PC, PS5, Switch 2 eta Switch kontsoletan kaleratuko du Koei Tecmo-k: Atelier ezagunen egileen lana izango da.
Maomao eta Jinshi bideojoko handiarekin helduko dira datorren urtean. Koei Tecmok The Apothecary Diaries: The False Imperial Brother tituluari eguna ezarri dio: 2027ko martxoaren 18an kaleratuko du.
Bideo berriarekin jokoan aurkituko ditugunak zehazteari ekin diote arduradunek, zaleen arreta erakarrita. Ez gaude manganime lizentziadun joko xumearen aurrean; izan ere, Gust taldearen bideojokoa izango da Kusuriya-ren munduan girotutakoa, hau da, Atelier joko arrakastatsuen egileena.
Antzeko ideiak eta mekanikak bereganatuko ditu. Ez da harritzekoa, alkimia zein sendagaiak tartean egonda. Horrela, antzinako Pekin hiriburura bidaiatuko dugu, Hiri debekatu erraldoian zein bere inguruetan barneratuta. Maomao zein Jinshi izango dira protagonistak, biekin jokatzeko aukera eskainita, baita katu itxuradun Maomaorekin ere.
Bost misterio edo kasu proposatuko dizkigu The False Imperial Brotherrek. Hiri debekatua esploratzen, sendagaiak osatzeko baliabideak biltzen, aztarnak edo pertsonak jarraitzen, eta, azken finean, horren ospetsua egin den animean ikusitakoak egiten ariko gara. Ikerketak fase desberdinetan banatuta egongo omen dira, gure protagonisten artean aldatzea ezinbestekoa izanik bakoitza gainditzeko, azkenean errudunak aurkitzeko ondorioztatzeen bitartez. Istorioa guztiz berria da, aurpegi ezagunak bilduta, baina, aldi berean, orain arte ikusi gabeko pertsonaiak aurkeztuta.
Ordenagailuetarako prestatzen dabiltza The Apothecary Diaries, baita PlayStation 5, Switch 2 eta Switch kontsoletarako ere. Esan bezala, martxoaren 18an kaleratuko dute Gustek eta Koei Tecmok.
Lander Unzueta
Iruzkinak