Urteak igaro dira lehen Oculus Rift errealitate birtualeko betaurrekoekin VR bideojokoen garaiari hasiera eman zitzaionetik: 2016an ofizialki argitaratu zirenetik marka honetako hainbat modelo desberdin merkaturatuko dira, eta Valve, PlayStation, HTC, Lenovo eta beste zenbait enpresek bide berari ekin diote, kalitatea zein erosotasuna areagotzeko helburua hartuta.

Hala eta guztiz ere, estilo honetako jokoetara aritzeko aukera orain gutxi izan dut lehenengoz. Pistol Whip edo Resident Evil 4 VR bezalako tituluak pixkat probatu ondoren, errealitate birtualean benetan murgiltzeko hautatutako jokoa Superhot VR izan da. Zergatik? Ezagunek zorabiatu gabe jokatzen hasteko jokorik aproposena dela gomendatu didatelako, batez ere.

Ez da harritzekoa: Superhot VRn ez gara askorik mugituko, ez gure gelan, ez mundu birtualean; egia esan, mugimendu guztia gure kaskoekin egindakoa izango da. Ez gara stick-arekin aurrera eta atzera ibiliko, ezta teleportatzen ariko ere. Mailaz aldatzerakoan egindako trantsizioak alboratuta, toki berean, mugitu gabe, biziko dugu proposatuko diguten erronka bakoitza.

Superhot Team estudioaren obra honek jatorrizko jokoaren elementu guztiak hartu eta errealitate birtualerako moldatzen ditu. Maila bizkorrak eta zirraragarriak ikusiko ditugu behin eta berriro, guztiek helburu berbera partekatuz: etsai guztiak akatzea.

Oinarriak mantentzen badira ere, ulertzekoa den modura, betaurrekoek zein aginte bereziek jokagarritasuna goitik behera aldatzen dute. Kolpeak ematea, arma desberdinekin tiroka aritzea, arerioen balak gelditzea zein zutabeen eta kaxen atzean ezkutatzea gure mugimenduei lotuta egongo da oraingoan.

 

Sinpletasunean murgiltzen

Sinplea, baina eraginkorra. Hori zen Superhoten gakoa, eta gauza bera gertatzen da errealitate birtualeko jokoan. Etsai bat hurbil daukazula? Ukabila mugitu eta aka ezazu, edo, armaren bat badarama, lapur iezaiozu. Bala batek joko zaituela? Eskuan duzun tresna hori jarri bere ibilbidean tiroa eteteko. Ez da batere konplikatzen: jokoaren azalpenak oso urriak izan ohi dira, ez duelako besterik behar. Egin beharrekoak argi daude, eta gauza bera gertatzen da horiek lortzeko bidearekin.

Platerak, edalontziak, botilak, labanak, aizkorak, pistolak, uzi-ak edo eskopetak erabiliko ditugu, besteak beste. Hauek gure inguruan botata egongo dira, edo, esan bezala, etsaiengandik lortuko ditugu. Ikusgarritasuna nabarmentzen da, noski: John Wick bezala sentituko gara gaizkile bat akatu, honen armak airean salto egin, eta guk hartzerakoan —hauek guregana hurreratzeko joera dute, nola ez—. Kolpe nahiz tiro bakarra beharko dugu arerioak hiltzeko, baina gauza berbera gertatzen da gurekin: eraso bakarra jasoz gero, maila osoaren abiapuntura itzuliko gara.

 

Mugitu aurretik, hausnartu

Titulu originalaren berezitasunik handiena ere mantentzen da VR bertsio honetan; izan ere, geldi gauden bitartean denbora eten egingo da —oso, oso geldo igaroko da, hobeto esanda—. Edozein mugimendu egiterakoan (burua zein eskuak mugitu, objektuak hartu, tiro egin— gure inguruko guztia abian jarriko da: arerioak mugituko dira, jo zein tirokatu egingo digute eta balek aurrera jarraituko dute. John Wick aipatu dut lehen, baina, egia esan, Matrix filmetako Neo bezala sentituko garela esatea aproposagoa da.

Mugimendu guztia gure kaskoekin egindakoa izango da.

Hortaz, erronka bakoitza hasterakoan gure inguruan daukaguna aztertzea izango da eman beharreko lehen pausoa: Armarik ote dugu eskura? Non daude etsaiak? Zer egin behar dut bizirik jarraitzeko? Esan bezala, geldi gauden bitartean nahi beste denbora izango dugu gure ingurunea ikertzeko; maila berri bat hasi eta jarraian mugitzen hasten bagara, ziurrenik ez dugu denborarik izango etsaiak nondik datozen identifikatzeko.

Atal grafikoari eta estekoari esker gure helburuak era argian ikusiko ditugu, hori bai: Superhot originalera jokatu bazenute, ondo ezagutuko duzue bere itxura. Poligono gutxiko modeloak, kokaleku zuriak eta arerio gorriak azalduko zaizkigu; erabiltzeke ditugun tresna eta arma guztiak, berriz, beltzez irudikatuta daude. Modu horretara, pantailan azaltzen den guztia amen batean identifikatuko dugu, asko eskertzen den zerbait.

Hori argi izanda, Superhoten gakoetako bat pazientzia edukitzea dela ikusiko dugu. Bizkorra izatea garrantzitsua da, baina etsaien mugimenduak eta jarrera ulertzena ezinbestekoa izango da aurrera egiteko. Akzioa da nagusi, inolako zalantzarik gabe… baina erronkek puzzle tankera daukatela ere antzemango dugu: horiek gainditzeko dozenaka bide daude, eta gure iaiotasunak ere zeresana edukiko du, hori bai.

Normalean, maila bakoitza atal edo kokaleku desberdinetan banatuta egongo da. Arerio guztiak akatzerakoan, apurtu beharreko piramide txiki bat azalduko zaigu, eta hori egiterakoan hurrengo atalera teleportatuko gaituzte. Hau kokaleku bereko beste txoko bat izango da, maila osorik bukatu arte.

Arnasa hartzeko —eta gure gela suntsitu ez dugula ziurtatzeko— etenaldiak alboratuta, erritmo frenetikoa du Superhotek. Ez dugu atsedenik hartuko, eta leku berean egongo garen arren, balak ekiditeko mugitzen ibiliko gara uneoro: Beat Saber datorkit burura etsaien tiroak saihesten ibili naizela egin beharrekoengaitik. Modu apartean batzen ditu erritmo bizia zein erabakiak hartzeko etenak. Ikaragarriak dira itxaropen guztia galdu ondoren gain-azpi egiteko aukera ditugun partidak: jaurtitako botila horrek urrutiko gaizto bati emanda bere arma lortu eta gainerakoak akatzea izugarrizko sentipena da.

Asasino aditu bat sentiaraztea lortzen du jokoak. Garatzaileek bilatzen zutena, ziurrenik. Hala ere, esan bezala tituluak ez dauka aniztasun handirik ez mekanika sakonik. Maila guztietan gauza bera egiten ariko gara, modu berean —armak gure eskuetara iristeko bidea baino ez da aldatuko, azken finean—. Hori horrela, gogaitzeko aukera hor dagoela nabarmendu beharra dago: premisak ez badigu txoratzen, ezer gutxi izango dugu gozatzeko.

 

Eduki eskasia

Zoritxarrez, arma kopurua ere oso urria da: arestian aipatutakoak baino ez ditugu izango. Abilezia berezi bakarra "izpi" antzeko bat jaurtitzekoa izango da. Aproposa da armarik gabe gaudenean urrutiko etsaiak akatzeko, baina egia esan, erabiltzea ez zait gehiegi gustatu. Gainerako erremintetatik urrun geratzen dala iruditu izan zait, eta askotan ahaztu egiten nintzen berataz.

Errebolberrak, rifleak, eta, batez ere, frankotiratzaileak faltan botatzen dira. Gorputzez gorputzeko dueluren bat ere gehigarri interesgarria izango litzateke. Baina ez, aniztasun mugatu horrekin azkar batean utziko diogu esperimentatzeari. Armak errekargatu behar izateak ere gatza eta piperra emango lioke, edo etsaiek armadura eramatea, adibidez: beste joko batzuk mekanika hauek dituzte, eta ondo funtzionatzen dute, larritasuna eta zirrara gaineratuta.

Edozein mugimendu egiterakoan (burua zein eskuak mugitu, objektuak hartu, tiro egin— gure inguruko guztia abian jarriko da.

Ikustekoa denez, garatzaileek sinpletasunera jo nahi izan dute. Alde batetik ondo dago, edonorentzat aproposa den titulua eratzea lortu dutelako. Esan bezala, ez dago inolako misteriorik: arerioak jo edo tirokatu, eta aurrera egin. Dena den, mekanika pare bat gehiago inplementatuta are joko hobea lor zitekeela uste dut.

Hau esanda, iraupenak bere alde jokatzen duela azpimarratzea falta da. Ordu gutxi batzuetan gaindituko dugun bideojokoa da Superhot VR; zehazki, gogaitzen hasten garenean bukatuko dugu abentura. Onena, baina, jokoa bukatzerakoan desblokeatuko ditugun modalitate berriak izango dira. Hasteko, modu amaigabea dugu: kokaleku bat hautatu eta hil arte borrokan ariko gara bertan. Zailtasun handiko joko mota da, eta puntuazio sistemak gatibatuta edukiko gaitu.

Bigarrenik, erronkak edo aldagailuak ditugu. Hauekin jokoko maila guztietara baldintza desberdinetan ariko gara: arma guztiak kentzea, balak azkarrago mugitzea, speedrun modalitatea, joko osoa bizi bakarrarekin gainditzea eta beste hainbat aukera proposatzen dizkigute.

Laburbiltzeko, abentura bukatu ostean jokatzeko gogoekin jarraitzen baduzu, bi joko mota gehigarri hauek benetan aproposak dira. Ez bada horrela, iraupen murriztuak ez dizu aspertzeko astirik emango: konturatzen zarenerako joko nagusia amaituko duzu. Esandakoak atzera egitera bultzatzen bazaitu, prezioa jakiterakoan agian beste modu batera ikusiko duzu: 23 eurotan saltzen den jokoa dugu, baina asko kosta gabe merketuta aurki dezakegu.

Superhot VR sekulako jokoa da, zalantzarik gabe. Errealitate birtualean gaur egun aurkituko duguna modu ezin hobean aurkezten du. Sinpletasuna da bere ardatzetako bat, eta horretaz baliatzen da akzio ikusgarria eta dibertsioa nabarmentzeko. VR betaurrekoekin hasteko aproposa da gainera, bere mekanikekin errealitate birtualera ohitzea erraza izango baita. Luzera gogaikarria egin daitekeen arren, ziurrenik lehen partidetan gozatu baino ez duzu egingo: zaila da kontrakoa ikustea, proposamenak edonoren arreta erakarriko baitu. Ez da joko perfektua, baina bai ikaragarri dibertigarria. John Wick edo bestelako akziozko filmetako heroi batean bihurtzea, apur baterako bada ere; nork ez du probatu nahiko?