Urriaren 8an merkaturatuko da hainbat hobekuntza ekarrita, baina indar aldetik aurreko modeloa bezalakoa izango dela dirudi.

E3rako espero zute bideo-jokozaleek, baina Nintendokoek azkenean ezustekoan iragarri dute beraien kontsola hibridoaren modelo eraberritua. Switch berria ez da Pro deituko: Switch OLED bezala izendatu dute hobekuntza nabarmenak, baina agian horren ez esanguratsuak dakartzan kontsola.

Jatorrizko kontsolaren zehaztapenekin alderatuta, aldaketarik handiena pantailan dago, izenak adierazten duen bezala. OLED motako pantaila edukiko du bertsio berriak, eta modelo originalaren 6,2 hazbeteak alboratuko ditu 7 hazbeteko pantaila izateko. Nintendoren webgunean kontrastasun nabarmenagoak aipatzen dituzte, eta kontsolak tamaina berbera edukitzen jarraituko duela dirudi, marko finagoak izango baititu.

Horrez gain, 64 GB-eko memoria edukiko du, eta dock bidez ethernet kablearentzako sarrera gaineratuko diote. Bozgorailu berriak ere aipatzen dituzte Kiotokoek, soinu hobea eskaintzeko.

Aipatutako ezaugarri hauek alboratuta, jatorrizko modeloarekin antzekotasun handiak dituen Switch kontsola dela esan daiteke.

Bereizmenean aldaketa gutxi egongo da, dock bidez 1080p-ra funtzionatuta, modu eramangarrian 720p-ra ibiliko den bitartean. Bateriak ere berdin jarraitzen du: 4310mAh-ko bateria izango du OLED bertsioak, aurrekoak bezala. Joy-con aginte zaharrak kontsola berri honetan erabili daitezke, eta gauza bera gertatzen da, nola ez, bideo-jokoekin.

Bi kolore desberdinetan estreinatuko da: ohiko joy-con gorri eta urdinarekin batera zuria beltzarekin nahasten duen modeloa erosi ahalko da. Europarako prezioa zehaztu gabe geratu dira, baina AEBetan 350 dolarretara merkaturatuko dutela jakinarazi dute, beraz 350 euro balioko dituela suposa daiteke.

Switch OLED modeloa Mercury Steam estudioa garatzen ari den Metroid Dread-ekin batera iritsiko da: urriaren 8an kaleratuko dute Nintendokoek.