Rebirth-en azken eduki gehigarria da: ehundaka aldaketa gehitzen dizkio Edmund McMillen garatzailearen obra ezagunari.

The Binding of Isaac izan zen indie bideo-jokoen eztanda eragin zuen lanetako bat, zalantzarik gabe. Jatorriz 2011. urtean argitaratua, Edmund McMillenen lanak askotariko edukiak jaso ditu gaur egunera arte. Azkena Repentance izeneko espantsioa izan zen: martxo bukaeran PC-rako kaleratu zuen Nicalis estudioak. Orain, kontsolek eduki gehigarri erraldoia jasotzeko unea iritsi da. Gaur bertan merkaturatuko da horietan.

Zehazki, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Nintendo Switch kontsoletara iritsiko da espantsioa. Xbox One-ko bertsioa ezin izan dute garaiz bukatu, baina McMillenek “laster” kaleratuko duela agindu du, hainbat “eduki berezirekin batera”.

Espantsioak ehundaka aldaketa eta berrikuntza dakartza The Binding of Isaacen Rebirth bertsioarentzat. Izan ere, eduki sortarik handiena da: 130 objektu, 100 etsai, 25 etsai nagusi eta gelen 5.000 diseinu gaineratzen ditu. Jokoaren zaleek prestatutako Antibirth mod-aren edukiak batzen dituela nabarmendu beharra dago: hortaz, mod hori erabili izanez gero hainbat berritasun ezagutuko dituzu jada.

Repentance indie roguelike arrakastatsuaren “azken, azken, azken mega espantsioa” izango da, McMillenen hitzetan. Super Meat Boy edota The End Is Nigh jokoen sortzailea hainbat proiektutan murgilduta dago.

The Binding Of Isaac: Repentance PCan zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Nintendo Switch plataformetan jokatu daiteke gaurtik aurrera. Edizio fisikoak ere edukiko dituzte kontsolek, baina hauen argitaratze datarik zehaztu gabe geratu dira.