House of Ashes izango da Bandai Namcoren beldurrezko sagaren hurrengo abentura. 2021ean kaleratuko dute PCrako eta kontsoletarako.

Man of Medan eta Little Hope abenturak kaleratu ondoren The Dark Pictures antologiaren hirugarren atala ezagutzera eman zuten Supermassive Gameseko garatzaileek pasa den urtean. Orain, House of Ashesen lehen jostagarritasun bideoa erakutsi dute zer nolako itxura duen ikusteko aukera emanez.

Aldaketa handirik gabe dator hirugarren jokoa: zinematika luzeak eta beldurrezko girotzea izango dira berriz protagonistak House of Ashes honetan. Oraingoan baina, Irakera joango dira jokalariak.

AEBetako tropa militarren komando baten kideen kontrola hartuta antzinako tenplu sumertar batean bukatuko dute. Taldeak bertatik ihes egin beharko du eta nola ez, era guztietako izaki beldurgarriak egongo dira hori ekiditeko asmoarekin. Hori horrela, hainbat pertsonaiaren artean aldatuz joango da gidoia, Quick Time Eventsekin betetako tentsio handiko une zirraragarriak aurkeztuta.

The Dark Pictures: House of Ashes PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako kaleratuko dute Bandai Namcoko arduradunek. Argitaratze data zehatza eman gabe, aurten merkaturatuko dutela diote.