Dioramekin osatutako gudu zelaietan ariko gara borrokan. PC-ra eta PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletara helduko da.

The DioField Chronicle interesgarria orain gutxi ezagutu genuen, baina dagoeneko argitaratze data jaso du: Square Enixekoek jakitera eman dutenez, irailaren 22tik aurrera jokatu ahalko dugu RPG taktiko honetara.

Gerra, drama politikoak eta erabakiak bilduko ditu bideojokoak. Fire Emblem edo Final Fantasy Tactics bezalako jokoak gogora ekartzen ditu, baina ukitu propioarekin: denbora errealeko borroketan parte hartuko dugu hemen. Mertzenario talde baten kontrola hartuta hauek garaipenerantz gidatu beharko ditugu era guztietako kokalekuetan.

Toki hauek ere nabarmentzekoak izango dira: atal tekniko bereziarekin, diorama itxura edukiko dute kokalekuek. Gaztelu, herrixka, baso zein mendi ederrak bisitatuko ditugu abenturan. Erdi Aroko girotzearekin, fantasiarentzako txokoa ere izango du DioField Chroniclek: dragoiak eta bestelako piztiak inbokatuko ditugu dueluetan.

Ez da datozen hilabeetako Square Enixen jokorik esanguratsuena izango, baina estetika bereziarekin eta jokagarritasun desberdinarekin, RPG zaleen arreta erakartzea lortuko du ziurrenik. Zalantzak badituzu, garatzaileek ia bi orduko zuzenekoa egin zuten jokoaren mekanikak azaltzeko —Japonieraz, hori bai—.

Esan bezala, The DioField Chronicle irailaren 22an iritsiko da: PCan, PlayStationen, Xboxen eta Switchean jokatu ahalko dugu.