1994ko immersive sim klasikoa eraberrituko dute atal grafikoa, musika zein mekanikak aldatuz. Kontsoletako bertsioak beranduago estreinatuko dira.

Arazoz betetako garapenaren ondoren, kultuzko System Shocken remake-an aritzeko pixkat gehiago itxaron beharko dugula jakinarazi du Prime Matter argitaletxeak. Izan ere, berriz geroratu dute: azkenik maiatzaren 30ean estreinatuko dutela agindu dute.

Nightdive Studios garatzen ari den berregitea aspaldi iragarri zen; zehazki, 2016an egindako Kickstarter finantzaketa kanpainan ezagutu genuen.

Urtebete inguruko garapena aurreikusten zuten garai hartan, baina, ikustekoa den bezala, kontua pixkat luzatu zaie: hainbat atzerapenen ostean, martxoan argitaratzeko asmoa zeukaten, baina azkenik bi hilabete gehiago eskatu dituzte guztia bukatzeko. “Jokoa martxo amaierarako ekartzea espero genuen, baina gure eskuetatik kanpo egon da azkenean”, diote Steam-eko orrialdean. “Gizakiak baino ez gara azken finean (Shodan ez bezala!)”.

1994. urtean merkaturatutako klasikoa hartu eta osorik berregin dute remakea eratzeko. Atal grafikoa eraberritu, kontrolak eguneratu, interfazea aldatu eta abesti zein soinu berriak sortu dituzte 2023ko System Shockerako. Beldurra, esplorazioa eta puzzleak batzen dituen lehen pertsonako immersive sim abentura dugu: Deus Ex, Bioshock eta beste hainbat klasiko sortzera eraman dituen titulua.

Aipatutako argitaratze data, ordea, ordenagailuko bertsioentzat da: Steam, GOG nahiz Epic Games Store saltokietara maiatzaren 30ean iritsiko da.

Hala eta guztiz ere, kontsoletarako port-ak ere prestatzen dabiltza Nightdivekoak: PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan ere ikusiko dugu System Shock etorkizunean, baina ez daukagu kaleratze datarik.