Nintendo 64 kontsolako Zelda abenturen estetika eta jokagarritasuna hartzen ditu Ki3 Games-en proiektuak. Ordenagailuan ikusiko dugu.
Temple Maker 64 aurkeztu du Ki3 Games taldeak. Retro ziegak zein tenpluak eraikitzea proposatzen du, ondoren, hauek sarean partekatzeko eta erronkak gainditzeko.
Proiektuaren irudiak eta bideoak ikusi bezain laster, argi geratzen da zein den inspirazio iturria: hiru dimentsioko The Legend of Zelda tituluen bidea jarraitzen du Temple Makerrek, zehazki, Ocarina of Time edo Majora’s Mask klasikoetan oinarrituz.

Tenpluak sortzerakoan 3D editorea ageriko da. Gelak egituratuta, arerioak, objektuak zein puzzleak kokatuko dituzte sortzaileek, aipatutako Zelda jokoetan ikusitako lurrazpiko erronken antzeko ziegak prestatuta. “Desafio klasikoak” sortzeko aukera egongo dela diote egileek, geziak edo bonbak erabilita, baina Nintendo-ren tituluetan ikusi gabeko erronkak irudikatzeko askatasuna ere eskainiko dutela.
Noski, jokoa ez da horretara mugatuko. Super Mario Maker eta bestelako joko editoreetan ikusi bezala, sorkuntzak partekatzea izango da Temple Maker 64ren zutabe nagusietako bat; hori horrela, bi jokalari mota erakartzea bilatzen dute arduradunek, sortzaileak nahiz abenturazaleak.

Ez da antzeko ideia ikusten dugun lehen aldia: Quest Master eta beste hainbat adibide sortu dituzte bideojokogileek, eta bideojoko ezagunak ere moldatu dituzte, adibidez, Mega Man Maker zoragarriarekin.
Temple Maker 64k ez dauka argitaratze datarik; oraingoz, PCko bertsioa iragarri dute egileek.
Lander Unzueta
Iruzkinak