igela ez da izango Mariok abentura honetan kontrola dezakeen izaki bakarra. Dozenaka etsai, izaki, animalia eta objektu ikusiko ditugu iturginaren bibotearekin: Goomba-k, Koopa Tropa-k, espazio ontziak, argindar zutoinak edota tiranosauroak kontrolatuko ditugu abenturan zehar. Bakoitzak mugimendu eta ahalmen bereziak eskainiko dizkigu: sua pizteko beharra izanez gero Fire Bro batez baliatu gaitezke; hormak puskatu nahi baditugu Chain Chomp bat erabili dezakegu, eta suzko itsasoak zeharkatzeko Lava Bubble bat kontrolatu ahalko dugu, substantzia arriskutsu horretan igeri egiteko ahalmena lortuta.

Unetxo baterako lortutako mugimendu berri horiek pantailan agertuko zaizkigu, harrapatutako izaki bakoitzak egin dezakeena modu errazean jarraitu ahal izateko. Hortaz, esan bezala mugimendu berriak erabiltzen ikasteko naturaltasun hori galdu egiten da; aldi berean, ezinbestekoa da, abilezia sorta ikaragarria baitu Mariok beste izakien gorputzetan sartzeko aukera horri esker. Edonorentzako erabilterrazak izateko egin beharreko sakrifizioa da, baina egia da izaki bakoitzak mugimendu pare bat soilik dituela; ez gara zoratuko gorpu berri batera sartzerakoan, eta minutu batean ahalmen horiek kontrolatzen ikasiko dugu, arazo handirik gabe. Hau da, denbora guztian mekanika desberdinak ikusten joango gara, baina sinpleak izan ohi dira; mundu eta oinarri berberekin arau desberdinak ezartzen dizkigun joko eraberritu batera jokatzen gabiltzala esan daiteke.

 

Amaigabeko erronkak

 

Erreinuetatik zehar bidaiatzea zein etsai nagusien aurkako borroka ikusgarriak zirraragarriak izatea lortzen du horrela Odysseyk. Dibertigarria da, beti ibiliko zara gozatzen jokatzen zabiltzala. Nintendoren nahiz Marioren jokoen ardatzetako bat, argi dago: hau areagotzea lortu dute iturginaren azken abenturarekin. Mugimendu sorta eta abileziak aipatuta, munduetatik sakabanatutako minijokoak eta bestelako erronkak nabarmendu beharra dago baita ere. Askotariko probak aurkituko ditugu: lasterketa mota desberdinak, sokasaltoa, puzzleak, ahalik eta bide zehatzenak eratzeko jokoak, kirolak… jokatzeko dibertigarriak, eta gainera aurreko markak hausteko aukerarekin, orduak eskaini ditzakete. Ezagunak dira, esate baterako, 8 bit estiloko atalak: hodi errektangular batzutetatik sartzerakoan, Mariok bere lehen jokoan zeukan itxura hartuko du. Momentu horietan jostagarritasuna bi dimentsiotakoa izango da beste batez, atal tekniko aldetik zoragarriak diren mekanikak eratuta. Amets hutsa.

Munduetako zokorik ezkutuenetan egon daitezke sekretu eta erronka hauek: harrigarria da askotan iristeko ezinezkoa dirudien leku batera heltzea, eta bertan ordainsari edo desafio berri batekin topo egitea. Hau etengabe gertatzen den zerbait da, gainera: garatzaileek argi izan dute jokalariek eskura dituzten abilezia guztiak erabiltzeko gai izango direla, eta horiei saritzeko bideak bilatu dituzte.

Aurreko jokoetan ikusitako guztia naturaltasunez berrerabiltzen du, Nintendoren ohiko mekanika klasiko horiei txoko bat eskainita; aldi berean, abentura goitik behera aldatzea lortzen duten berritasunak gaineratzen dizkio hiru dimentsiotako Marioren formula ezagun horri.

Nabarmendu beharra dago huts egiteak ez duela jokoaren bukaera eragiten. Ez dago “game over”-ik: bizitza barra hustu edo amildegi batetik erortzerakoan Mariok txanpon batzuk galduko ditu, eta kitto. Eskertzekoa da; jokalari hasiberriek zein beteranoek nahi bezala aritzeko aukera dute horrela, berriz “zerotik hasteko” beldur hori saihestuta, eta ausardia zein iaiotasuna sarituta.

Lehen aipatu bezala, jokoaren helburu nagusia Peach Bowserren atzaparretatik salbatzea izango da. Hori, baina, ez da jokoaren amaiera izango: istorioa bukatuta egiteko berriak izango ditugu, jokoaren benetako desafioak. Hauek jokalari adituei zuzendutakoak izango dira nagusiki —nabarmentzekoa da azken erronka, bideo-jokoetan iaioenentzat soilik zuzendutako desafio luzea—; berritasunen artean egongo dira jokoaren erronka eta desafio zailenak. Hauek gainditzea meritu hutsa da jokalari beteranoenentzat, baina jokoak une oro daukan jarraipena nabarmentzekoa da: ez dugu sentituko zailtasun hori bat-batean areagotu denik, eta desafio nekezenak gainditzeko unea iristerakoan aurreko guztietatik norberak lortutako abilezia eta iaiotasun hori nabariko dugu.

 

Bidaia eder eta bizia

Atal grafikoa aipatu behar dut baita. Dagoeneko lau urte ditu, baina Super Mario Odysseyk Nintendo Switch kontsolako jokorik liluragarrienetakoa izaten jarraitzen du. Benetan zaindu duten atala da, eta gozatzekoa da mundu desberdinak zein bertako pertsonaiak mugitzen ikustea. Mariotik hasita, iturginak dozenaka animazio nagusi zein txiki ditu, eta jauzika nahiz itzulipurdika ikustea gozamen hutsa da; lasterka dabilela txapela mugitzen ikustea, bere keinuekin eta begiradekin batera, jokatzeko argudioa da bere horretan. Mundu koloretsu eta biziak bisitatuko ditugu, bakoitza girotze desberdinarekin, baina baita arerio eta pertsonaiekin ere. New Donk Cityk kutsu errealistagoa hartzen du, New Yorken oinarritutako etxe orratz handiekin, taxiekin eta 50eko hamarkadako janzkera duten pertsona arruntekin; Fosil Falls-en dinosauroak ikusiko ditugu estetika koloretsuagoa hartuta, baina Marioren ohiko girotze eta estetika oinarri dituzten munduak ere batzen ditu Odysseyk. Ez gara aspertuko, eta hurrengo erreinua zer nolakoa izango den ezagutzeko irrikan egongo gara. Jokoa inoiz ez dela bukatuko dirudi askotan, baina etengabe hazten eta areagotzen doa.

Ezin naiz musikari buruz hitzik egin gabe geratu. Askotariko generoak batzen ditu Super Mario Odysseyk, batez ere jazz estiloko Big Band doinuak hartuta. Soinu banda itzela da. Mundu bakoitzak bere abestiak ditu, eta hainbat unetan entzungo ditugu hauen bariazioak. Buru barruan geratuko zaigun kanta ugari biltzen ditu iturginaren azken abentura handiak: Naoto Kubo japoniarrarenak dira gehienak, baina bertatik ibili da baita Koji Kondo maisuaren batuta.

Plataforma jokoen zalea izan edo ez, bideo-jokoen zale orok jokatu behar duen lana da Super Mario Odyssey. Ez du aspertzen, jostagarritasun sinple baina aberatsa dauka eta guztia aurkezpen bikain batekin batzen du. Kritika zein zaleentzat Marioren hiru dimentsioetako abenturak maisulanen artean onenak izan ohi dira, baina Switcheko obra honek beste maila batera eramaten ditu iturginaren jauziak.

Super Mario Odyssey datozen hamarkadetan gogoratzen jarraituko dugun abentura horietakoa da: erabateko maisulana. Nintendok Marioren jokoetako oinarrizko mekanikak mantendu, eta aldi berean eraberritu egin ditu, ohituta gauden abentura mota honek eskaini ditzakeen aukerak biderkatuta.