Hainbat hobekuntza bilduko ditu RPG ezagunaren azken edizioak. Skyrim Special Edition izan arren, ordainpeko bertsioa izango da aste honetan kaleratuko dutena.

Gutxi falta da Skyrim Anniversary Edition iristeko. Hori dela eta, Bethesdak RPGaren hamargarren urteurreneko bertsioak ekarriko dituen aldaketak eta berezitasunak zerrendatu ditu The Elder Scrolls frankiziaren webgune ofizialean.

Anniversary Editionak 2016an kaleratutako Skyrim Special Editionak eta Creation Club barnean sortutako 500 bat eduki gehigarri bilduko ditu: misioak, armak, armadurak eta joko motak aipatzen dituzte Bethesdakoek. Hau da, azken finean Special Editionean ikusitako ezaugarri berberak mantenduko ditu urteurreneko edizioak, baina zaleek sortutako modak modu ofizialean gehituta.

Bertsio berria eskuratzeko bi bide egongo dira; alde batetik, bakarkako bertsioa erosteko aukera dago 55 euroren truke; bestetik, dagoeneko Special Editiona erosita dutenek 20 euro balio dituen Anniversary Upgrade deitutako eguneraketa eros dezakete.

Gainera, belaunaldi berriko kontsoletarako doako adabakia prestatzen dabiltza Bethesdakoak. Hau Special Editionerako zein Anniversary Editionerako kaleratuko dute: grafikoak hobetu, karga denborak murriztu eta hobekuntza gehiago gaineratuko ditu eguneraketak.

PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan kaleratuko da Skyrimen hamargarren urteurrena ospatzeko bertsioa. Harritzekoa bada ere, ez da Xbox Game Pass zerbitzuan egongo: Special Editionera jokatu daiteke bertatik Microsoft-ek Bethesda erosi zuenetik.

TES V: Skyrim Anniversary azaroaren 11n estreinatuko da, jatorrizko jokoaren hamar urteak betetzerakoan.