Bungie-ko beteranoek osatu dute. Multijokalari proiektua garatzen ari da, era guztietako generoak eta ideiak hartuta.
PlayStation Studios familiak garatzaile talde berria aurkeztu du: teamLFG (Looking For Group) berria Sony-ren sortzaileetara gehitu da.
Blog ofizialean azaldu dutenez, Bungie estudioko sortzaile beteranoetako batzuek eratutako taldea da teamLFG —Bungie, nahiz eta ez dagoen PS Studios barnean, Sony-k bereganatutakoa dela gogoratu beharra dago—. Horiez gain, “industriako askotariko garatzaileak bildu” dituztela aipatzen da, “anbizio handiko inkubazio proiektuari hasiera emanez”: League of Legends, Fortnite zein Roblox bezalako tituluetako arduradunak fitxatu dituzte.
Izan ere, aipatutako bideojokoen bidea jarraitzea da estudio berriaren asmoa. Helburua, diotenez, “mundu multijokalari murgilgarriak sortzea da akzio jokoetan, non jokalariek ikasi, jokatu eta ordu amaigabeak igaro ditzaketen”.
Garatzen dabiltzan bideojokoari dagokionez, adi, nahaste ederra aipatzen dute-eta: “Gure lehen jokoa borroka joko, plataforma, MOBA, bizitza simulagailu eta “igel erako joko” bezalakoak inspirazio iturritzat hartzen dituen taldekako akzio titulua da“.
Ondo ulertu badugu —eta igelena ez dago batere argi—, Fortniten edo Robloxen ikus eta sor ditzakegun unibertsoak zein munduak lantzeko etxeko proiektua prestatzen ari da, hortaz, PlayStation. Zurrumurruetan sartuta, aspalditik entzuten gabiltzan proiektua da Gummy Bears: Bungie garatzen ibili den sormen eta festa jokoa.
Bungiek 220 langile kaleratu zituenean iaz, Pete Parsons presidenteak garatzen zebiltzan proiektuetako bat PlayStation Studiosera mugituko zutela aipatu zuten, estudio berriaren aterpean aurrera eramateko. Ofizialki baieztatzea geratzen da, baina, itxura batean, teamLFG Gummy Bears bideratzeko sortu dute.
Oraindik itxaron egin beharko dugu, beraz PlayStation Studiosen talde berriaren lehen titulua ikusteko.
Iruzkinak