Doako 1.1.0 adabakiarekin Mario Party, Partner Party eta Free Play joko motak online gozatu daitezke lagunekin.

Tokiko multijokalarien erregeetako bat izan da Mario Party saga 1998an Nintendo 64 kontsolarako argitaratu zenetik. Ordutik hona joko berriak gelditu gabe garatzen ibili da Nintendo, azkena Switcherako 2018an kaleratutako Super Mario Party izanik.

Zaleen artean arrakastatxoa izan arren, ohiko kexetako bat tokiko multijokalarian gelditzearena izan zen, egungo ezaugarrietara moldatu eta sarean jokatzeko aukerarik eskaini gabe. Hori ustekabean aldatu du orain Nintendok abisatu gabe argitaratutako eguneraketarekin.

Online multijokalaria gehitu du 1.1.0 adabakiak. Joko mota guztietan saretik jokatzeko aukera ahalbidetzen du: Mario Party, Partner Party zein Free Play partidetan, hain zuzen ere. Jokatzeko unean bakoitzak bere kontsolatik egin dezake, baina bi pertsonak kontsola berbera erabilita beste jokalari batekin edo birekin jokatu dezakete gainera.

Sarean jokatzerakoan 20 pertsonaiak zein mapak erabilgarri egongo dira, norberak desblokeatu gabe eduki arren. Nintendok zehaztu duenez jokoak biltzen dituen 80 minijokoetatik 70etara jokatu daiteke online. Hauek dira kanpoan geratu diren probak:

  • Strike It Rich
  • Time to Shine
  • Take a Stab
  • All-Star Swingers
  • Rhythm and Bruise
  • Pep Rally
  • Wiped Out
  • Fiddler on the Hoof
  • Clearing the Table
  • Baton and On

Eguneraketa guztiz doakoa da; halere, sarean jokatzeko Nintendo Switch Online zerbitzuaren harpideduna izatea beharrezkoa dela nabarmendu dute Nintendokoek.