Apokalipsi ondorengo istorioa kontatuko du oraingoan Yeo indie garatzaileak. PCan argitaratuko du 2027an.
Vadim ‘Yeo’ Gilyazetdinov sortzaile errusiarrak The Concrete Sutra #1 ezagutzera eman du. Pixel art estetikadun 2D abenturan akzioa eta JRPG elementuak uztartuko ditu.
The Friends of Ringo Ishikawa zein Fading Afternoon obra ezagunen garatzaileak antzeko bideoa jarraituko du Sutrarekin; halere, mafia istorioak alboratu, eta apokalipsi ondorengo munduan kokatuko ditu jokalariak. River eta Cosmo protagonista motorzaleak gidatzea da helburua: suntsitutako asfaltozko paisaiak zeharkatu beharko dituzte etxera itzultzeko bidean.
Beat ‘em up kolpeak nahiz borrokak errazteko objektuak eta armak izango dira protagonista. Ez da mailarik edo abilezia zuhaitzik egongo, baina Kunio-kun, edo, hemen ezagutzen dugun modura, River City —Sutrako protagonistak honi keinu eginda— sagarekin antzekotasun handiak mantenduko ditu Yeoren lanak. Estilo artistikotik hasita nabari da: atzean Ueda M eta Altai Demon artistak ditu, xehetasunez betetako baina ezaguna egiten den mundua eratuz.
Istorioa oso laburra izango omen da, ordu pare batean gainditzekoa, baina, izenak adierazten duen bezalaxe, lehen atala baino ez da izango. Halere, gidoi interesgarria, bigarren mailako misioak eta arkade modalitateak ere prestatuko dituela agintzen du sortzaileak.
2027ko martxoan argitaratuko da ordenagailuetan The Concrete Sutra #1.
Lander Unzueta
Iruzkinak