Crema talde espainiarrak Pokémon klon arrakastatsuaren bertsio eraberritua prestatu du ordenagailuetarako.

Temtem iaz estreinatu zen —zenbait hilabete sarbide goiztiarrean eman ondoren—, baina Crema garatzaileak ez du atsedenik hartzen. Pokémon klon itxurosoaren oinarriak eta baliabideak hartuta doako titulua kaleratu dute. Temtem: Showdown izenarekin, jokalarien arteko norgehiagoketan ardaztutako bideojokoa da.

Temtem ezezaguna baduzu, Pokémon jokoetan ikusitako ideiak online multijokalari masiboen mekanikekin uztartzen ditu. Hau da, piztiak ehizatzen zein entrenatzen ariko gara mundu zabala esploratuz, ondoren hauekin batera borroketan parte hartzeko; halere, gainerako jokalariekin elkarreragingo dugu ia joko guztian.

Showdownekin esplorazio eta ehiza atalak guztiz alboratu dituzte, dueluetan fokuratzeko. Hori horrela, PvP borrokak baino ez ditugu ikusiko dohainik joka daitekeen bertsioan: ez gara Temtemak mailaz igotzeaz arduratu beharko, eta piztien taldeak sor ditzakegu inolako mugarik gabe. Piztiak hautatu, hauen abileziak eta ezaugarriak aukeratu, eta borrokatzeko prest egongo gara.

Partida lasaietara zein lehiakorretara bideratuta dago Showdown: duelu azkarrak jokatzeaz gain komunitateak abiatutako txapelketetan zein ekimen profesionaletan parte hartzea ahalbidetzen du doako tituluak. Binakako dueluak lehiatzeko ezaugarria ere eraman dute Showdownera.

Eguneraketak eta oreka adabakiak agindu dituzte Cremakoek. Denboraldi bakoitzarekin akatsak zuzentzeko nahiz jokoa hobetzen jarraitzeko asmoa daukate, modu horretara dueluei gatza eta piperra emateko.

Obra originalean ehizatutako izakiak Showdownera eramateko aukera daukagu, gainera: bi jokoak lotuta bertako piztiak, itxurak eta bestelakoak parteka ditzakegu. Horien artean daude Luma izeneko kolore bereziko Temtem distiratsuak.

Showdown berria, zoritxarrez, PCan bakarrik joka dezakegu —jatorrizko Temtem plataforma nagusi guztietan kaleratu zuten—: Steam plataformaren bitartez eskuratzeko aukera daukagu. Doakoa izateaz gain, mikrotrantsakziorik gabekoa ere badela azpimarratzen dute arduradunek.