Aaron Keller zuzendari berriak Blizzarden jokoaren jarraipenak ekarriko dituen aldaketa esanguratsuenak zehaztu ditu bi orduko aurkezpenean.
Overwatch 2ko partidek aldaketa txiki baina esanguratsua jasango dute. Lehen jokoko partidetako taldeak sei jokalariz osatuta dauden bitartean, jarraipenean bost jokalaritara mugatuko direla jakitera eman du Aaron Keller zuzendariak.
Overwatch aldatzen joan dela nabarmendu du Kellerrek bigarren jokoari zuzendutako aurkezpen berezian. Aldaketa horien jarraipena izango da taldeen jokalari kopuru berria.
Modu horretara jatorrizko tiro jokoan ikusitako desorekak zuzentzea bilatzen du Blizzardeko estudioak. Izan ere, talde bakoitza bi DPS (erasorako pertsonaiak), euskarrirako bi heroi eta tanke bakarraz osatuta egotea izango da jokoaren oinarria zuzendariaren arabera. Eskema hau jokalariek kudeatuko dute argitaratzen denean, baina zehaztutako formazioarekin bi tanke egotea ekiditu nahi dute garatzaileek.
Ez hori bakarrik, jokalariek zein ikusleek pantailan gertatzen ari dena errazago jarraitzeko bidea dela ere adierazi du zuzendariak: “guztia errazten du, jokalariei bere inguruan gertatzen ari dena ulertzeko eta erabaki hobeak jartzeko balio du”.
Aurkezpenak Overwatch 2ren jostagarritasun bideo berriak ikusteko ere balio izan du. Orain arte ikusi gabeko kokaleku eta ahalmen bereziak erakutsi dituzte bertan arduradunek; bestelako aldaketa eta hobekuntzei buruz ere sakontasunean mintzatzeko aprobetxatu dute gainera.
Iruzkinak