The Curious Tale of the Stolen Pets Fast Travel Games-ek 2019an eratutako bideojokoa da. Errealitate Birtualeko gailua ezinbestekoa da jolastu ahal izateko, eta mota honetako hainbat gailu erabili daitezke: Oculus Quest zein Rift, Windows Mixed Reality, SteamVR bidez baimendutako gailuetan zein Sony-ren PSVR erabilita. Jokoak objektu ezkutuko generoa hartzen du batez ere, baina horrez gain puzzle txikiak ere gehitzen dizkio bere izaerari.

 

Oroitzapenetan arakatuz

Abentura osoan zehar protagonistaren aitonak egingo ditu narratzaile lanak, tonu goxo nahiz ferekatzailean. Narratzaileak bikiak diren bi iloba dauzka, nesketariko batek magia maite du, eta besteak animaliak. Agureak iraganean egiten du hitz, eta jokalariak ordezkatzen duen pertsonaia (bikietako bat) orain askoz nagusiagoa dela ulertarazten du bere diskurtsoak. Gizonaren eskutik protagonistak bere haurtzaroan bizitako oroitzapenak ekarriko ditu gogora.

Ilobenganantz duen maitasuna ukaezina da, eta emeki gogorarazten dizkio batera pasatako uneak. Askotan bere emazteari egingo dio erreferentzia eta aiton-amonek ilobekin igarotako opor desberdinak agertuko zaizkigu begiaurrean. Narratzaileak gauza bakar bat aldatu nahiko luke biziko dugun bidaia osoan: bi ahizpen arteko liskarrak. Bere aburuz, batek babesten duen magia eta bestearen animalienganako maitasuna uztargarriak dira, eta elkarbizitza on bat lortzeko gai izan beharko lirateke.

Bost dira jokoak arakatzera gonbidatuko gaituen kapituluak. Bakoitza toki oso desberdin batean dago kokatuta, eta diorama bezala, ikusteko erakargarriak diren espazio txikiak aurkeztuko dizkigu: udako oporretako etxea, neguan eskiatzera joatean bisitatzen zuten mendi elurtsua eta akuariumean oinarritutakoa, esaterako.

Eginbeharrak nahiko sinpleak dira, leku bakoitzean animalia kopuru bat dago ezkutatuta eta guk aurkitu beharko ditugu. Hauetako batzuk, objektu baten atzean egongo dira, baina beste batzuek interakzio bereziren bat eskatuko dute.

Sarritan inguruan aurki dezakegun objekturen batek hasieran espero ez zen erabileraren bat izango du, eta horren laguntzaz animaliaren bat aurkitzea lortuko dugu. Honetan datza jokoaren puzzle izaera txikia, orokorrean ez da zaila izaten, baina kasuren batean denbora tarte luzeagoa beharko dugu hauetako baten bat nola askatu ulertzeko.

Badago hautazkoa den beste betebehar bat ere: kokapen bakoitzean zenbait txanpon daude ostenduta, hauek aurkitzeko daukagun laguntza bakarra beraien dizdira izango da. Toki eta objektu jakin batek astiro mugitzen diren izar txikiz egindako argia duela ikusten badugu, hura ikutu eta seguraski txanpon bat ageriko da, geure itsulapikora sartzeko.

Menu nagusian aurrera egin eta gero, geure pertsonaiaren aiton-amonen etxeko txikitako logela izango da kapitulu ezberdinetara joateko abiapuntua. Bertan, orotara zenbat animalia eta txanpon aurkitu ditugun ikusi ahal izango dugu. Horrez gain, askatu ditugun kapituluen artean hautatzeko aukera ere izango dugu, hauetako bakoitza argazki txiki baten bidez dago adierazita logelan.

 

Jokagarritasun alaia, lasaia eta goxoa

Kontrolei dagokienez, sinpletasuna da nagusi. Dioramak bi modu ezberdinetan bira ditzakegu: eskuetako gailuen bidez irudiaren atal bati heldu eta arrastaka da eskaintzen zaigun bide nagusia, baina horrez gain aginte bateko joystick-a ere erabil daiteke errotazioa gauzatzeko. Altuera kontrolatzeko, ordea, beste aginteko joysticka bakarrik erabil daiteke, arrastaka egiteko aukera desagertaraziz.

Dena dela, joko lasaia da, tonu alai eta jostagarriduna, beraz ez da presaka ibiltzekoa eta honek ez dauka eragin negatiboegia. Txanponak hartzeko, ukitzea besterik ez dugu izango eta berdina animalien kasuan. Hala ere, esan bezala batzuetan zenbait objekturekin egin beharko da interakzioa eta kasu askotan zerbait oratu beharko dugu geure esku bat erabiliz.

Estetika samurra eta adiskidekoia duen artelana dugu, eta soinu aldetik antzeko bidetik doa. Aplikatuko dituen musikak tonu lasaiak eta alaiak tartekatuko ditu, hauek bozkarioz betetako animalia kuttunen zaratekin lotuko dira, guztiak poztuko baitira aurkitzen ditugunean.

Honi narratzailetzat daukagun aitonaren hitzaldi laburrak gehitzen zaizkio, aspaldi partekatutako momentuen nostalgia eta maitasun beroa lotzen dituztenak.

Bere izaeragatik etxeko txikiekin ere jolastu daitekeen bideojokoa da. Heldu batek errealitate birtualeko gailua maneiatzen duen bitartean besteek pantailan ikus dezakete. Zuzenean jokatzen ari ez direnek iradokizunak egin ditzakete, pertsona bat baino gehiago izanda errazagoa baita puzzle txikien erantzuna aurkitzea.

Jokoak oso kritika onak jaso izan ditu eta luzera laburreko denborapasa entretenigarria izan daiteke ordu eta erdiko iraupena daukala kontuan hartuta. Gainera senideak maitatu eta zaintzea bilatzen duen mezua darama bere barnean.