The Witcher-en beteranoek eratutako jokoak istorio zein jokagarritasun bideoak utzi ditu. Banpiroak, mundu irekia eta akzio mordoa batuko dira.
Rebel Wolves estudioak eta Bandai Namco argitaletxeak The Blood of Dawnwalker irailaren 3an estreinatuko dutela jakinarazi dute. PCan edo PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko da.
Kaleratze data ezagutzera emateko aurkezpen bereziak bideoak eta datuak ekarri dizkigu, gainera. Istorio trailerrean Coen protagonista gaztea berriz ikusi dugu: banpiro bilakatuta, XIV. mendeko Europan zehar barneratuko da bere familia Brencis zitalarengandik salbatzeko bideari ekiteko.
Aliatuak eta adiskideak batuta, banpiroen erronkari aurre egin beharko dio; horretarako, erabakiek ikaragarrizko garrantzia edukiko dutela diote egileek. Protagonista banpiroa izanik, bide okerretik ekitea errazena izango da. Lagunak izan daitezkeena akabatu, eta hauen indarrak har ditzakegu, zuzenean.
Estetika zein jokagarritasun aldetik, argi eta garbi geratzen da garatzaileen jatorria: Rebel Wolves The Witcher sagan lan egindako beteranoek osatzen dute, hau da, CD Projekt RED-eko kide ohiek. Grafikoki antzekotasun handiak ikusiko ditugu, pertsonaien diseinutik zein animazioetatik hasita, eta, borroketan ere, Erribiako Geralt-en azken abenturako zertzeladak daude.
The Blood of Dawnwalker hirugarren pertsonako ARPGa izango da. Asmatutako Vale Sangora herrialdea eta bere herrixkak, hiriak, basoak zein mendiak bisitatuko ditugu. Esploratzerakoan zein borrokatzerakoan, banpiro botereak erabiliko ditu Coenek: hormetatik gora egin dezakeela erakutsi digute azken bideoan; dueluetan kolpeak ematerakoan sekulako indarra izango du, gainera; bukatzeko, zelan ez, botere magiko ugari erabiliko ahalko ditu.
Hauek guztiak hobetzeko eta desblokeatzeko abilezien zuhaitz erraldoia ikusi dugu azken bideoetan. Are gehiago, gure ikerketen eta harremanen egoera aztertzeko balioko duen ediktu sistema ere aipatu dute: Vale Sangoran egindakoen arabera, etsaiek gure aurka egiteko aginduak emango dituzte abenturan zehar, zailtasuna areagotuz.
Gau eta egun zikloan jokagarritasuna zein protagonistaren ahalmenak aldatu egingo direla nabarmendu dute egileek. Izan ere, banpiro eta gizaki arteko hibridoa da oraindik gure protagonista: gauean banpiro abileziak indartuko bazaizkio ere, eguzkipean egoteak beste bide batzuk irekiko dizkio. Jokalariaren esku egongo da une bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak ustiatzea; horren harira, egiten dugunen arabera, munduak modu desberdinean erantzungo duela aipatzen da. Epemugak edukiko ditugula dirudi, baita: adibidez, protagonistaren familia salbatzeko 30 egun eta gau izango ditugu.
Mundu irekiko fantasia ilunezko proiektu benetan interesgarria prestatzen dabiltza, beraz, Rebel Wolvesekoak. Irailaren 3tik aurrera probatuko dugu The Blood of Dawnwalker.
Lander Unzueta
Iruzkinak