Zazpi hazbeteko pantaila edukiko zuen, 720p-ko bereizmenarekin. Mahai gaineko moduan 4K-tara iritsiko zela aurreratu dute.
Aspalditik daramate Nintendo Switcharen bertsio aurreratu edo Pro baten zurrumurruek sarean zehar zabaltzen. Azken esamesa, halere, esanguratsua da: Bloomberg aldizkariak aurreratu duenez, hobekuntzak gehituko zituen modelo hau 2021eko azken hilabeteetan merkaturatuko zen.
Kontsola hibridoaren Pro bertsioaren berritasunik nabarmenetakoa zazpi hazbeteko Samsung OLED pantaila izango zen: 720p-ko bereizmena eduki arren Switch originalaren 6,2 hazbeteen aldean asko handituko da, filtrazioko informazioa egia baldin bada behintzat. Pantaila hauen ekoizpena ekainean hasiko litzateke, gabonetako kanpainarako kontsolak prest edukitzeko.
Mahai gaineko joko motan, baina, 4K-ko bereizmenera iritsiko zen, hori ahalbideratzen duten pantailetara konektatuz gero.
Filtrazioa Switcharen laugarren urteurrenaren osteko egunean dator, hain zuzen ere. Lau urte hauetan Nintendoren kontsola hibridoak 79,87 milioi ale saldu ditu nazioarteko saltokietan; jokoei dagokienez, 532,34 milioi bideo-joko saldu dira kontsolarako. Kiotokoen arabera, kontsola bere bizitzaldiaren erdian aurkitzen da une honetan, beraz Switcharekin hainbat urtez jarraitzeko asmoa izanik, ez zen batere harritzekoa izango modelo aurreratu baten beharrizana ikustea.
Iruzkinak