Egungo kontsoletan eta PCan estreinatuko dute Clear River Games eta Square Enix taldeek. Hobekuntza ugari ekarriko ditu.

Terranigma berpiztuko du Square Enixek. 1995. urtean SNES kontsolan kaleratutako akziozko rol titulu mitikoa lehenengoz birmasterizatuta ikusiko ditugu datorren urtean.

Hiru hamarkadaren ondoren Nintendoren gailutik ihes egin gabe geratu den obra da Terranigma. Desagertutako Quintet taldeak garatua —Soul Blazer eta Illusion of Time maitatuen ondoren—, Ark gaztearen istorioa kontatzen digu. Argiak eta iluntasunak banatutako mundua batzeko helburuarekin, esplorazioa eta borrokak dira nagusi abenturan.

ARPGa izanik, txandakako borrokak alboratu, eta denbora errealeko dueluak biziko ditugu Arkekin. The Legend of Zelda edo Secret of Mana klasikoekin antzekotasun handiak dituen titulua da, oinarrietatik hasita estetika orokorrera. SNESeko jokorik onenen artean kokatu izan da betidanik, jokagarritasun, grafiko zein istorio zoragarriei esker.

Clear River Games taldea arduratuko da, Square Enixen babesarekin, birmasterizazioa prestatzeaz: PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan nahiz PCan argitaratuko dute. Hobekuntzekin iritsiko da, baina ez dituzte guztiz zehaztu; originalaren grafikoak mantenduta, egungo aginteentzako euskarria, iragazkiren bat edo beste eta ohiko gehigarriak espero dira. Terranigmaren iruditeri orrokorra zaharberritu dute, hori bai, Kamui Fujiwara mangaka ekarrita: joko originalaren marrazkilaria, alegia.