Tadpole Tales bideojokoaren argitaletxe bezala Pinnical Studio agertzen da eta egiletzat hurrengo hiru pertsonak: Andrei Cretu, Giacomo Autili eta Tomer Barnea. 2021eko martxoaren 21ean kaleratu zuten Steam-en eta bertan dohainik joka daitekeen shoot ‘em up generoko bideojokoa dugu. Zapaburu batek kutsatutako animaliak beraien onera ekartzeko egiten duen ahalegina kontatzen digu.
Kutsatutako ibaia eta animaliak garbitzeko prest
Batzuetan bideojoko berriak bilatzen ibiltzen naiz, eta, horrelako batean, Steamen debalde goza daitekeen Tadpole Tales honekin egin nuen topo. Iruzkin positibo franko zeuzkan, eta itxura ona zeukala iruditu zitzaidan. Lehen aldiz probatu nuenean berezia iruditu zitzaidan, sinplea bazen ere, eta ondo landutako ezaugarriak zituela iruditu zitzaidan.
Ibai ia osoa kutsatuta dago, eta, ondorioz, bertako animalia ia gehienak gaiztotu dira. Egoera honen aurrean jokalariok gorpuztuko dugun zapaburuak zerbait egin behar du. Beste animaliak baino askoz txikiagoa izan arren benetan trebea da. Ura jaurtiz besteak garbitzen eta beraien onera ekartzen saiatuko da.
Garbitzen ditugun etsaiek beraien bertsio alai eta onbera erakutsiko digute.
Funtsean shoot ‘em up generoko bideojokoa dugu Tadpole Tales. Kontrolatuko dugun zapaburua erreka batean zehar joango da, gure ikuspuntutik, ezkerretik eskuinera. Erritmo geldo baina jarraia mantenduko du kamerak. Jokalariak mugitzeko askatasuna izango dugu, baita eskuinerantz tiro egiteko ere.
Kontrolak ulerterrazak eta zehatzak dira, lau norabideetarako botoiak, teklak edo palanka erabili daitezke. Horrez gain botoi bakarra darabil jokalariak tiro egin eta ura jaurtitzeko. Uraren indarrez arerioen zikinkeria garbituko du gure zapaburuak. Garrantzitsua da tiro egiten ez dugun bitartean gure mugimendu abiadura zertxobait handiagoa dela jakitea, bideojokoak ez baitigu honen berri ematen. Bereziki jokoaren atal zailenetan komeniko zaigu hau jakitea, tiro egiteari utzi eta azkarrago mugitzea berebizikoa izan baitaiteke zenbait kasutan.
Bizitzaren osasun puntu guztiak (bihotzak) galduz gero, hasieratik hasi beharko dugu.
Gure zapaburuak bizitza bakarra dauka, hori galdu ondoren ez da egongo jarraitzeko aukerarik, beste jokaldi bat hasi beharko dugu hasiera-hasieratik. Hau da jokoaren arau zurrunena, eta, maila handi batean, bere zailtasun mailaren iturria. Honekin esan nahi dut, jokoa berez ez dela zaila, baina erregulartasun eta zuzentasun bat eskatuko dio jokalariari, amaierara heldu nahi badu. Hartu kontutan bizirautea lortuz gero hamar minutu iraungo dituen bideojoko laburraz ari garela.
Garrantzitsua da tiro egiten ez dugun bitartean gure mugimendu abiadura zertxobait handiagoa dela jakitea.
Jokaldi bakoitzean zapaburuak bizitza bakarra daukala argitu dut, baina bere osasun mailak erabiltzen duen sistema aipatu beharreko beste alor bat dugu. Izan ere, jokaldia bi bihotzekin hasiko dugu, hauek zerora iritsiz gero akabo geure abentura. Lantzean behin bihotzen bat aurkituko dugu, etsairen bat garaitu ondoren agertutakoa.
Erabat kutsatutako animalia talde batek protagonistaren ibaia inbaditu du.
Erabakiorra izan daitekeen kontu bat dago hemen: zapaburuak hiru bihotz dauzkanean tamainaz handitzen da pixka bat, eta, ondorioz, bere ur-jaurtitze ahalmena handitu egiten da. Lau bihotz edukitzea lortzen badugu ordea, pertsonaiaren egoera nahikotxo aldatuko da: jaurtigaiak handiago bihurtuko dira berriz ere, oraingoan hiru norabidetan jaurtiko du ura eta bukatzeko zapaburua igel bilakatuko da, geldoago zein handiagoa bilakatuz.
Kontuan hartu behar da, igela errazago kolpatu dezaketela arerioen jaurtigaiek, bere tamainagatik. Horren ondorioz, eraso-ahalmen handiena duen arren, sarritan lau bihotzeko forma hau luzaroan mantentzeko zailtasunak eduki ditzakegu.
Dirudiena baino erronka handiagoa
Bideojokoak erronka duina suposatzen du hasieran, eta, maila batean, gupidagabea izatearen sentsazioa eman dezake. Etsaiak jariakortasun handiarekin doaz agertzen, hauek garaitzeko erritmo ona hartzen ez badugu, nahikotxo pilatuko zaizkigu aldi berean.
Komeni zaigu arriskutsuenak edo ahulenak garbitzen joatea, egoerak eskatzen digunaren arabera. Arerioen artean aniztasun nahikoa dago, doan joka daitekeen jokoa dela kontuan hartuta, batez ere. Zenbat eta urrunago heldu, mota arriskutsuagoko aurkariak aurkituko ditugu, gure aurka erabiltzen saiatuko diren eraso eta jaurtigai berriak aurkeztuko dituztenak.
Ez dut esango zenbat dauden, baina abenturan zehar zenbait arerio nagusi aurkituko ditu jokalariak. Hauek eraso ezberdinak dituzte eta ondo ezagutu beharko ditugu kaltea jasotzea ekiditu nahi izanez gero. Jokoa gaindituz gero, adituentzako modua askatuko dugu. Modu hau berdina da, baina kasu honetan etsai nagusiak garaitzean bakarrik agertuko dira bihotzak.
Gure zapaburuak bizitza bakarra dauka, hori galdu ondoren ez da egongo jarraitzeko aukerarik.
Estetikoki bere neurrirako ondo zaindutako jokoa dela iruditu zait. Pertsonaia guztiak ganoraz marraztuta daudela deritzot, eta interesgarria da aurkarien portaera oneko bertsioa ikustea beraien kutsadura garbitzea lortu ondoren. Musika alaia darabil, joko motarekin kulturalki ondo lotzen dena. Zenbait jokalariri aspaldiko shoot ‘em upak gogoraraziko dizkio beharbada.
Arerio nagusiek eraso mota ezberdinak erabiliko dituzte gure aurka.
Hasieran nahiko zaila egin zitzaidan jokoa baina tiro egiteari utziz gero arinago mugi nintekeela jakin nuenean hobekuntzak ikusi nituen nire emaitzetan. Praktika apur batekin eta arriskuak zainduz bukaerara heltzea egingarria dela ikusiko dute hainbat jokalarik.
Dohainik jaitsi eta joka daitekeen jokoa dela kontuan hartuz, Tadpole Talesek lan txukuna aurkezten duela deritzot. Estetikoki zein mekanikoki zainduta dagoela uste dut eta ganorazko erronka duin bat eskaintzen duela ere bai. Beste hainbat jokalarik nire antzeko iritzia daukate joko honi dagokionean, horren adibide dira Steam saltokian erabiltzaileengandik jasotako iruzkinak, hauen %90a positiboa baita.
Zailtasun neurtua duen shoot ‘em up bat probatzeko gogoa izatekotan, hau aukera labur eta polita izan daiteke.
Iruzkinak