23.0.0 adabakiak VRR funtzionalitatea ekarri du. Garatzaileek joko bakoitzean aktibatu beharko dute.
Berrizte tasa aldakorra (VRR) kanpo pantailetan zein telebistetan aktibatu ahal izateko ezaugarria jaso du Switch 2 kontsolak.
23.0.0 adabakiaren aldaketen zerrendan iragarri dituzte xehetasunak Kiotokoek. Orain arte modu eramangarrian baino ezin zen erabili VRR aukera. Laburbiltzearren, kontsolaren eta pantailaren arteko komunikazioa errazten duen ezaugarria da, fotograma tasaren aldaketak edo gorabeherak leunduta, esperientzia egonkorragoa eskaintzeko.
Fotograma tasa desberdina erabiltzen duten bideojokoen sentipena hobetzeko edo balio du, edo, kasu berezi batzuetan, esaterako, 40 fps-tan jokatzerakoan, gauza bera egiteko.
Kontsola iragarri zuenean, Nintendok kanpo pantailetan erabiltzeko aukera aipatu zuen. Ostean, informazio hori ezabatu, eta modu eramangarrirako ezaugarritzat baino ez zuten ikusi erabiltzaileek; zorionez, azken eguneraketarekin VRR aukera daukaten pantailekin erabili dezakegu, HDMI 2.1 ezaugarriarekin batera. Dock-a gaurkotzea beharrezkoa izango da, azkenik.
Garatzaileek eskuz gehitu behar dituzte, dirudienez, ezaugarri honekin erabil daitezkeen bideojokoak; hori dela eta, albistea idazterako unean titulu bakarrarekin funtzionatzen du, Welcome Tour aplikazioarekin —honek ere eguneraketa jaso du VRR efektuak aditzera emateko—. Datozen egunotan askoz bideojoko gehitzea espero da.
Gehikuntza erakargarria da telebistara konektatuta jokatzen dutenentzat; kontrara, modu eramangarriaren zaleek Switch 1eko jokoak kalitate handian exekutatzeko gaurkotzea jaso zuten martxoan.
Hobekuntza gehiago
Ez da gaurkotzeak dakarren berritasun esanguratsu bakarra, ordea. Bideojoko bera Switch kontsola desberdinetan jokatu arren, jokatzen emandako denbora bateratua izango da, informazioa zuzen azalduta; Mii editorean musika klasikoa gehitu dute, baita, erabiltzaile beteranoei keinu polita eginez.
Lander Unzueta
Iruzkinak