Xbox Game Pass bidez jokatu ahalko da kaleratzen den unetik. Steamen ere erosi ahalko da Neon Gianten jokoa.

Orain urtebete iragarri zuten Neon Giant garatzaileak eta Curve Digital banatzaileak beraien akziozko cyberpunk RPG jokoa: The Ascent. Berandutzea jasan ondoren, azkenean behin betiko argitaratze data baieztatu dute arduradunek. Uztailaren 29an kaleratuko dute ikuspegi isometrikodun abentura hau.

Ziber-osagarriak erabilita jokalariek beraien pertsonaia itxuraldatu eta hobetzeko aukera izango dute. Tiroak nagusi izango dira abentura honetan, baina esploraziorako eta hizketaldietarako txokoa ere egongo da. Abentura osoa bakarka gainditu ahalko den arren, lau jokalari elkarlanean ibili ahalko dira tiroketetan.

PC, Xbox Series eta Xbox Onerako kaleratuko da jokoa. Arduradunek jakitera eman dutenez, uztailaren 29an Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren bitartez jokatu ahalko da plataforma guzti hauetan. Halere, jokoa erosi nahi dutenek Steam bidez egin dezakete PCaren kasuan.