Dead Space ezagunaren arduradunek sortutako proiektu berria da. Atal grafiko ikusgarria erakutsi du azken bideoan.

Aspaldidanik ezagutzen genuen The Callisto Protocol, baina azken trailerrarekin kontuan hartzeko titulua dela argi adieraztera etorri dira Krafton eta Striking Distance Studios taldeetako garatzaileak. State of Play ekimenean ezagutzera eman dutenez, abenduaren 2an kaleratuko dute beldurrezko bideojoko ikaragarria.

Abenturak Dead Space gogora ekartzen du, eta ez da harritzekoa; izan ere, Glen Schofield da SDS estudioko arduradun nagusia. Bera izan zen, hain zuzen ere, Dead Spacen sortzailea. Hori horrela, etorkizuneko girotzea, gizaki itxura daukaten munstro beldurgarriak, eta interfaze berezia prestatzen dabiltza proiektu berrirako.

Jupiter planetako Calisto ilargian igaroko da abentura, 2320. urtean. Black Iron espetxeko Jacob Lee presoaren kontrola hartuko dugu. Bere helburua: bizirautea. Ilargia Biophage deitutako izakiek inbadituko dute, eta hauengandik ihes egin beharko dugu kartzelako sekretuak azaleratzen ditugun bitartean.

Atal grafiko ikusgarria prestatzen dabiltza TCPerako: pertsonaien aurpegiak nabarmentzekoak dira, baita espetxearen girotzea ere. Dead Spacen gertatu bezala, argiztapenak rol oso garrantzitsua izango du opresio giroa eratzerako orduan. PlayStation 5eko bertsioaren kasuan, soinua ere nabarmentzekoa izango dela adierazi dute arduradunek: 3D Audio sistemarekin jokatuko dute zaratek eta hotsek protagonismoa izan dezaten.

Hasiera batean PUBG-ren unibertsoan girotutako titulua zela adierazi zuten garatzaileek —bai, PUBG hori—; dena den, hori alboratu egin dutela dirudi. Orain joko guztiz independentea izango da Kraftonena.

The Callisto Protocol abenduaren 2an estreinatuko da PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.