Edmund McMillen eta Tyrone Rodriguez sortzaileek kooperatiboaren irudi bat partekatu dute. Beta formatuan abiatuko dute hasieran.

Sare bidezko multijokalari modalitatea ofizialki helduko da The Binding of Isaac arrakastatsura. Halaxe iragarri du Edmund McMillen garatzaileak bere sare sozialetan.

Tyrone Rodriguez jokoaren ekoizleak partekatutako irudiaren bidez zabaldu dute albistea. Isaacek kooperatiboa dauka, baina tokikoa: ezin dezakegu sare bidez lagunekin jokatu tresna bereziekin edo mod-ekin ez bada.

Multijokalari ofizialak Isaacen amaren sotora lagunekin zein ezezagunekin barneratzea ahalbidetuko digu. Guztira lau jokalari aritu ahalko dira roguelike abentura gainditzeko ahaleginetan.

Mekanikak pixkat aldatuko dituzte ahalik eta partida dibertigarrienak nahiz orekatuenak eskaintzeko: adibidez, altxorren geletan aurkitutako kutxek jokalari bakoitzari objektu bana gordeko diete. Gauza bera gertatuko da buruzagiak garaitu osteko ordainsariekin.

Puntuazio taula berezituak egongo dira online partidentzat, eta hazi desberdinen artean aukeratu ahalko dugu erronka zehatzak bizitzeko, baita joko mota desberdinak hautatu ere.

Arduradunek diotenez, online multijokalaria “laster” iritsiko da; aurretik, baina, beta formatuan probatzeko asmoa agertu dute. The Binding of Isaac: Repentance espantsioa erosi dutenek soilik parte hartuko dute proba honetan.

Bideojoko originala 2011. urtean argitaratu zuen McMillenek. Hainbat eguneraketa, port eta espantsio jaso ditu ordu hartatik: azkena, Repentance, Rebirth bermasterizazioaren eguneratze erraldoia da. PCan zein kontsoletan eskura daiteke.