Akaneia taldeak proiektuaren 0.9 bertsioa kaleratu berri du, Sonic eta Lucas inplementatuta.

Super Smash Bros borroka sagak sekulako indarra dauka romhack-en eta mod-en munduan. Orain arte, baina, frankiziako jokorik maitatuenak, Meleek, ez du proiektu handirik jaso: hori aldatzera dator Akaneia sortzaileen taldea. SSB Meleeri denetariko edukiak gehitzen dizkion Akaneia moda argitaratu dute bideojokozaleek.

Zehazki, pertsonaiak, mapak, garaikurrak —tira, figurak—, musika eta gehiago inplementatzea lortu dute modarekin. Duela egun batzuk argitaratutako 0.9 adabakiak, esate baterako, SSB Brawl-etik aurrera gehitu ziren Sonic eta Lucas jokagarri bilakatzen ditu GameCubeko jokoan. Mugimenduak eta soinuak joko ofizialetatik eratorritakoak badira ere, modeloak eta efektuak erabat originalak dira: zaleek sortutakoak, alegia.

Akaneiaren aurreko bertsioetan beste hainbat pertsonai ikusi ditugu: Charizard, Diddy Kong nahiz Wolf sortu zituzten, adibidez, 0.8 bertsiorako.

Gauza bera gertatzen da borrokalekuekin; izan ere, Delfino Plaza, Green Hill Zone, Luigi’s Mansion eta Animal Crossing-eko herrixka bezalako guneak bisita ditzakegu orain Meleen. Zelan ez, mapa bakoitzari dagokion doinuak entzungo ditugu; are gehiago, hainbat abesti txertatu dituzte gune bakoitzean.

Modalite berriak dira Akaneian aurkituko ditugun beste berritasunetako batzuk. All Stars Versus, Tag, Turbo edo Volleyball bezalako joko motak Meleek berez dituen aukerei gehitzen zaizkie modu horretara.

Lagunekin sarean jokatu nahi dutenentzat Akaneia Slippi aplikazio ezagunarekin batera erabil daitekeela azpimarratzekoa da. Dolphin emulatzailea erabilita sareko hainbat ezaugarri inplementatzen ditu Slippik: rollback netcode-a, partiden bilaketa zein errepikapenak ahalbidetzen ditu.

Akaneia erabili ahal izateko, argi dagoenez, Super Smash Bros Meleeren ISO originala beharko dugu: zehazki, 1.02 bertsioa (USA). Hau eskuratuta, proiektuaren Github webgunera jo eta Akaneiaren azken fitxategiak jaitsiko ditugu; bertan daude moda prestatzeko azalpen guztiak.

 

Komunitatea SSB guztietan murgilduta

Aipatu modura, hainbat dira zaleen eskutik eraldaketak jaso dituzten Super Smash Bros tituluak. Gure web orrialdean askotan hitz egin dugu Nintendo 64 kontsolako borroka joko originalaren Smash Remix romhackari buruz, adibidez: Akaneiak bezala borrokalariak, mapak eta joko motak gaineratzen dizkio Nintendoren lanari.

Smash Brosen modik ezagunena, ordea, Wii kontsolako Brawl bertsioarena da. Project M-k hainbat urte ditu, eta gaur egun itxita dagoen arren, Project+ izenarekin bizirik jarraitzen du. Jokagarritasuna orekatzera bideratutako moda da berez, baina bidean aurrekoen moduko berrikuntzak jaso ditu, mekanika berriak eta guzti inplementatuta.