Kontsolako esklusibo nagusiek ondo funtzionatu dutela irakur daiteke azken finantza txostenean: guztira, 73,21 milioi bideojoko saldu dituzte.
Nintendo-k zerga urteko finantza txosten berria argitaratu du, salmenta datu interesgarriak utzita. Switch 2 kontsolaren salmentak 26,35 milioi aleetara iritsi direla aditzera eman dute dokumentuan.
2026ko uztailetik irailera bitarteko datuak aurkeztu dizkigute, datu orokorrak eskaintzearekin batera. Indar betean jarraitzen dute egungo hardwarearen salmentek, beraz: otsailean 17 milioi salmentak gainditu zituela ezagutu genuen. Halere, salmenta kopuruak behera egin duela nabarmendu beharra dago —% 30, zehazki, bi Switch kontsoletan—, baina enpresa japoniarrak ez ditu galerak jakinarazi.

Azken hiruhilekoan, Switch 2ko esklusiboak ere ondo saltzen dabiltzala ikusi dugu. Nahiko harrigarria da, adibidez, Star Fox berregiteak 1,17 milioi ale saltzea lortu duela ikustea —saga ezaguna, baina ez horren arrakastatsua dela kontuan hartuta—. Beste titulu batzuen patua are oparoagoa izan da: Splatoon Raiders (2,42 milioi), Fire Emblem: Fortune’s Weave (1,34 milioi, bi astetan), Pokémon Pokopia (4,04 milioi) edo Mario Kart World (16,4 milioi) nabarmentzen dituzte, jokoen bizitza osoko zifrak izanik. Yoshi and the Mysterious Book, tamalez, milioira iritsi gabe geratu da.
Software osoari begira jarrita, 73,21 milioi bideojoko saldu dituzte Switch 2rako iazko ekainetik hona.
Switch originala, kontsolarik salduena izateko bidean
Aurreko belaunaldira begira ere jarri dira Nintendokoak, helmuga zeharo garrantzitsua baitauka Switch originalak. 157 milioi salmentak gainditu dituela jakinarazi dute azken txostenean; hau da, kontsolarik salduena bilakatzeko hiru milioi xume baino ez lituzke behar.
PlayStation 2a dauka aurretik oraindik, 160 milioi salmentekin: Sony-k zifra pixkat puztu zuen duela hilabete batzuk. Hala eta guztiz ere, argi dago Nintendok laster gaindituko duela. Switch 2a indar betean dabilen arren, asko dira oraindik aurreko belaunaldiko hardwarearekin nahikoa dutenak.
Laster emango du albistea, hortaz, Nintendok: otsailean 155 milioi kontsola saldu zituztenez, hilabete batzuk itxaron beharko ditugu Kiotokoen ospakizunak ikusteko. Softwareari dagokionez, 1.593,87 milioi bideojoko saltzea lortu dute Switch originalean.
Lander Unzueta
Iruzkinak