Oreka zuzenketak eta akats konponketak inplementatu dituzte. Aldi bereko jokalarien berezko marka hautsi du Valve-n tiro joko beteranoak.

Valvekoek Team Fortress 2ren eguneratze handia agindu zuten udarako, eta esandakoa bete dute. Jatorriz 2007an kaleratutako tiro joko maitatuak hamalau mapa berri jaso ditu, hauetan erabiltzeko objektu desberdinekin. Ez hori bakarrik, mapetako batzuk modalitate berriarekin erabiltzekoak dira.

Aipatutako berritasun guztiak, azken urteetan egin modura, komunitatearekin elkarlanean garatutakoak dira: edukiok zaleek sortu eta Steam Workshop mod tresnan kaleratu ondoren, Valvekoek hauek ofizialki gehitu dituzte bideojoko beteranoan. Ohi bezala, trukean komunitateko garatzaileei ordainsaria eskaini diete.

Sharkbay, Rotunda, Phoenix, Cashworks, Venice, Reckoner, Sulfur, Hardwood, Pelican Peak, Selbyen, VSH Tiny Rock, VSH Distillery, VSH Skirmish, eta VSH Nucleus dira gaineratutako mapa berriak. VSH siglak ageri dira azken mapetan; izan ere, Versus Saxton Hale izeneko joko mota berrirako bereziki prestatutakoak.

Berria diogu, baina zaleek 2021etik jokatzen duten modalitatea da Mann konpainiako arduradun nagusiaren aurka jarriko gaituena: jokalari batek Saxton Halen rola beteko du, eta aurkako taldeak arerio indartsua garaitzen saiatuko dira.

Ospil kaxa berrietan —Summer 2023 Cosmetic Case eta Summer 2023 War Paint Case— dozenaka eduki estetiko lortu ahalko dira: isekak, efektuak, margoak eta bestelakoak eskuratu ahalko dira irailaren 25era arte.

Noski, aipatutako guztiekin batera denetariko zuzenketak eta oreka aldaketak prestatu dituzte garatzaileek. Segurtasuna nahiz egonkortasuna areagotu, mapa zaharrak txukundu zein hobetu, soinuak zein efektuak zuzendu… zerrenda osoa TF2 Blog webgunean argitaratu dute.

Zaleek pozik hartu dute eguneratzea; are gehiago, bideojokoaren marka guztiak hautsi dira gaur bertan. Aldi bereko jokalarien zenbatekorik handiena erregistratu du Team Fortress 2k: 247.449 erabiltzaile batu dira, orain arte lortutako markak deuseztatuz.

Zifra benetan aipagarria, jokoa orain hamabi urte doako formatura igaro zela kontuan hartuta.

Hala eta guztiz ere, jokalarien komunitatean ezinegona eragin du eguneratzeak; izan ere, Valvekoek agindutako akats zuzenketak nabarmenak inplementatu gabe geratu dira. Tranpatien jarduna mugatzeko baliabideak dira esanguratsuenak: tiro joko zaharrak arazo esanguratsuak bizi ditu cheater-ekin aspalditik, eta oraingoz gauza gutxi egin da hauek konpontzeko.

Okerrena? Komunitateak hainbat eta hainbat zuzenduta dituela, baina ofizialki inplementatzea geratzen da.

Beraz, momentuz hauen zain geratu beharko dira 2007ko joko ezagunaren zale amorratuenak.